«Ikusi ditugun irudiak gogorrak dira, kezka handia eragin digute, eta, zintzotasun osoz, zailak iruditzen zaizkigu justifikatzen». Justizia Anderrentzat plataformak atzo zabaldu zuen ekainaren 22an Ander S.T. atxilotu zuten uneko bideoa, eta bertan ikusten dena «gogorra» dela adierazi du gaur Itziar Carrocera Santurtziko alkateak. Hainbat poliziak indarka nola etzanarazten duten ikusten da bertan, bai eta bertan dela taser pistola bitan nola erabiltzen duten ere. Handik bi egunera hil zen atxilotua ospitalean. Bada, hiru hilabeteren buruan, operazio hari buruzko informazioa jasotzeko «txosten zehatza» eskatu du udalak orain. Carrocerak esan duenez, aurrez ere gertatutakoari buruzko txosten «asko» eskatu dizkiete udaltzainei, baina bideoan ikusten direnak berriak egin zaizkio udal taldeari. Kazetariek behin eta berriz galdetu arren, alkateak ez du adierazi zehazki zer den orain arteko txostenetan jasota ez zetorrena, baina, edonola ere, haren adierazpenek argi utzi dute udaltzainek orain artean ez dietela kontakizun osoa helarazi. «Udalak zituen txostenetan ez zen hor ikusten den guztia biltzen».
Ikusi gehiago
Oraintxe bertan, atxiloketari eta ondorengo heriotzari buruzko bi ikerketa daude martxan. Ander S.T.-ren familiak salaketa jarri zuen, batetik, eta, gaur-gaurkoz, instrukzio fasean dago ikerketa hori. Eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Gardentasun eta Kontrol Batzordeak ere mahai gainean du gaia. Carrocerak azaldu duenez, atzo zabaldutako bideoa ikerketa horien parte dela ziurtatu nahi izan zuen udalak lehenik, eta herritarrei ere egin die eskaera, gertatutakoari buruzko informaziorik edo bideorik izanez gero haren berri eman dezaten. Abian diren ikerketak «azkeneraino» hel daitezela ere espero du alkateak, eta, azaldu duenez, ikerketa horien ondorioak jasotakoan hartuko ditu udalak hartu beharreko erabakiak.
«Ikusi ditugun irudiak gogorrak dira, kezka handia eragin digute, eta, zintzotasun osoz, zailak iruditzen zaizkigu justifikatzen»
ITZIAR CARROCERA Santurtziko alkatea
Beraz, ikerketa horiek burutu artean udalak ez du bestelako neurririk iragarri. Hain zuzen ere, atxiloketan parte hartu zuten poliziak apartatzeko eskaria egin zuen Justizia Anderrentzat plataformak. Alkateak, ordea, ez du halako neurririk iragarri. «Arduraz jokatu nahi dugu», adierazi du alkateak.
«Hiru hilabeteren ondoren txosten zehatza eskatuko dutela esan dute orain; benetan ezin izan dute lehenago eskatu?»
BEÑAT GOIKOETXEA EH Bilduko zinegotzia
Carrocerak zehaztu duenez, ekainaren 22an Ander S.T. atxilotu zuen polizia taldearen buruari eskatuko dio gertatutakoari buruzko txostena udalak. Baina mugimenduak ere izan dira Santurtziko Udaltzaingoan. Izan ere, Ibon Iturraspe izan da azken urteetan Santurtziko Udaltzaingoaren burua, baina uztailean aurkeztu zuen dimisioa, «motibo pertsonalak» aipatuta.
Ardura eta kezka
Alkateak egin dizkie adierapenak hedabideei, baina aurrez udaleko gainerako alderdiekin ere bildu da udal gobernua. Beñat Goikoetxea EH Bilduko ordezkaria kritiko azaldu da udalak gaiari buruz orain arte izan duen jarrerarekin. «Hiru hilabeteren ondoren txosten zehatza eskatuko dutela esan dute orain; orain, hiru hilabeteren ondoren. Benetan ezin izan dute txosten hori lehenago eskatu?». Hain zuen ere, Goikoexeak gogoratu duenez, eskari hori egin zion EH Bilduk udalari, Ander S. T.-ren heriotzaren berri izan eta berehala, baina, esan duenez, orain arte ez dute erantzunik jaso. «Eta, gainera», jarraitu du, «zer arduraduni eskatuko diote txosten hori orain, poliziaren buruak dimisioa aurkeztu bazuen?».
Bideoan ikusten diren poliziei ikerketa espedienteak irekitzeko ere eskatu dio EH Bilduk udalari, bai eta lanetik aparta ditzala ere. Horrez gainera, zuzenketa publiko bat egiteko ere eskatu diote alkateari, Ander S. T. hil eta egun gutxira udal ordezkariek «babes osoa» adierazi zielako udaltzainei.
«Oso kezkatuta» daudela esan du Itziar Utrera PSEko zinegotziak, eta bideoan ikusten diren irudiak «oso gogorrak» direla. «Erabateko errespetua azaldu nahi diogu familiari eta ingurukoei, eta baita bide judizialari, sumarioko sekretuari eta errugabetasun presuntzioari ere». Ainhoa Lopera Elkarrekin Podemoseko ordezkariak gertutakoa «oso larria» dela esan du, eta poliziaren jokaera ere «basatia» izena zela. Luis Ángel Urdiales PP-ko zinegotziak gertatutakoak «ikerketa zorrotza» eskatu du.