Leioako San Bartolome auzoko asto probetako 54 bideo aztertu ondoren, Teresa Gamonal albaitari eta etologoak ondorioztatu zuen munduan ez dagoela abereei hainbesteko esfortzua eta hain denbora luzean eskatzen dien beste probarik. Bada, Gamonalek 2025eko irailean argitaratutako txosten hori bere egin du Avatma elkarteak. 600 albaitarik baino gehiagok osatzen dute, eta haien esanak «garrantzi berezia» duela uste du Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformak, Leioako Udalbatzak asto proben aurkako herri ekinaldia bozkatuko baitu etzi, uztailaren 23ko osoko bilkuran.
Gamonalek ondorioztatu zuenez, animaliek asto probetan sufritzen dituzten «zigor fisikoa eta neurrigabeko ahalegina ez dira bateragarriak haien ongizatearekin»; eta adierazpen horrekin bat dator Avatma. Albaitarien elkarteak txosten horren alde egin izanak «garrantzi berezia» du Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformarentzat; izan ere, zera eskatu diote Leioako Udalbatzari: San Bartolome auzoko jaietan egiten diren asto probak kentzea, eta animaliei sufrimendurik eragiten ez dien beste jarduera bat jartzea haien ordez.
Proposamen hori ostegun honetako osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dute udal talde politikoek, Kultur Leioako eraikinean. Hain zuzen, horrekin lotuta, zientzia, kultura eta gizarte mailako 180 lagunek sinatutako manifestu bat aurkeztu zuen plataformak, uztailaren 14an. Leioak 500 urte beteko dituen honetan, datozen 500 urteetarako bestelako tradizio bat sortu gura dute: «animaliekiko errespetua» sustatzen duen hiria izatea.