Lander Martinez izango da Fronte Zabalaren zerrendaburua Bizkaian. Espainiako ezker konfederalak lurralde hartan lortu zuen 2023an Hego Euskal Herrian eskuratutako eserleku bakarra; hain zuzen, Martinezek bete zuen. Gipuzkoan Rosa Rubio izango da hautagaia; Araban, Jose Damian Garcia; eta Nafarroan, Javier Ibañez.
Martinez ingeniari informatikoa da ikasketaz, baina ibilbide luzea darama politika instituzionalean. EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izan zen, eta baina dimisioa aurkeztu zuen 2020ko bozetan Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaia aukeratzeko barne prozesuaren ostean. Berak Rosa Martinezen alde egin zuen —egun, Espainiako Eskubide Sozialen estatu idazkari eta Movimiento Sumarreko burua da—, baina alderdiaren estatuko zuzendaritzak Miren Gorrotxategi lehenetsi zuen, eta haren alde egin zuen militantziak.
Gerora, Sumar Mugimendura batu zen Martinez, eta zenbait kargu izan ditu alderdiaren EAEko eta Espainiako organigrametan. Egun, EAEko Sumar Mugimenduko Komunikazio idazkaria da, eta Movimiento Sumarreko zuzendaritzako kidea.
Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako zerrendaburuak, berriz, Ezker Anitzeko eta Ezker Batuko kideak dira. Rosa Rubio idazle irundarra da Gipuzkoako hautagaia; Araban, Jose Damian Garcia Arabako Batzar Nagusietako batzarkidea; eta Nafarroan, Atarrabiako zinegotzi Javier Ibañez. Azken lurralde horretan, koalizioko indarren arteko eztabaida ere piztu da, zerrendan Sumarreko ordezkaririk ez ezartzeagatik.
Fronte Zabalak PSOErekin egindako akordioa dela medio, bi indar horiek hautagaitza partekatuak aurkeztuko dituzte Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan; Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Fronte Zabaleko hautagai bana egongo da zerrendan; Araban, berriz, Alderdi Sozialistakoak izango dira guztiak.
Ahal Dugu, bere kabuz
Fronte Zabala Sumar Mugimenduak, Ezker Anitzak —Ezker Batua Nafarroan—, Equok eta Batzarrek osatzen dute Hego Euskal Herrian. Ahal Dugu ez da koaliziora batu. Hark hautagaitza propioak aurkeztuko ditu lau lurraldeetan. Alderdiak jakinarazi duenez, Garbiñe Ruiz Gasteizko Udaleko zinegotzia izango da Arabako zerrendaburua, Jose Manuel de Pablos Podemoseko Kontseilu Herritarreko kidea Bizkaikoa, Maite Gartzia Errenteriako zinegotzi eta alderdiaren EAEko zuzendaritzako kidea Gipuzkoakoa, eta Virginia Alonso Nafarroako Antolakuntza idazkaria azken lurralde hartakoa.