Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionalera deitu du urriaren 3an

Plataformak salatu du ez direla eten Gazaren eta palestinarren aurkako erasoak. Bilbon egingo dute; palestinar erresistentziari «babesa» helarazi ez ezik, Israelgo Estatua «desegiteko» ere exijituko dute.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak atzo Bilbon egindako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Palestinarekin Elkartasuna plataformak atzo Bilbon egindako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 22a
10:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eten da gertakizunari buruzko kronika amaigabea, eta eten dira etxe birrinduen eta gose diren gorputzen argazki galeriak; Gazaren eta, oro har, palestinarren aurkako erasoak ez dira eten, ordea. Horixe gogorarazi zuen atzo Palestinarekin Elkartasuna plataformak, iluntzean Bilbon egindako mobilizazioan. Eta ibilbidea bukatu orduko, beste data bat markatu zuten agendan: manifestazio nazionalera deitu dute urriaren 3an; Bilbon, 17:30ean. Palestinari «babesa» helarazi ez ezik, Israelgo Estatua «desegiteko» ere exijituko dute.

Erasoak eten ez diren seinale da, hain justu, iazko urrian Gazarako menia bat hitzartu zutenetik mila palestinar hil dituztela gutxienez. Mobilizazioaren bukaeran azaldu zutenez, Zisjordanian ere «erasoek ez dute etenik», eta Israel «kolonizazioa sakontzen eta areagotzen» ari da. Palestinatik harago, Libanoren aurkako bonbardaketak ere egiten ditu aldian-aldian. Palestinarekin Elkartasunak argi dio: «Erasoaldi horiek guztiak estrategia beraren parte dira: lurralde gehiago okupatu eta kolonizazioa sendotzea». 

Eta hori, behintzat, eteteko, Israelen «zilegitasun politiko eta morala» auzitan jarri behar dela uste dute. Horretarako, «sionismoaren konplize guztiak» jarri behar lirateke jopuntuan, ordea. Aliatu horien artean aipatu zituzten, kasurako, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Mendebaldea —EB Europako Batasuna, Australia, Kanada, etab.—: «Palestinar herriaren deshumanizazioa eta erresistentziarako eskubidearen ukazioa normalizatu dituzte». Halaber, salatu zuten Palestinarekiko elkartasuna adierazi duten herri mugimenduen aurkako «jazarpena eta kriminalizazioa» areagotu egin direla, bai nazioartean, bai Euskal Herrian. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA