«Ikasle langileok, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka, gure ikas eta bizi baldintzen defentsan lehen lerroa hartzen jarraitu behar dugu». Eta hala izan da. Vito Quiles asaldatzailearen bisita dela eta, milaka gaztek bat egin dute Ikasle Antolakunde Sozialistak Quiles Bilbon egitekoa zen ekitaldiaren kontra deitu duen deialdiarekin. Hori dela eta, «Quiles faxista kanpora» oihuak entzun dira Bizkaiko hiriburuan.
Ikusi gehiago
Urrian iragarri zuen Quilesek bere bira, eta geltokien artean ziren Iruñea eta Bilbo. Hain zuzen, Iruñean ekin zion, eta han izan ziren lehen istiluak. Quilesek ezin izan zuen bere ekitaldia pentsatu bezala aurrera eraman. «Ez zituen bost minutu ere iraun, eta ziztu bizian bere eskolta pribatu neonazi batek lagunduta alde egin zuen, beldurtuta», gogoratu dute IASeko kideek. Baina Katalunian ere antzera jaso zuten: «Bartzelonan, Sabadelleko Ikea bateko aparkalekuan erridikulua egiten bukatu zuen; ezin izan zen unibertsitatera sartu, hortik ere bota baitzuten ehunka antifaxistak».
Bilbon ere nabarmena izan da haren kontrako mobilizazioa. Eguerdian, manifestazioa hasi baino hamar minutu lehenago, Plaza Eliptikoa beteta zegoen jada. Hainbat ikastetxetako ikasleak bertan batu dira, eta bertatik Deustuko zubiraino joan dira. Jendetsua izan da mobilizazioa, eta kalean zirenen begiradak erakarri dituzte. Kale Nagusitik igaro direnean, bertan ziren askok telefono mugikorrak atera dituzte gazteen manifestazioa grabatzeko, eta batek baino gehiagok pankartan jartzen zuen esaldia itzultzeko ere eskatu dute: «Zer jartzen du? Ez dakit euskaraz». Faxismoaren eta probokatzaileen aurka, ikasle langileok lehen lerroan esaldia zuten idatzita.
IASeko kideek babesa eta elkartasuna adierazi diete Quilesen aurka mobilizatzeagatik atxilotutako guztiei ere, eta iaz Iruñean jazotakoak gogoratu dituzte. «Vito Quilesi Iruñean aurre egiteagatik 28 pertsona atxilotu zituzten aurreko ekainean, tartean lau ikasle», kontatu dute kideek. Gainera, ikasleetako bat klasean zegoela eraman zutela esan dute: «Ikasle bat bere klasetik atera eta atxilo eramaten zutela ikusi genuen». IASeko kideen arabera, PSOEk «alfonbra gorria» jarri die faxistei, eta modua eman die kaletik «inpunitate osoz» ibiltzeko. Vito Quiles bera, Nucleo Nacional alderdi faxista, Desokupa enpresa eta Ceutako migrazio krisiaren harira egindako mobilizazioak aipatu dituzte adibide gisa. «Gainera, kaleko erantzun antifaxista kriminalizatu dute», gehitu dute. Hala ere, IASekoek argi utzi dute faxismoaren aurka borrokan jarraituko dutela.
«Belaunaldi oso bat dena emateko prest dago faxismoaren aurka», adierazi dute, eta azaldu faxismoak elkarren aurka jarri nahi dituela langile klaseko sektoreak. «Ez gaitezen etsaiz nahastu: arazoa ez da miseria pairatzen duena, miseria sortzen duena baizik».