Santurtziko Udalak aitortu du udaltzainek ez dietela Ander S.T.-ren heriotza eragin zuen atxiloketari buruzko informazio osoa helarazi

Itziar Carrocera alkatearen hitzetan, «onartezinak» dira atzo zabaldutako irudietan ikusten direnak. Atxiloketaren uneko gauza batzuk berriak zaizkiela ere onartu du, eta udaltzainei gertatutakoari buruzko «txosten zehatza» eskatu dietela iragarri du.

Itziar Carrocera Santurtziko alkatea, atxilotu eta bi egunera ospitalean hil zen Ander S.T.-ren kasuari buruzko azalpenak ematen. IÑIGO ASTIZ
Itziar Carrocera Santurtziko alkatea, atxilotu eta bi egunera ospitalean hil zen Ander S.T.-ren kasuari buruzko azalpenak ematen. IÑIGO ASTIZ
Inigo Astiz
Santurtzi
2026ko irailaren 17a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ikusi ditugun irudiak gogorrak dira, kezka handia eragin digute, eta, zintzotasun osoz, zailak iruditzen zaizkigu justifikatzen». Justizia Anderrentzat plataformak atzo zabaldu zuen ekainaren 22an Ander S.T. atxilotu zuten uneko bideoa, eta bertan ikusten dena «gogorra» dela adierazi du gaur Itziar Carrocera Santurtziko alkateak. Hainbat poliziak indarka nola etzanarazten duten ikusten da bertan, bai eta bertan dela taser pistola bitan nola erabiltzen duten ere. Handik bi egunera hil zen atxilotua ospitalean. Bada, hiru hilabeteren buruan, operazio hari buruzko informazioa jasotzeko «txosten zehatza» eskatu du udalak orain. Carrocerak esan duenez, aurrez ere gertatutakoari buruzko txosten «asko» eskatu dizkiete udaltzainei, baina bideoan ikusten direnak berriak egin zaizkio udal taldeari. Kazetariek behin eta berriz galdetu arren, alkateak ez du adierazi zehazki zer den orain arteko txostenetan jasota ez zetorrena, baina, edonola ere, haren adierazpenek argi utzi dute udaltzainek orain artean ez dietela kontakizun osoa helarazi. «Udalak zituen txostenetan ez zen hor ikusten den guztia biltzen».

Oraintxe bertan, atxiloketari eta ondorengo heriotzari buruzko bi ikerketa daude martxan. Ander S.T.-ren familiak salaketa jarri zuen, batetik, eta, gaur-gaurkoz, instrukzio fasean dago ikerketa hori. Eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Gardentasun eta Kontrol Batzordeak ere mahai gainean du gaia. Carrocerak azaldu duenez, atzo zabaldutako bideoa ikerketa horien parte dela ziurtatu nahi izan zuen udalak lehenik, eta herritarrei ere egin die eskaera, gertatutakoari buruzko informaziorik edo bideorik izanez gero haren berri eman dezaten. Abian diren ikerketak «azkeneraino» hel daitezela ere espero du alkateak, eta, azaldu duenez, ikerketa horien ondorioak jasotakoan hartuko ditu udalak hartu beharreko erabakiak. 

Beraz, ikerketa horiek burutu artean udalak ez du bestelako neurririk iragarri. Hain zuzen ere, atxiloketan parte hartu zuten poliziak apartatzeko eskaria egin zuen Justizia Anderrentzat plataformak. Alkateak, ordea, ez du halako neurririk iragarri.

Carrocerak zehaztu duenez, ekainaren 22an Ander S.T. atxilotu zuen polizia taldearen buruari eskatuko dio gertatutakoari buruzko txostena udalak. Baina mugimenduak ere izan dira Santurtziko Udaltzaingoan. Izan ere, Ibon Iturraspe izan da azken urteetan Santurtziko Udaltzaingoaren burua, baina uztailean aurkeztu zuen dimisioa, «motibo pertsonalak» aipatuta.

[Informazioa osatzen]

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA