Gernikako gaztetxeko (Bizkaia) kide bat 'Gernika' margolanean zintzilikatu da gaur goizean, helburu argi batekin: gaztetxearen desalojoa salatzea, eta Gernikako Udalari «alternatiba eraginkor bat» exijitzea. Izan ere, Gernikako Egurre gazte asanbladak jakinarazi duenez, udalak liburutegi bat eraiki asmo du egun gaztetxea dagoen eraikinean, eta obra egingo duen enpresa astelehenean da hara joatekoa. Salatu dute ordurako gaztetxea husteko agindu diela udalak.
Oraingoa ez da Gernikako gaztetxeko kideek egoeraren berri eman duten aurreneko aldia; hots, pasa den larunbatean, hilaren 15ean, manifestazio bat egin zuten herrian. Orduko hartan kritikatu zutenez, obra prozesua «irregulartasunez beteta» dago; besteak beste, argudiatu zuten udalak ez duela publiko egin obra egingo duen enpresaren ez adjudikazioa, ez kontratua.
Gaztetxeko kideek babes zabala jaso dute asteotan, eta azaldu dute «horren harira» udalak «alternatiba bat» eskaini diela irailaren erdialderako, baina «bermerik gabekoa». «Udalak oraindik ez du espazio berri hori erosi, eta ez dugu aukerarik izan ikusteko bertan gaztetxearen proiektua aurrera eramateko beharrezko baldintzak ote dauden», gaineratu dute. Hala, proposamen bat egin dute: «Abuztuaren 24an hasi behar diren liburutegiko obrak atzeratzea udalak alternatiba izango den eraikina erosi arte».
Astelehenera begira daude gaztetxeko kideak, hortaz. Halere, irmo adierazi dute ez direla eraikinetik joango: «Ez dugu ate bat zarratuko beste bat ireki arte».