Hego Uribeko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak jakinarazi du mutil talde batek Arrigorriaga (Bizkaia) eta inguruko nesken «irudi sexualizatuak» zabaltzen zituela, iruzkin misoginoak tartean, Telegrameko talde baten bidez. Antolakundearen esanetan, «emakumeen irudi sexualizatu eta deshumanizatuak» funtzio argia du gizarte kapitalistan: matxismoaren eroale gisa jarduten du, ondoren emakumeen kontrako erasoak justifikatzeko eta normalizatzeko.
Duela bi aste izan zuen antolakundeak erasoaren berri, Arrigorriagako neska batek haiengana jo ostean. Haren arabera, Telegrameko talde batean Arrigorriaga eta inguruko herrietako nesken argazkiak zabaltzen zituzten, eta emakumeei buruzko «iruzkin sexualizatzaileak eta misoginoak» egin.
Antolakundearen aburuz, gertatutakoak agerian uzten ditu «matxismoaren erraiak». Azaldu dutenez, kapitalismoak ezartzen du emakumeen irudi sexualizatu eta deshumanizatua, eta irudi hori baliatzen dute indarkeria matxista hedatzeko eta normalizatzeko. Normalizazio horrek modua ematen du emakumeei «inpunitate osoz» eraso egiteko.
Era berean, Itaiak ohartarazi du matxismoa gogortu egin dela azken urteetan. Antolakundearen esanetan, sare sozialek eta influencer matxista eta erreakzionarioek emakumeen irudi sexualizatua indartu dute, eta horrek eragin berezia du gazteen artean. Emakumeen «deshumanizazioak» bide ematen dio indarkeria matxistari, emakumeen kontrako mezu eta jokabideak normalizatzen baititu.
Gogorarazi dutenenez, «ez da lehen aldia gizon mordo batez osaturiko taldeek emakumeak sexualizatzen eta umiliatzen dituztena, eta haiei eraso egiten dietena». Besteak beste, emakumeei eraso egiteko aholkularitza taldeak eta mezu matxistak zabaltzen dituzten taldeak aipatu dituzte. Horri aurka egiteko, matxismoaren kontra «posizionatzeko» beharra azpimarratu dute, kontrakoa egiteak jokabide horiek normalizatzen eta «erasotzaileen inpunitatea» areagotzen laguntzen duelakoan.
Hego Uribeko Itaiak indarkeria matxistaren kontra erasotzaileen aurka posizionatzeko eta mobilizatzeko deia egin du. Antolakundearen esanetan, «indarkeria matxistaren kontra kaleak hartzeko garaia da».

