«Hegoaldeko tren saihesbidearen alde gaude, Bilboko Porturako, gure industriarako eta tren bidezko salgaien garraioa indartzeko beharrezko azpiegitura delako», adierazi dute Arabako eta Bizkaiko EAJko bederatzi alkatek eta ordezkarik. «Hala ere, horrek ez du esan nahi azpiegitura horrek sor ditzakeen zaratek, dardarek eta beste eragozpen batzuek gure herrietako bizilagunek jasan behar dituztenik», ohartarazi dute. Madrilen egin dute agerraldia jeltzaleek, Espainiako Kongresuan legez besteko proposamen bat aurkeztu baitu EAJk. Zehazki, Espainiako Garraio Ministerioari eskatu diote modua egin dezala abiadura handiko azpiegituren bitartez salgaiak garraiatzeko, udalerri horietatik tren gutxiago igarotzeko.
Erlazionatuta
EAJk legez besteko proposamen bat aurkeztu du ostegun honetan, Espainiako Kongresuan. Horren bitartez, hegoaldeko tren saihesbideak Arabako eta Bizkaiko udalerrietan izango duen eragina arintzeko jarduera plan bat eskatu dio Espainiako Gobernuari. Azpiegitura hori eraikuntza fasean dago, eta Bilboko Portua Europako eta penintsulako beste trenbide korridore batzuekin «hobeto lotzeko» balioko du, haren sustatzaileek diotenez.
Nerea Renteria diputatu jeltzaleak erregistratu du ekimena, Igotz Lopez senatariarekin eta Bizkaiko eta Arabako EAJko bederatzi alkate eta ordezkariekin batera, azpiegiturak beren herrietan sor ditzakeen «zaratak, dardarak eta beste eragozpen batzuk» gutxitzeko plana eskatzeko. Zehazki, jeltzaleek Garraio Ministerioari eskatu diote salgaien garraioa abiadura handiko azpiegituren bitartez bidera dezala, udalerri horietan karga astunaren garraioa arindu ahal izateko.
Legez besteko proposamenak azaltzen duen bezala, saihesbide berriak salgaien trafikoa murriztuko du Bilboko metropoli inguruneko eta Bilbo ezkerraldeko guneetako aldirietako lineetan. Hala ere, EAJk gogorarazi du Garraio Ministerioak azpiegiturari jarraipena emateko aurreikusitako aukeretako bat dela C3 lineak zeharkatzen dituen udalerriekin lotzea. Horiek horrela, Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Arrankudiaga-Zollo, Laudio, Aiara (Luiaondo auzoa), Amurrio eta Urduñako geltokietan «gaur egun ia halako hiru areagotuko da salgaien trenen pasabidea, gehienetan herri inguruneetatik gertu».
EAJren proposamena
«Trenak etxebizitzetatik, ikastetxeetatik, osasun zentroetatik eta espazio publikoetatik gertu igaroko dira, eta horrek kalte egingo dio bizilagunen bizi kalitateari», azpimarratu du Alberto Ruiz de Azua Arrigorriagako Udaleko EAJko ordezkariak. Esplikatu duenez, «ez da aukera ona zarata arintzeko neurriak aplikatzea edo udalerri bakoitzean tunel bat egitea; salgaien trafikoak mesetara bidean jarraitu behar du hirugarren hari baten bidez, abiadura handiko sarea erabiliz».
Harekin izan dira Jonatan Moreno (ABB), Urtzi Bergara (Arrankudiaga-Zollo), Txerra Molinuevo (Amurrio), Gentza Alamillo (Aiara), Ander Añibarro (Laudio), Iñaki Lauzurika (Iruña Oka), Ekaitz Mentxaka (Ugao-Miraballes), Iker Santocildes (Urduña) eta Jon Xarles Idirin (Zeberio).
Horien guztien ustez, arazoa «saihestu egin daiteke», eta «Espainiako Gobernuaren ardura da hori egitea». Horregatik, EAJren legez besteko proposamenak zera eskatzen du: «Euskal Y-aren eta mesetaren arteko salgaien garraiorako UIC zabalerako Korridore Atlantikoaren jarraipena bermatzea; euskal Y-a trafiko mistoko azpiegitura gisa lehenestea; eta Adifek, administrazio autonomikoekin eta kaltetutako udalekin batera, trenbideak arintzeko eta integratzeko neurrien plan bat egitea».
Azkenik, inplikatutako administrazioen mahai bat eratzeko eskatu du EAJk, obrak koordinatzeko eta horien jarraipena egiteko. Legez besteko proposamena mozio gisa aurkeztuko dute jeltzaleek, saihesbideak eragina izango duen udalerri bakoitzean.
TREN SAIHESBIDEAREN KONTRAKOko manifestazioa arrigorriagan
EH Bilduk agintzen du Arrigorriagako Udalean, eta, hainbat herritar bezala, agintariak ez datoz bat hegoaldeko tren saihesbidea egiteko proiektuarekin, «herria bitan zatituko duelako». Horrenbestez, manifestazioa egingo dute larunbatean, Madalen jaien barruan: 18:45ean abiatuko dira, udaletxeko plazatik.
Â