Euskal kostaldea gero eta zaurgarriagoa da klima aldaketaren aurrean, eta egungo kudeaketa eredua ez da nahikoa egoerari aurre egiteko. Ondorio hori atera du Greenpeace erakundeak Suntsiketa kostarik kosta 2026 txostenean. Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertza aztertu du erakunde ekologistak, eta ondorioztatu du itsasoaren mailaren igoerak, neguko denborale gero eta bortitzagoek eta giza presioak «arrisku handian» jarri dituztela hondartzak, itsaslabarrak eta estuarioak.
Txostenean hamabost puntu kritiko identifikatu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean. Horien artean daude Mundaka, Laga, Barbadun estuarioa eta Basordas kala Bizkaian, eta Itzurun, Zarautz eta Ondarreta Gipuzkoan. Greenpeacek salatu du kostaldearen artifizializazioak eta hirigintza presioak ekosistemen erresilientzia ahuldu dutela. Izan ere, Euskal Herriko biztanleen %32 lurraldearen %18an baino ez dira bizi, eta horrek lurzoruaren okupazioa eta erabilera gatazkak areagotu ditu.
Txostenaren arabera, euskal kostaldeak berez baditu zaurgarri egiten duten ezaugarri batzuk: itsaslabar malkartsuak, balio ekologiko handiko estuarioak eta energia handiko itsas dinamika. Horrekin batera, gizakiaren presio handia ere aipatu du. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %32 lurraldearen %18an baino ez dira biltzen, eta horrek lurzoruaren artifizializazioa eta kostaldeko ekosistemen gaineko presioa areagotzen ditu.
Greenpeacek ohartarazi du surfaren nazioarteko ospeak etxebizitza turistikoak ugaritu dituela Mundakan (Bizkaia), eta horrek tokiko alokairu merkatuan eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren inguruko oreka ekologikoan ondorioak izan dituela
Erakundearen arabera, turismoaren hazkundeak ere eragin zuzena du egoeran. Mundaka (Bizkaia) jarri du adibide gisa: surfaren nazioarteko ospeak etxebizitza turistikoen ugaritzea ekarri du, eta horrek tokiko alokairu merkatuan eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren inguruko oreka ekologikoan ondorioak izan ditu. Antzeko egoera salatu du Lagako (Bizkaia) hondartzan ere. Han, gunea berriz naturalizatzeko proiektua atzeratu egin da aparkalekua mantentzeko erabakiaren ondorioz.
Denboraleen kalteak
Neguko ekaitzek kostaldeko azpiegituretan utzitako kalteek ere agerian utzi dute egungo babes ereduen ahulezia. Greenpeacek nabarmendu du administrazioek lau milioi euro inguru jarri dituztela azken hilabeteetan konponketetarako: besteak beste, Bizkaian Bakioko Estepona ibaian uholdeak arintzeko lanak egin dituzte; Gorlizko pasealekuan eta Sopelako Atxabiribilen ere esku hartu dute; eta Gipuzkoan, Zumaiako Itzurun hondartzan eta Donostiako Ondarreta hondartzan 2,5 milioi euroko obrak egin behar izan dituzte.
Txostenean arreta berezia jarri diote Zarauzko malekoiari. Greenpeacek uste du pasealekuak sedimentuen dinamika naturala eteten duela, eta, ondorioz, hondarraren galera bizkortu eta denboraleen eragina handitu. Hala ere, administrazioak malekoia handitzeko eta sendotzeko proiektua abiatu du, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Erakunde ekologistaren iritziz, baina, «hormigoizko irtenbideek arazoa larriagotu besterik ez dute egiten».
Biodibertsitatea, presiopean
Klima aldaketa itsas biodibertsitatean ere ondorio nabarmenak izaten ari dela jaso dute txostenean. Kantauri itsasoaren berotzearen ondorioz, legatzaren, bokartaren, berdelaren eta hegaluzearen ziklo biologikoak eta banaketa eremuak aldatzen ari direla ohartarazi du Greenpeacek, eta era berean, europar aingira egoera kritikoan dagoela gogorarazi; horregatik, ontzat jo du angularen arrantza profesionalerako lizentzia berriak etetea.
Horrez gain, akuikultura industrialeko hainbat proiektu kritikatu ditu. Lemoizko Basordasko kalan aurreikusitako mihi arrainaren haztegia bertan behera uzteko eskatu du, eutrofizazioa, kutsadura eta arrain basatien ustiapena areagotuko lituzkeela argudiatuta. Getarian (Gipuzkoa) atungorria gizentzeko kaiolen aurka ere agertu da, itsas hondoko habitatetan izan dezaketen eragina dela eta.
Bestalde, ontzat jo du Guggenheim Urdaibai museoaren egoitza bertan behera utzi izana, padura babestuetan izango zukeen inpaktuagatik.
Natura leheneratzea
Greenpeacek uste du kostaldearen egokitzapena ezin dela hormigoizko azpiegituretan oinarritu. Horren ordez, naturan oinarritutako konponbideak defendatu ditu: dunak eta padurak leheneratzea, hondartzen dinamika naturala lehengoratzea eta kostaldeko urbanizazioa mugatzea. Laidako hondartza jarri du adibide gisa: Europako programa baten bidez egindako lanei esker dunak leheneratzea lortu dute, eta horrek babes natural eraginkorragoa eskaintzen du ekaitzak jotzen duenean.
Kantauri itsasoaren berotzearen ondorioz, legatzaren, bokartaren, berdelaren eta hegaluzearen ziklo biologikoak eta banaketa eremuak aldatzen ari dira, erakunde ekologistaren arabera
Halaber, Zarautzen martxan dagoen KAIA Klima Aldaketaren Inpaktua lankidetza mahaia aipatu du, administrazioen, erakundeen eta eragile sozialen arteko lankidetzaren bidez klima aldaketara egokitzeko estrategiak garatzeko eredu delakoan.
Horiek horrela, Greenpeacek dio euskal kostaldearen etorkizuna ez dela «hormigoi gehiago jarrita» bermatuko, ezpada eremu naturalak leheneratuz eta hirigintza zientzia irizpideen arabera egokituz.