Deustuko Unibertsitateak Bilbon duen campusean 15:00etan itxiko dituzte gaur ateak, eta arratsaldean ez da inolako hezkuntza jardunik egongo bertan. Vito Quiles eskuin muturreko asaldatzaile espainiarrak elkarretaratzera du deitua bertan gaur arratsalderako, eta sor litezkeen istiluetan «unibertsitateko komunitatea babesteko» hartu dute neurria. Duela bi aste Quiles Iruñean izan zen, eta istiluak egon ziren Espainiako Poliziarekin.Â
Ezusterik ezean, arratsaldez iritsiko da Quiles Bilbora. Ekitaldiaren ordua bi aldiz atzeratu ondoren, 19:00etarako deitu du elkarretaratzera Deustuko Unibertsitatearen eraikin nagusiaren aurrean. Erakundeak ohar bidez eman du erabakiaren berri, eta idazki berean argi utzi nahi izan du ez duela deialdia babesten, ez duela zerikusirik harekin eta ez duela baimendu hura unibertsitate esparruan egitea.
«Unibertsitateak arbuiatu egiten ditu bizikidetza hondatzen edo indarkeria bultzatzen duten jarduerak eta mezuak», adierazi dute oharrean, eta gehitu horiek ez direla bateragarriak erakunde hark «pertsonen errespetuarekin» duen konpromisoarekin.
Hala, Deustuko Unibertsitateak jakinarazi du Ertzaintzarekin «etengabeko koordinazioa» izan duela Quilesen deialdiaren berri izan zuenetik, eta Poliziaren gomendioei jarraituz hartu dutela campusa ixteko erabakia.
Arratsalderako, halaber, hainbat eragile, antolakunde, gazte mugimendu, eta sindikatuk haren kontra mobilizatzera eta «faxismoaren aurkako euste horma bat osatzera» deitu dute gaur. Euskal Herrian faxismoari ez! lelopean, Deustu auzoko Done Petri plazan bilduko dira, 17:00etan; hasieran, 16:00etarako egin zuten deia. Mobilizazio horrekin adierazi nahi dute Bilboko kaleetan «faxismoak inolako lekurik» ez duela.Â
Arratsaldean, «langile klasearen bloke independente bat» ere egongo da unibertsitatean. GKSk eta beste zenbait eragilek bertan mobilizatzeko deia egin dute, 16:00etan, Probokatzaile faxisten aurka, klase batasuna lelopean.Â
Eguerdian, berriz, IASk elkarretaratze bat egingo du Plaza Eliptikoan, eta ikasleei dei egin die parte hartzeko.Â