Itaiak salatu du mutil talde batek Arrigorriaga inguruko nesken «irudi sexualizatuak» zabaltzen zituela

Hego Uribeko Itaiaren arabera, mutilez osatutako kanal batean eskualdeko neska gazteen argazkiak zabaltzen zituzten, iruzkin sexualizatzaile eta misoginoekin batera. «Erasotzaileen eta indarkeria matxistaren aurka kalera irteteko» deia egin du.

Itaiaren mobilizazio bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Itaiaren mobilizazio bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
2026ko uztailaren 24a
11:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Uribeko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak jakinarazi du mutil talde batek Arrigorriaga (Bizkaia) eta inguruko nesken «irudi sexualizatuak» zabaltzen zituela, iruzkin misoginoak tartean, Telegrameko talde baten bidez. Antolakundearen esanetan, «emakumeen irudi sexualizatu eta deshumanizatuak» funtzio argia du gizarte kapitalistan: matxismoaren eroale gisa jarduten du, ondoren emakumeen kontrako erasoak justifikatzeko eta normalizatzeko. 

Duela bi aste izan zuen antolakundeak erasoaren berri, Arrigorriagako neska batek haiengana jo ostean. Haren arabera, Telegrameko talde batean Arrigorriaga eta inguruko herrietako nesken argazkiak zabaltzen zituzten, eta emakumeei buruzko «iruzkin sexualizatzaileak eta misoginoak» egin.

Antolakundearen aburuz, gertatutakoak agerian uzten ditu «matxismoaren erraiak». Azaldu dutenez, kapitalismoak ezartzen du emakumeen irudi sexualizatu eta deshumanizatua, eta irudi hori baliatzen dute indarkeria matxista hedatzeko eta normalizatzeko. Normalizazio horrek modua ematen du emakumeei «inpunitate osoz» eraso egiteko.

Era berean, Itaiak ohartarazi du matxismoa gogortu egin dela azken urteetan. Antolakundearen esanetan, sare sozialek eta influencer matxista eta erreakzionarioek emakumeen irudi sexualizatua indartu dute, eta horrek eragin berezia du gazteen artean. Emakumeen «deshumanizazioak» bide ematen dio indarkeria matxistari, emakumeen kontrako mezu eta jokabideak normalizatzen baititu.

Gogorarazi dutenenez, «ez da lehen aldia gizon mordo batez osaturiko taldeek emakumeak sexualizatzen eta umiliatzen dituztena, eta haiei eraso egiten dietena». Besteak beste, emakumeei eraso egiteko aholkularitza taldeak eta mezu matxistak zabaltzen dituzten taldeak aipatu dituzte. Horri aurka egiteko, matxismoaren kontra «posizionatzeko» beharra azpimarratu dute, kontrakoa egiteak jokabide horiek normalizatzen eta «erasotzaileen inpunitatea» areagotzen laguntzen duelakoan.

Hego Uribeko Itaiak indarkeria matxistaren kontra erasotzaileen aurka posizionatzeko eta mobilizatzeko deia egin du. Antolakundearen esanetan, «indarkeria matxistaren kontra kaleak hartzeko garaia da».

Arrigorriagako Udalaren adierazpenak

Arrigorriagako Udalak ohartarazi du sare sozialetan eta espazio digitalean emakumeen aurka egiten diren erasoak ere «indarkeria matxistaren adierazpenak» direla, eta gaitzetsi du «indarkeria matxistaren edozein adierazpen, hartzen duen forma edozein dela ere». Udalaren esanetan, baimenik gabe irudiak zabaltzea, irain eta mehatxu matxistak, ziberjazarpena edo emakumeak gutxiestera bideratutako bestelako jokabideak indarkeria matxistaren parte dira.

Era berean, jakinarazi dute, Telegrameko taldearen berri izan bezain laster, aktibatu dutela udal protokoloa. Baliabide instituzionalak martxan daudela gogorarazi dute; eta erasoren bat jasan duten emakumeei eta haien ingurukoei dei egin diete udalera jo dezaten, informazioa eta arreta espezializatua jasotzeko. Azkenik, erasotuekiko elkartasuna adierazi du udalak, eta azpimarratu indarkeria matxistaren aurrean, erantzun kolektiboa dela «tresnarik eraginkorrena».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA