Literatura

Lirikari izkin egiten zion poesia bat: 'Bitartean heldu eskutik' liburua oholtzaratuko dute Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek Bilbon

Mende laurdena beteko du aurten liburuak, eta bertako testuekin osatutako irakurraldi musikatua eskainiko du bikoteak Bilboko Arriaga antzokian, abenduaren 2an.

Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribe, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, 'Bitartean heldu eskutik' liburuarekin. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribe, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, 'Bitartean heldu eskutik' liburuarekin. GORKA RUBIO / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko urriaren 1a
16:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Baina hori zein zen?». Kirmen Uribe idazleak eta Mikel Urdangarin musikariak 1998 inguruan ezagutu zuten elkar Gasteizen, hiriko kultur bizitza «eferbeszentea» zenean. «Han zeuden Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Hertzainak-ekoak, Bingen Mendizabal, Jon Maia, Igor Elortza, Anari...», errepasatu du Uribek. Gogoratu dutenez, lagun baten etxean egin zuten bat lehenengoz, eta, Urdangarinek zalantza egin ostean —«Kontatuko dut edo ez?»—, zehaztu dute Athleticen partida bat ikusten izan zela; berehala konektatu, elkarlanean hasi, eta, hala joan zen mamituz gaur egunera arte luzatu den haien arteko konplizitate artistikoa. Bar Puerto ikuskizuna izan zen elkarrekin taularatu zuten lehen emanaldia, eta hamaika kanta, zuzeneko eta proiektu batu zaizkie zerrendara geroztik. Hainbeste, ezen, ohartzerako, nebulosa moduko bat osatu baitute elkarrekin sortutako kanten aipamen eta erreferentziek, eta, horregatik, haren galderari erantzuteko, lagunarengana telefonoarekin joan behar izan du Urdangarinek, Musua izeneko poemarekin Dana diskorako sortu zuen abestia jartzera. «A bai, bai, egia! Oso polita zen hori ere!». Bilboko Arriaga antzokian abenduaren 2an Bitartean heldu eskutik liburuaren irakurketa musikatua eskainiko dutelako elkartu dira berriz, eta, onartu dutenez, errepertorioari buruzko azken ukituak adosten dabiltza oraindik.

Izan ere, mende laurdena bete du liburuak aurten.

«Benetakotasunak badu berezko edertasun bat, eta uste dut sekula ez duela hori galdu. Eta horixe dago liburu honetan, benetakotasun eder bat, minari uko egiten ez diona»

MIKEL URDANGARIN Musikaria

«2001eko Durangoko Azokan argitaratu zen», gogoratu du Uribek, «eta polita izan zen harrera: han bertan saldu zen lehenengo edizio osoa». Ordurako, Urdangarinek jadanik Bar Puerto ikuskizunerako musikatuak zituen bertan datozen poemetako batzuk, baina bere diskoetarako ere behin baino gehiagotan itzuli da hango testuetara. «Lengoaia eskuragarri eta zuzena beti eskertu dut. Kirmenen poesia beti egin zait oso hurbilekoa, oso gardena, eta benetakoa ere bai. Benetakotasunak badu berezko edertasun bat, eta uste dut sekula ez duela galdu hori. Eta horixe dago liburu honetan, benetakotasun eder bat, minari uko egiten ez diona».

Susa argitaletxeak atera zuen liburua euskaraz lehenik, eta bata bestearen ostean etorri ziren gero gaztelerazko, katalanezko, frantsesezko bai eta ingelesezko itzulpenak ere. Gehiago ere heldu dira gero, baina mugarria izan zen Elizabeth Macklinek egindako ingelesezko itzulpen hura. «AEBetan argitaratu zen lehen euskarazko poesia liburua izan zen», zehaztu du idazleak.

«Ondo gogoan dut gardentasuna nahi nuela poemetan; ez da poesia hanpatu bat, bere buruaz maiteminduta dagoen poeta batena; oso-oso biluzia da, kontatu egiten du: narratiboa da lirikoa baino gehiago»

KIRMEN URIBE Idazlea

Liburu hartan bere buruari poesia «urbanoa» eta «gardena» egiteko erronka ezarri ziola ere aipatu du Uribek, eta liburua lantzen ari zela idazmahaiaren aurrean itsatsia zuen post-it bat ere gogoratu du horren frogatzat: «Poema bat = metafora bat». «Ondo gogoan dut gardentasuna nahi nuela poemetan; ez da poesia hanpatu bat, bere buruaz maiteminduta dagoen poeta batena; oso-oso biluzia da, kontatu egiten du: narratiboa da lirikoa baino gehiago».

Uribek gogoratu duenez, Jon Kortazar EHUko literatur katedradunaren hitzetan «iraultza lasaia» eragin zuen liburu hark euskal letretan, eta idazleak berak azaldu du horren zergatia. «Ez da poesia liriko bat, non poetak kontatzen duen nola sentitzen duen. Libururako idatzitako hitzaurrean Rikardo Arregik esaten duen bezala, jendearekin osatutako poema liburu bat da, eta horrek egiten du gaurko, nire ustez. Erretratu oso kolektiboa da. Agertzen dira arrantzaleak, portuan lan egiten duten emakumeak, gerraren memoria, trans bat, abortua izan duen neska bat, gaixorik dagoen aitona bat, eta migrariak ere badaude, pila bat. Jende askoren ahotsak agertzen dira».

Sumendien pare

Liburu horretan ez ezik, gerora ere hamaika proiektutan egin dute bat Urdangarinek eta Uribek. Gogoratu dutenez, Jainko txiki eta jostalari hura emanaldi eta diskoa izan zen azken elkarlana, 2015ean, baina bestela ere bere bakarkako ibilbiderako hamaika abestiren hitzak idatzi dizkio Uribek Urdangarini. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ostean idatzitako Ezin esan aipatu dute, adibidez, bai eta Aitzol Aramaio zinemagileari eskainitako Kideari ere.

Kirmen Uriberen hitzekin Mikel Urdangarinek osatutako 'Kideari' abestia.

«Askotan gertatu zait letra irakurtzearekin bakarrik sekulako kolpea hartzea, eta jasoaz batera musika ikustea eta sentitzea». Eta, hain zuzen ere, Urdangarinek gogoratu duenez, horixe gertatu zitzaion Kideari kanta izango zenaren letrak jasotakoan. «Oheratzera nindoala jaso nuen whatsappa, 12:30ean edo 01:00ean, bidalitakoari kasu egiteko esanez, eta gogoratzen dut hunkitu egin nintzela, eta lokartu nintzen hitzekin eta musikarekin, eta sentitzen nuen jaiotzen ari zela kanta. Hurrengo egunean esnatu, gitarra hartu, eta konposatu nuen arte ez nintzen gelditu. Hor irudikatu daiteke nik berarekin [Uriberekin] dudan harreman hori, eta ez beti, baina kasu batzuetan sumendi baten pare sortu direla kantuak»

Poesia izango da abenduko emanaldiaren ardatza. Liburuko poemak irakurriko ditu bertan Uribek, batzuetan musikarekin eta beste batzuetan laguntzarik gabe, eta liburuko poema horiek oinarri dituzten abesti batzuk eskainiko ditu Urdangarinek. «Oso soila izango da», iragarri du musikariak, «baina baita nahikoa ere».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA