Leioako udalbatzak atzera bota du asto probak debekatzeko herri ekinaldia, gaurko osoko bilkuran. Zientziako, kulturako eta gizarteko 180 lagunen, 600 albaitari baino gehiagoren eta 3.000 leioaztarren babesa izan arren, ez da aurrera atera asto probak Leioako San Bartolome jaietatik kentzea eskatzeko herri ekinaldia. PSE-EEko eta Ahal Dugu-ko bost zinegotziek baino ez dute horren alde bozkatu gaurko udal batzarrean. EAJko, EH Bilduko eta PPko 16 ordezkariek —azken alderdi horretako zinegotzietako bat ez zegoen—, ordea, aurka bozkatu dute.
Hain zuzen, azken horiek erabilitako argudioak «tamalgarritzat» jo ditu Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformako Ruben Belandiak: «Jai batzordeei diru laguntzak kendu nahi izatea aurpegiratu digute», gaitzetsi du. Baina hau da abereen aldekoek egindako eskaera: «Udalak baldintza moduan jartzea animaliei sufrimendua eragiten dien jarduerarik egin ezin izatea, eta halakoak beste batzuekin ordezkatzea», zehaztu du plataformako kideak. «Ez dute ulertu nahi izan», deitoratu du.
Are, zera gehitu du Belandiak: «Tradizioa ezin da erabili edozein gauza zuritzeko; ezin da animalien sufrimendua erabili gutxi batzuen gozamenerako». Herri ekinaldiaren eztabaidan hitza hartzen utzi ez izana ere kritikatu du.
Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformak, ordea, ohartarazi du herri kirol horren kontrako mobilizazioak egiten jarraituko duela: urtero bezala, San Bartolome auzoko jaietan egingo dute elkarretaratzea abuztuko hirugarren astean, udalerriko txoko horretan egiten baitira asto probak. Horiek kentzeko, 3.000 herritar baino gehiagoren babesa lortu du gaur bozkatutako herri ekinaldiak. Leioatik kanpo ere protestak iragarri dituzte animaliei tratu txarrak ematearen kontrakoek, «abereen sufrimendua ezin baita festen parte izan». Abuztuaren 14an Getxon batuko dira, egun horretan izango baita Algortako Portu Zaharreko jaietako sokamuturra.