Santurtziko udaltzainburuak dimisioa eman du, bi auzi ikerketapean egonda

Bi gertakarik herria astindu dute azken hilabeteotan: udaltzain batek taser pistola batekin eraso egin zion gaztearen heriotzak, eta lan deialdi publiko baten azterketaren filtrazioak. Iturraspek esan du «arrazoi pertsonalengatik» hartu duela erabakia.

Santurtzin hildako gaztearen omenezko manifestazio bat, ekainean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Santurtzin hildako gaztearen omenezko manifestazio bat, ekainean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 5a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herria inarrosi duten bi gertakari izan dira Santurtzin (Bizkaia) azken urtean: batetik, udaltzain lanpostu bat betetzeko prozesuan, iaz, irregulartasunak egon ote ziren argitzeko ikerketa bat abiatu zuten; bestetik, duela bi hilabete udaltzain batek taser pistolarekin egin zion eraso herriko gazte bati, eta handik ordu gutxira hil egin zen. Bi gertakari horiek lotura estua dute Santurtziko Udaltzaingo taldearekin, eta, testuinguru horretan, dimisioa eman du Santurtziko Udaltzaingo taldeko buru Ibon Iturraspek.

El Correo egunkariak eman du dimisioaren berri. Horren arabera, Iturraspek argudiatu du «arrazoi pertsonalak tarteko» hartu duela erabakia. Santurtziko Udalak onartu egin du haren kargu uztea, baina are gehiago nahastu da giroa, oraingoa ez baita azken urtean udalean egon den aurreneko dimisioa. Lehenik, Segurtasun zinegotzi zen Sonia Lopez kargugabetu zuten 2025eko urrian, Lopezek berak hala eskatuta; gero, Karmele Tubillak (EAJ) alkatetza utzi zuen otsailean, «arrazoi pertsonal, politiko eta profesionalak» argudiatuta. EAJko kide Itziar Carrocerak ordezkatu zuen Tubilla.

Udaltzain lanpostu bat betetzeko prozesuan gertatutako ustezko irregulartasunen polemika horretan bete-betean egondakoa da Iturraspe. Azterketak zuzentzeko epaimahaikideetako bat zen, eta auzia argitara atera zenean, aitortu zuen «eten» egin zela azterketako galderak «gainbegiratzeko» ardura zuten langileen katea. Are, El Correo-k zehaztu duenez, Iturraspek berak onartu izan du Lopezi bidali zizkiola galderak, «itzul zitzaten». Santurtziko Udalak barne ikerketa bat abiatu zuen gertatutakoa argitzeko, baina prozesua bukatutzat jo zuen apirilean. 

Anderren auzia

Ustezko irregulartasunaren mamuak herrian dirau, baina duela bi hilabeteko gertakariak are gehiago zapuztu du giroa. Santurtziko Udaltzaingoak taser pistola bat erabili zuen Ander S.T. 30 urteko gizonezkoa «mendean hartzeko», Santurtziko Segurtasun zinegotzi Imanol Urrutxuak argudiatu zuenez. Erasoa gertatu eta bi egunetara, baina, Ander S.T. hil egin zen. Gaztearen heriotzak haserre handia eragin zuen bai herrian, bai Euskal Herriko beste hainbat herritan, eta zenbait manifestazio egin zituzten hurrengo egunetan, «Anderrentzat justizia» eta Poliziaren jardunaren gaineko «ikerketa bat» exijitzeko. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA