Gazte bat hil da Santurtzin, udaltzainek taser pistolarekin tiro eginda

Udaltzaingoak atxilotu eta bi egunera hil da gaztea, erietxean. Segurtasun zinegotziaren arabera, barne ikerketa bat abiatu dute, baina oraingoz «ez dago zantzurik agenteek gazki jokatu zutela esateko». Gertatutakoa ikertzeko eskatu du EH Bilduk.

Polizia bat, taser pistola eskuan. BERRIA
Polizia bat, taser pistola eskuan. BERRIA
14789412 kepa
Santurtzi
2026ko ekainaren 26a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ander S.T. 29 urteko gizonezkoa zendu egin zen herenegun Santurtzin (Bizkaia), bi egun lehenago Udaltzaingoarekin liskarra izan ostean. Imanol Urrutxua Segurtasun zinegotziak baieztatu du poliziek taser pistolak erabili zituztela «erasotzailea mendean hartzeko». Baina ñabardura egin du: «Ez dago inolako zantzurik pentsarazten digunik agenteek gaizki jokatu zutela». Santurtziko EH Bilduk gertatutakoa ikertzeko eskatu du, eta Ezkerraldeko hainbat eragilek elkarretaratzea egingo dute bihar.

Eguerdian egin du agerraldia Urrutxuak, gertatutakoari buruzko azalpenak emateko. Lehenik eta behin, doluminak helarazi dizkio hildakoaren familiari, eta nabarmendu du barne ikerketa bat abiatu dutela zer gertatu zen argitzeko. Horrez gain, zehaztu du Poliziaren Kontrol Batzordeak baduela gertakarien berri, eta nabarmendu du hala badagokio bere gain hartuko dituela «ikerketen ondorioetatik erator daitezkeen erantzukizunak». Zera zehaztu du: «Ikerketa horiek amaitu arte, ez da egingo gertatutakoa aurrez epai dezakeen adierazpenik ».

Urrutxuak azaldu duenez, astelehen arratsaldean gazteak Udaltzaingoaren bulegoetan txirrina jo zuen, eta lasterka irten zen; bidean zihoala, bastoia kendu zion agure bati, eta, hori ikusita, bi udaltzain abiatu ziren haren atzetik. Segurtasun zinegotziaren arabera, udaltzainetako bat lurrera eroritako adinekoarekin geratu zen, eta bestea gaztearen atzetik joan zen, beste patruila batekin. Azkenean, hiru udaltzainek geldiarazi zuten gaztea, taser pistolak erabilita. Ondoren, larrialdi zerbitzuei deitu zieten gaztea artatzeko.

«Udalak lankidetza osoa eta gardena eskainiko du egiten diren ikerketa guztietan, barnekoetan eta kanpokoetan»

IMANOL URRUTXUA Santurtziko Udaleko Segurtasun zinegotzia

«Guri gertuko merkatari batek esan digu bi ordu inguru egon zela», adierazi dio kazetari batek Urrutxuari. Segurtasun zinegotziak, ordea, ez du gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiagorik eman nahi izan, «hildakoaren senideek eta esku hartzean parte hartu zuten agenteek merezi duten errespetuagatik». «Ikertzen ari gara kontu horiek», esan du; baina nabarmendu du «egoera konplexu batean» gertatu zela eta «gazteak modu biolentoan jokatu» zuela. Taser pistolei konektatutako bideokamerek gertatutakoa grabatu zutela ziurtatu du udal arduradunak, baita inguruko bideokameren irudien bila dabiltzala ere. 

Jarduketan hainbat agente «zauritu» zirela ere baieztatu du Segurtasun zinegotziak. Hala ere, azpimarratu du udalak «konpromiso irmoa» duela gertakariaren inguruabar guztiak «zorrotz eta berme osoz» argitzeko. «Udalak lankidetza osoa eta gardena eskainiko du egiten diren ikerketa guztietan, barnekoetan eta kanpokoetan», gehitu du Urrutxuak.

Era berean, informazioa zabaltzerakoan «zuhur» jokatzeko deia egin du, bereziki sare sozialetan, «egiaztatu gabeko informaziorik ez hedatzeko, eta desinformazioa eta kaltetuen mina areagotu ez daitezen».

Esan sindikatuak udaltzainak babestu ditu

Esan polizien sindikatuarentzat, «bidegabea eta arduragabea» da poliziak «seinalatzea edo haien lana auzitan jartzea ikerketak amaitu aurretik». Hala ere, sindikatuak, ikerketak amaitu aurretik, esan du Santurtziko Udaltzaingoaren jokabidea «profesionala», «gardena», «legezkoa» eta «proportzionala» izan dela. Zertan oinarrituta? «Orain arte dakigun informazioaren arabera, batez ere polizien kameren irudiek erakusten dutenez, polizien esku hartzeak bete egin zituen euskal Poliziaren indarraren erabilera arautzen duten legezkotasun, beharrezkotasun eta proportzionaltasun printzipioak».

Ikerketa «gardena, zorrotza eta objektiboa» eskatu du Esan-ek, baina nabarmendu du poliziek «beharrezko neurriak» hartu zituztela «jokabide erasokorra» zuen pertsona bat kontrolatzeko. Haien esanetan, hildakoa «arriskutsua zen bere buruarentzat eta besteentzat». 

Politikariei, instituzioei eta gizarte eragileei eskatu die baztertu ditzatela «egunero herritarren segurtasuna bermatzen dutenen irudia hondatu dezaketen diskurtsoak». Esan-en ustez, beharrezkoa da «konpromiso sozial sendo bat agintearen eta elkarbizitzaren alde». Herritarrei mintzatu zaie: «Bere polizienganako desobedientzia, erasoak edo errespetu faltak normalizatzen dituen gizarte batek ahuldu egiten du elkarbizitzaren zutabe nagusietako bat».

Santurtziko Udalak ez zuen argibide handirik eman asteazkenean plazaratu zuen oharrean: «Santurtziko Udalak babesa helarazi nahi die atzo beren eginkizunak betetzen ari zirela egindako jarduketan zauritu ziren udaltzainei. Erakundeak lehenbailehen osatzea opa die, eta herritarren segurtasunaren eta ongizatearen zerbitzura egunero egiten duten lana aitortzen die». Hori baino ez; Ander S.T. gaztea zaurituta zegoenik ez zuten aipatu, eta horri buruz galdetu diote Urrutxuari gaurko prentsaurrekoan.

«Kasu honetan hori eskatzen ziguten. Gure iritzia hori da: orain arte bildu dugun informazioak ez digu adierazten jarduera okerra izan denik», erantzun du Segurtasun zinegotziak. Hala ere, ondorioak ateratzeko «ikerketaren emaitzen zain» daudela esan du: «Familiari zor diogun errespetuagatik».

Gaitzespenak eta deialdiak

Zer gertatu zen jakin ostean, Santurtziko EH Bilduk doluminak eman zizkien zendutakoaren familiari eta lagunei, «zinegotzietako baten bitartez, modu pribatuan». Koalizio subiranistak azpimarratu du «ezinbestekoa dela gertatutakoari buruzko informazio guztia izatea».

Atzoko udal batzarrean eta ondoren egindako informazio bileran, berriz, EAJren gobernu taldeari zera eskatu zioten: «Orain arteko informazio guztia helaraztea eta modu ofizialean ikerketa espediente bat irekitzea». EAJk agintzen du udalerrian, eta aurtengo martxoan hartu zuen aginte makila Itziar Carrocera alkateak. Otsailean, Karmele Tubilla orduko alkateak dimisioa eman zuen, udaltzain lanpostu bat betetzeko prozesuan gertatutako ustezko irregulartasunen harira.

Era berean, Santurtziko EH Bilduk uste du «ahalik eta tresna administratibo eta legal gehien» erabili beharko liratekeela zer gertatu zen azaltzeko eta erantzukizunik ba ote den argitzeko.

«Esku hartze bortitz hori zergatik eta nola gertatu den eta ondorioak zeintzuk izan diren argitu behar da, erantzukizunak eskatzeko eta beharrezkoak diren ondorioak ezartzeko»

LAB SINDIKATUA

LAB sindikatuak ere doluminak agertu dizkie Ander S.T. santurtziarraren familia, lagun eta gertukoei, eta zer gertatu zen argitzeko eskatu du: «Esku hartze bortitz hori zergatik eta nola gertatu den eta ondorioak zeintzuk izan diren argitu behar da, erantzukizunak eskatzeko eta beharrezkoak diren ondorioak ezartzeko», adierazi du.

LABek «argi» du gaur egun indarrean dagoen polizia ereduari eusteak eta eztabaida ukatzeak edo geroratzeak «ondorio larriak» dituela, eta ohartarazi du ezinbestekoa dela «eraldaketa sakona» egitea esku hartzeko arrazoi eta moduetan, armen erabileran eta oro har segurtasuna ulertzeko eta bermatzeko moduetan. «Formakuntza baliabideak sortu eta eskaini behar dira horretarako, polizien jardueraren gainbegiratzea zorroztu, eta taserrak eta arma hilgarriak erabiltzea debekatu», zehaztu dute.

