Bi udaltzainek zoruaren kontra loturik dute lagun bat. Udaltzain gehiago iritsi dira. Espaloian immobilizaturik dagoela, taser pistola elektrikoa aplikatu diote. Min orroak entzun dira. Udaltzainetako bat bat zutik jarri da lurrean lotuta dagoen gizonaren gainean, haren hankak zanpatuz eta jauzi txikiak eginez. Konorterik gabe dagoela, hanka batetik arrastaka ibili dute.
Ekainaren 24an, Ander S.T. 30 urteko gizonezkoa zendu egin zen, bi egun lehenago Santurtzin (Bizkaia) udaltzainek atxilotu ostean. Orain, Justizia Anderrentzat plataformak bideo bat plazaratu du, auzokide batek etxetik grabatua; atxiloketa zelan gertatu zen erakusten du. Bideoan ikusten da sei udaltzainek parte hartu zutela gizona atxikitzeko operazioan, eta taser pistola aplikatu ziotela espaloian immobilizatuta zegoelarik.
Plataformako kide Nagore Olaldek eta Koldo Hernandezek salatu dute «gezurra, faltsukeria eta manipulazioa» erabili dituztela «Poliziaren jarduna zuritzeko». Haien esanetan, orain argitaratu duten bideoak frogatu egiten du plataformak azken hilabeteetan esandakoa: «Anderren atxilkoketa modu bortitzean gertatu zen, eskuak lotuta eta erabat immobilizatuta zegoela sei udaltzainek bortizki eraso egiten jarraitu zuten eta, gainera, deskarga elektrikoak aplikatu zizkioten taser baten bidez».

Justizia Anderrentzat plataformak gogorarazi du Ander S.T. atxikitzeko operazioa 15:00ak aldean gertatu zela, «bero bolada betean eta tenperatura 40 gradura iristen ari zela». Azaldu dutenez, bi orduz eduki zuten eskuak lotuta eta konorterik gabe, anbulantzia iritsi zen arte.
Larrialdi zerbitzuen txostena ere aipagai izan dute plataformako kideek: esan dutenez, han ez da ageri gizona ospitalera sartu aurretik polizia operazio bat egon zela eta han poliziek taser pistolak erabili zituztela. «Informazioaren omisio kontzientetzat» jo dute hori; uste dutenez, datu horiek jaso ez izanak baldintzatu egin zuen zauritutakoari emandako osasun arreta eta hil ostean egindako autopsia.
Poliziaren inpunitatea
Plataformaren iritziz, gertatutakoa ez da kasu bakana: «Poliziak sistematikoki erabiltzen du indarkeria, eta erabateko inpunitatez dihardu».
Zenbait eskaera plazaratu dituzte: auziaren inguruan dauden «erantzukizun polizial, politiko eta mediatikoak» argitzea, Ander S.T. Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortzea, parte hartu zuten poliziak Santurtziko Udaltzaingotik kanporatzea, eta neurriak hartzea berriro horrelakorik gerta ez dadin. Azken eskaera horri dagokionez, «potentzialki hilgarriak diren polizia baliabide eta tekniken erabilera debekatzea» galdegin dute, eta beren-beregi aipatu dute taser pistolak debekatzeko beharra.
Hildakoaren senitartekoek salaketa jarri zuten, eta auzia gaur egun instrukzio fasean dago. Plataformakoek uste dute «herriaren presioaren bidez» baino ez dutela lortuko «Anderrek merezi duen justizia». Horregatik, manifestazioa egingo dute urriaren 3an, 12:00etan, Santurtziko Kabiezes plazatik abiatuta.