Leioako asto probetako abereek jasaten duten sufrimendua gaitzetsi dute 600 albaitarik

Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformaren ekimenez, Leioako Udalbatzak asto proben aurkako herri ekinaldia bozkatuko du etzi, uztailaren 23ko osoko bilkuran.

Leioako asto probak, artxiboko irudi batean. BERRIA
Leioako asto probak, artxiboko irudi batean. BERRIA
14789412 kepa
2026ko uztailaren 21a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leioako San Bartolome auzoko asto probetako 54 bideo aztertu ondoren, Teresa Gamonal albaitari eta etologoak ondorioztatu zuen munduan ez dagoela abereei hainbesteko esfortzua eta hain denbora luzean eskatzen dien beste probarik. Bada, Gamonalek 2025eko irailean argitaratutako txosten hori bere egin du Avatma elkarteak. 600 albaitarik baino gehiagok osatzen dute, eta haien esanak «garrantzi berezia» duela uste du Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformak, Leioako Udalbatzak asto proben aurkako herri ekinaldia bozkatuko baitu etzi, uztailaren 23ko osoko bilkuran.

Gamonalek ondorioztatu zuenez, animaliek asto probetan sufritzen dituzten «zigor fisikoa eta neurrigabeko ahalegina ez dira bateragarriak haien ongizatearekin»; eta adierazpen horrekin bat dator Avatma. Albaitarien elkarteak txosten horren alde egin izanak «garrantzi berezia» du Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformarentzat; izan ere, zera eskatu diote Leioako Udalbatzari: San Bartolome auzoko jaietan egiten diren asto probak kentzea, eta animaliei sufrimendurik eragiten ez dien beste jarduera bat jartzea haien ordez.

Proposamen hori ostegun honetako osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dute udal talde politikoek, Kultur Leioako eraikinean. Hain zuzen, horrekin lotuta, zientzia, kultura eta gizarte mailako 180 lagunek sinatutako manifestu bat aurkeztu zuen plataformak, uztailaren 14an. Leioak 500 urte beteko dituen honetan, datozen 500 urteetarako bestelako tradizio bat sortu gura dute: «animaliekiko errespetua» sustatzen duen hiria izatea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA