Trenbide saihesbidea kilometro bat luzatzeko eskatu dute arrigorriagarrek Eusko Legebiltzarrean

Proiektuak Arrigorriagan izango dituen ondorioen berri eman dute hiru herritarrek Mugikortasun Jasangarriaren Batzordean.

Azterketa informatiboak hegoaldeko tren saihesbidearen bigarren faserako proposatzen duen proiektuaren aurkako elkarretaratzea, martxoan, Arrigorriagan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Azterketa informatiboak hegoaldeko tren saihesbidearen bigarren faserako proposatzen duen proiektuaren aurkako elkarretaratzea, martxoan, Arrigorriagan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 23a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Tunela kilometro bat luzatzea; besterik ez dugu eskatzen». Hala laburbildu du Isabel Ramirezek zer eskatzen duten arrigorriagar askok hegoaldeko tren saihesbideari dagokionez. Ingeniari zibila da, baina herritar soil modura egin du berba gaur Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriaren Batzordean, Alejandro Gomez eta Unai Tamayo herrikideekin batera. Otsailean hegoaldeko tren saihesbidearen bigarren faseari dagokion azterketa informatiboa ezagutarazi zenetik, kezka dago herrian. Izan ere, teknikariek proposatutako alternatiba bietan trenbidea lurpetik aire zabalera irtengo litzateke Arrigorriagan, eta herria erdibituko luke, gaur egungo trenbideak bezala, baina oraingo albo kalteak «ugarituta».

«Proiektu hau salgaien trenak herriguneetatik ateratzeko sortu zen, besteak beste, eta Arrigorriaga izango da ibilbide osoan hori beteko ez den herri bakarra» salatu du Ramirezek. Hiru arrigorriagarrek argi utzi dute ez daudela azpiegituraren aurka. Are gehiago: «estrategikotzat» jo dute. Baina ez horrela. Hiruretako batek ere ez du auzitan ipini gura izan ETS Euskal Trenbide Sareko teknikarien «profesionaltasuna». Hala ere, Ramirezen esanetan, azterketa informatiboan «gauza harrigarriak» daude. Bigarren fase honetan, zortzi kilometroko tunel bat proposatu dute teknikariek, eta hark izango lukeen eragina aztertu dute, baina soilik tunelaren trazaduran. «Lonbo inguruan irtengo litzateke trena aire zabalera, baina hortik aurrera izango lituzkeen ondorioak ez dituzte kontuan hartu, nahiz eta herrigunetik jarraituko lukeen trenbideak», kexatu da Ramirez.

«Proiektu hau salgaien trenak herriguneetatik ateratzeko sortu zen, besteak beste, eta Arrigorriaga izango da ibilbide osoan hori beteko ez den herri bakarra»

ISABEL RAMIREZ Arrigorriagarra

Herritarrek, ostera, erreparatu diote zer ondorio eragingo dizkien. Gaur egun ere sufritzen dutela ohartarazi du Tamayok. Haien berbak laguntzeko erabili duten aurkezpenean, pare bat bideo ipini dituzte. Tamayoren etxetik grabatuta zegoen haietako bat, eta zarata itzela entzuten zen. Kontatu dutenez, sarri esnatzen du trenak goizaldean, eta egunotan egoera okerragoa da, beroagatik leihoak zabalik izaten dituztelako gauean. Bibrazioak, zarata… Ondo jabetzen dira Tamayorenean noiz pasatu den trena.

Gomez ingurumen teknikaria da Arrigorriaga ez den beste herri bateko udalean. Azaldu duenez, askotan ipintzen ditu isunak legeak gauerako baimentzen duen 30 dezibeleko muga gainditzen delako. «Tren hauek 75 eta 90 dezibel arteko zarata sortzen dute», ohartarazi du. «Legez kanpokoa da». Eta hori gaur egungo errealitatea da Arrigorriagan. Hegoaldeko trenbide saihesbidea martxan jartzean, handitu egingo zaie zarataren arazoa; izan ere, orain halako zortzi tren pasatuko dira egunero handik, eta orain baino luzeagoak izango dira, gainera. 750 metro luze diren 76 trenek zeharkatuko dute herrigunea, aurreikuspenen arabera. Kalkuluak egin dituzte, eta, tren guztiak batuta, egunero bost orduz ibiliko lirateke pasatzen. «Erokeria hutsa da», esan du Gomezek.

Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriaren Batzordea, gaur, Gasteizen. EUSKO LEGEBILTZARRA
Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriaren Batzordea, gaur, Gasteizen. EUSKO LEGEBILTZARRA

Ez dute soilik etxeetan igarriko. Trenbidetik 33 metrora dago haur eskola, hogei metrora osasun zentroa, eta hirurogei metrora eskola publikoa. Bestelako arriskuetatik ere gertu egongo dira, beraz. Izan ere, trenbide saihesbidea Bilboko portutik sartu-irtenean dabiltzan trenentzat izango da. Beraz, askotariko materialak garraiatuko dituzte; haietako batzuk arriskutsuak, Gomezek ohartarazi duenez: produktu kimikoak, erregaiak eta industria hondakinak. «Ez dugu nahi produktu arriskutsuak gure herritik aire zabaletik pasatzea». Gogoratu du berrehun lagunetik gora hil zirela 1978an Kataluniako Alcanar herrian, erregaia zeraman kamioi bat herrigunetik hiru kilometrora lehertuta.

tren kopuruak beste herri batzuk ere kezkatu ditu

Hegoaldeko tren saihesbidearen bigarren faseak Arrigorriagan egingo du bat Bilbo eta Casetas (Zaragoza, Espainia) arteko Renferen linearekin. Beraz, handik aurrera, ohiko trenbidetik jarraituko dute portuko salgaiak garraiatzen dituzten trenek. Nahiz eta azpiegitura berriak beren herrietan eragin zuzenik ez izan, Arrigorriagaren ondoren ere igarriko dute. Izan ere, saihesbideari esker tren kopurua zortzikoiztu egingo da, eta horrek kezka eragin du hainbat udaletan. Esaterako, Ugaoko eta Urduñako alkateek bilerak eskatu dizkiete Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorrerako Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Trenbide Sareari gaiaz berba egiteko.

Funtsean, trenen joan-etorriak «hirigintzan, gizartean eta pertsonengan ere inpaktua» izango duela salatu dute hiru arrigorriagarrek. Herriak erakargarri izateari utziko dion beldur dira, han bizitzeko eta hango negozioentzat. Tamayo Bilbon bizi zen, eta «ondo komunikatutako herri lasaiago» baten bila joan zen Arrigorriagarra. Dioenez, beldur da bueltako bidea egin beharko duen, tren saihesbidea eraikitzen badute. «Ez dugu aparteko traturik eskatzen; beste herri batzuetan egindakoa nahi dugu gurean ere», esan du. Izan ere, portutik datozen trenak, Arrigorriagatik baino lehen, Basauritik pasatzen dira. Han ere, aire zabaletik igarotzekoak ziren, baina azterketa informatiboa argitara atera zenean ailegatu zen sorpresa: Basauri lurpetik zeharkatuko du trenbideak.

«Ez dugu aparteko traturik eskatzen: beste herri batzuetan egindakoa nahi dugu gurean ere»

UNAI TAMAYO Arrigorriagarra

Arrigorriagan ere beste horrenbeste egin dezatela eskatzen du udalak alegazioetan proposatu duten alternatibetako batek. Beste bat ere egin du: trenbidea aire zabaletik joaten bada, joan dadila herrigunetik kanpo. Bi aukera horiek azter ditzatela gura dute legebiltzarrean izan diren herritarrek. Guztira, 2.600 alegazio aurkeztu dituzte arrigorriagarrek. «Eskatzen dugu azterketa informatiboa eta ingurumen inpaktuaren azterketa ez daitezela onartu alternatiba horiek aztertu gabe. Eskatzen dugu azpiegiturak herrian eragingo dituen kalteak zuzen kalkulatzeko. Eta eskatzen dugu Trenbide Sarearen Lurraldearen Plan Sektorialak Arrigorriaga lehentasunezko integrazio eremu izenda dezala, aurretik Basaurirekin eta Durangorekin egin den bezala», adierazi du Ramirezek.

Madril eta Gasteiz artean

EAJko eta PSE-EEko legebiltzar taldeak Madrilera begira ipini dira: herritarrei esan diete Espainiako Gobernuarena izango dela trenbidea eta hari dagokiola proiektua egitea. Herritarrek erantzun diete egonak direla Garraio eta Mugikortasun Iraunkorrerako Ministerioan, eta han esan dietela EAEn adostutakoa onartuko dutela. «Hemen erabaki behar dugu zer egin nahi dugun, eta, horretarako, ezinbestekoa da herritarroi entzutea», esan die Gomezek. Irune Zuluaga jeltzaleak esan die «oso-osoan» ulertzen dituela arrigorriagarren kezkak, eta adierazi du itxaropena duela teknikariek alegazioak aztertu eta «erabaki egokienak» hartuko dituztela.

Jorge Juez sozialista ez hain ulerbera izan, eta kontra ere egin die. Besteak beste, hainbatetan esan du Arrigorriagako Udalak ez duela orain arte kezkarik agertu. Ukatu egin dute hori, bai arrigorriagarrek, bai jeltzaleek, bai EH Bilduko Amancay Villalbak. Villalbak gaur egungo EH Bilduren udal gobernuak egindakoak azaldu ditu, eta Zuluagak gogoratu du 2008ko udal gobernu jeltzaleak ere alegazioak aurkeztu zizkiola proiektuari. Villalbak erabateko babesa eskaini die hiru herritarrei, eta haien proposamenak kontuan hartzeko eskatu die beste bi alderdiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA