Eten da gertakizunari buruzko kronika amaigabea, eta eten dira etxe birrinduen eta gose den jendearen argazki galeriak; Gazaren eta palestinarren aurkako erasoak ez dira eten, ordea. Horixe gogorarazi zuen atzo Palestinarekin Elkartasuna plataformak, iluntzean Bilbon egindako mobilizazioan. Eta ibilbidea bukatu orduko, beste egun bat markatu zuten agendan: manifestazio nazionalera deitu dute urriaren 3rako, Bilbon, 17:30ean. Palestinari «babesa» helarazteaz gainera, Israelgo Estatua «desegiteko» exijituko dute.
Erasoak eten ez diren seinale da, hain justu, iazko urrian Gazarako menia bat hitzartu zutenetik gutxienez mila palestinar hil dituztela. Mobilizazioaren bukaeran azaldu zutenez, Zisjordanian ere «erasoek ez dute etenik», eta Israel «kolonizazioa sakontzen eta areagotzen» ari da. Palestinatik kanpo, Libanoren aurkako bonbardaketak ere egiten ditu aldian-aldian. Palestinarekin Elkartasunak argi dio: «Erasoaldi horiek guztiak estrategia beraren parte dira: lurralde gehiago okupatu eta kolonizazioa sendotzea».
Eta hori behintzat eteteko, auzitan jarri behar da Israelen «zilegitasun politiko eta morala», haien ustez. Horretarako, «sionismoaren konplize guztiak» jarri behar lirateke jopuntuan, ordea. Aliatu horien artean aipatu zituzten, kasurako, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Mendebaldea —EB Europako Batasuna, Australia, Kanada, eta abar—: «Palestinar herriaren deshumanizazioa eta erresistentziarako eskubidearen ukazioa normalizatu dituzte». Halaber, salatu zuten areagotu egin direla Palestinari elkartasuna adierazi dioten herri mugimenduen aurkako «jazarpena eta kriminalizazioa», bai nazioartean, bai Euskal Herrian.