Udalean egingo diren beste ekintzez harago, langileen ordezkariekin urgentziaz gaiari heldu behar diotelakoan daude LABekoak. Are, Santurtziko eta udalerri horretako Kabiezes auzoko jaiak laster izango direla gogorarazi dute. Hori dela eta, «berehalako kontingentzia neurri batzuk» hartu behar direla uste dute, «jarrera bortitza izan duten udaltzain jakin hauek egindakoa areagotu ez dadin». Ezinegona eta tentsioa areagotu daitezkeen honetan, udal gobernuak helburu horri begira dagokion ardura bere gain hartu behar duela uste du LABek.

Gazte Koordinakunde Sozialistak sare sozialetan zabaldu duenez, berriz, larunbaterako elkarretaratze bat antolatu dute Ezkerraldeko eragile ugarik: 12:30ean batuko dira, Santurtziko udaletxe aurrean. «Santurtziko udaltzainek gazte bat hil dute. Horrelako kasuetan ezinbestekoa da kalera ateratzea: egin diezaiogun aurre Poliziaren basakeriari», salatu dute.

Arma «ez-hilgarria»

50.000 volteko deskarga elektriko bat egiten dute taserrek, deskarga jasotzen duena tarte batez geldi-geldi uzteko. Arma «ez-hilgarri» gisa kalifikatuta badago ere, Amnesty Internationalek argitaratutako txosten baten arabera, 2001 eta 2012 bitartean 500 pertsona hil ziren taser pistolen eraginez.

Erresuma Batuan, 2007 eta 2017 bitartean, ehundik gora pertsona hil dituzte horrelako armekin, gobernuz kanpoko hango erakundeek emandako datuen arabera. Besteak beste, Dalian Atkinson Realeko jokalari ohia hil zuen Ingalaterrako Poliziak taser pistola batekin, 2016ko abenduan.

Frantzian, berriz, gutxienez bi heriotza gertatu ziren 2019an, Bouches-du-Rhone eta Sena Saint-Denisen, taserra erabiltzeagatik.

Euskal Herrian, 2018ko urrian, Baionako ospitalean hildako gazte baten senideek salatu zuten taser pistolaren ondorioz hil zela. Euskal Irratiek senideen bitartez jakin zutenez, Poliziak arma horiek baliatu zituen atxilotzeko unean, eta gazteak bihotzeko bat izan zuen. Hiru egunez koman egon ondoren hil zen Bader Idrissi.

Sestaon eta Barakaldon egin bezala, Santurtziko Udalak 2023an erosi zituen lau pistola taser, ia 9.000 euro ordainduta

Baina, Frantziako Poliziak ez ezik, Ertzaintzak ere baditu pistola elektrikoak, 2017ko martxotik, suzko armen erabileraren «alternatiba» gisa. Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi zuen urte hartako maiatzean, Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos koalizioak egindako galdera bati erantzunez. Hilabete batzuk lehenago, otsailean, arma horiek osasun arazo jakin batzuk dituztenen aurka erabiltzeko arriskuaz galdetu zion Elkarrekin Podemoseko Jose Ramon Becerrak Beltran de Herediari, baina Segurtasun sailburuak apenas eman zuen argibiderik. Honela zioen, hitzez hitz, Beltran de Herediaren erantzunak: «Taserren fabrikatzaileak homologatuta daude emango zaien erabilerarako, eta horri buruzko egiaztagiriak badira».

Euskal Herriko hiriburu batzuetako udaltzainek ere badituzte taser pistolak: Iruñeko Udaleko Hiri Segurtasuneko alorrak 2022ko abenduan jakinarazi zuen udaltzainek taser pistolak erabiliko zituztela; Donostiako Udaleko Tokiko Gobernuak, berriz, 2025eko abenduan onartu zuen arma horiek erabiltzea.

Udalerriei dagokienez, Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia) egin bezala, Santurtziko Udalak 2023an erosi zituen lau pistola taser, ia 9.000 euro ordainduta. Hain zuzen, urte horretako martxoan egin zuten hori jakinarazteko agerraldia. Besteak beste, arma «ez-hilgarri» gisa kalifikatu zituzten taser pistolak, ekitaldi horretan. Adierazi zuten poliziak aldean daraman bideokamera batera konektatuta dagoela arma horietako bakoitza: taserra erabiltzen den aldiro, kamera martxan jartzen da, eta irudiak grabatuta geratzen dira. Oraingo honetan, litekeena da irudi horiek erabakigarriak izatea Ander S.T. santurtziarrari zer gertatu zitzaion argitzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA