Santurtziarrei eta udaleko langileei gutuna bidali die Karmele Tubilla alkateak gaur. EAJkoak bertan jakinarazi du dimisioa eman duela «arrazoi pertsonal, politiko eta profesionalengatik». Udaltzain lanpostu bat betetzeko prozesuan irregulartasunak egon ziren ala ez ikertzeko batzordea bildu baino ordubete eskas lehenago eman du bere erabakiaren berri Tubillak. Saio horretan Sonia Lopez Segurtasun zinegotzia izandakoak deklaratu behar du, hura ere EAJkoa, ustez udaltzain izateko hautagaietako bati azterketa ezkutuan emateagatik. Dirudienez, hautagai horrekin harreman pertsonala du Lopezek. Gaur arte Santurtziko alkatea izandakoak Lopez kargugabetu zuen, urrian zinegotziak berak kargua alkatearen esku utzi ostean, «osasun arrazoiengatik».
Besteak beste, azaroko osoko bilkuran gehiengo osoz onartu zuten batzorde horretako presidentetza batzordekideen esku uzteko eskaera, eta bide batez Tubilla alkatearen esku egotea eragotzi. EH Bildu, PSE, Elkarrekin Podemos eta PPren aldeko botoekin aurrera atera zen, EAJ gutxiengoan gobernatzen ari baita Santurtzin. Udal agintariak, ordea, batzorde horren burua bera izango zela adierazi zuen. Horiek horrela, urtarrilaren 15ean egin zuten lehenengo saioa.
Hausnarketa «sakona»
Gaur dimisioa eman du Tubillak. Ia hiru urte eman ditu karguan, eta, alkatearen arabera, «sakon hausnartu eta batere erraza ez den erabaki bat» hartu du. Haren esanetan, oposizioak, politikoki bere aurka eginez, kalte egin nahi dio EAJren irudiari. «Ezin dut hori gertatzen utzi, nire alderdiaren siglekin dudan konpromisoa erabatekoa baita».
Bere jardunean udalaren interesen alde «zorrotz eta eredugarri» lan egin duela azpimarratu du. «Ziur akatsak egin ditudala. Baina alkate kargua utzi dut santurtziarren alde ahal dudan hobekien aritu izanaren lasaitasunez. Eta uste dut benetan lortu dudala». Onartu du «erabaki gogorrak» hartu behar izan dituela eta horiek udal gobernutik gertu daudenei eragin dietela.
Agurrean, EAJri eskerrak eman dizkio, bai eta udaleko zinegotzi guztiei ere. «Agian ez dugu jakin elkar ulertzen». Komunikatuan aipatutako arrazoi pertsonal eta profesionalei dagokienez, ez du azalpenik eman. «Nire familiarentzat eta gertukoenentzat gorde nahi dut hori», azaldu du.
EH Bildu, alkatetza hartzeko prest
Edorta Rodrigok hartuko du aginte makila behin-behinean, baina ez dago argi postuan jarraituko ote duen datorren urteko udaberriko udal hauteskundeetara arte. Izan ere, EAJ gutxiengoan gobernatzen ari da, eta, beraz, Santurtziko udalbatzak erabaki beharko du nork hartuko duen alkate makila. Eta abagune horretan, alkatetza gal dezakete jeltzaleek, PSE kritiko mintzatu delako azken urteetan haien lanarekin, eta EH Bilduk iragarri duelako hautagai bat aurkeztuko duela udalbatzara.
«Duela hiru urte egin genuen bezala, gure hautagaitza inbestidurara aurkeztuko dugu. Egin dezakegun erantzukizun ekintza handiena iruditzen zaigu, baita koherentzia politikoa ere»
NAIARA GUTIERREZ EH Bilduko zinegotzia
Izan ere, Santurtzi salbuespena da EAJ eta PSE alderdiek EAEko erakunde publikoetan errotuta duten gobernabilitate itun orokorrean. 2023ko udal hauteskundeetan emaitza eskasa lortu zuen 2007tik udal gobernuan dagoen EAJren zerrendak, eta beheranzko joeraren lurra jo zuen. Zazpi zinegotzi ditu egun, aurreko legealdian baino hiru gutxiago, eta bigarren indarra, EH Bildu, zinegotzi bakar batera du, eta goranzko joeran, gainera. Datozen hauteskundeei begirako boto asmoari buruzko inkestek ere ez diote egungo gobernuari arnasik eman, beheranzko joerari eusten diolako. Ustelkeria kasu bat baino gehiago izan dira legealdi honetan, eta Tubilllaren taldeak oposizioa blokean izan du gobernuari kontuak eskatzen.
Orain, beraz, EH Bildu prest azaldu da alkatetza hartzeko. «Santurtziko EAJ legegintzaldiaren hasieratik hilzorian zegoen, eta zikloa itxi du», adierazi dute Miren Matanzas eta Naiara Gutierrez koalizioaren bi zinegotziek, alkateak dimisioa eman eta gero. Haien aburuz, alkatearen dimisioa EAJren «proiektu eta sinesgarritasun faltaren» ondorioa da: «Santurtzitik kanpoko bulegoetatik datozen itunek ez dute funtzionatzen gure udalerriko egunerokotasuna kudeatzeko, eta horren beste sintoma bat da gaur Bilboko bulego batean hartutako erabakia dela Santurtziko alkatea nor izan daitekeen».
Erantsi dute udal hauteskundeetatik hiru urtera «irteerako laukira» itzuliko dela herria, beste inbestidura saio bat egin beharko delako alkatea aukeratzeko, eta erabateko prestutasuna agertu dute aurrerapausoa emateko: «Duela hiru urte egin genuen bezala, gure hautagaitza inbestidurara aurkeztuko dugu. Egin dezakegun erantzukizun ekintza handiena iruditzen zaigu, baita koherentzia politikoa ere. Eta egingo dugu, benetan pentsatzen dugulako arazoa ez dela alkatearen izena eta abizena, baizik eta EAJren gobernantza eredua».
EAJ, alkategai bila
Alkatetza galtzeko arriskuaz, «beldurrik ez» duela adierazi du Iñigo Ansola BBB Bizkaiko Buru Batzarreko presidenteak, eguerdian Bilbon egindako agerraldian: «Horretarako daude elkarrizketak eta negoziazioak. Bizkaian eta Euskadin konpromiso batzuk ditugu Alderdi Sozialistarekin, eta ikusiko dugu zer gertatzen den». Edorta Rodrigok jarraituko ote duen ere «erabakitzeko» dagoela zehaztu du: «Lanean hasita gaude Santurtziko EAJren eta BBBren bitartez ahalik eta bizkorren pertsona bat izendatzeko eta proposatzeko».
«Bizkaian eta Euskadin konpromiso batzuk ditugu Alderdi Sozialistarekin, eta ikusiko dugu zer gertatzen den»
IÑIGO ANSOLA Bizkaiko Buru Batzarreko presidentea
Hala ere, Ansolak esker ona adierazi dio Karmele Tubillari, zinegotzi zein alkate legez egindako lanagatik: «Bere konpromisoa erabatekoa izan da, eta bere lana, oso sendoa». Kargua uztearen arrazoietan ez du sakondu, baina nabarmendu du «erabakia berea» izan dela eta «eskuzabal» jokatu duela, alkate ohiak esan duenez, «bere bitartez EAJren kalterako urratsak egiten» ari direlakoan alderdi batzuk.
Santurtziko PSEko udal taldean, ostera, zalantza izpirik ere ez dute erakutsi: «EAJren proiektua agortuta dago». Juan Andrades udal taldearen bozeramailearen hitzetan, EAJren irudia «lurretik bota duen pertsona bakarra» Tubilla bera eta hura «txalotzen duten udal taldeko kideak». Esan duenez, ez zekien dimisioa emango zuenik, eta kritikatu du kargu uztea indarrean sartuko dela hilaren amaieran, haren ustez, «hileko nomina osoa kobratzeko». «Maila gutxi» izatea leporatu dio EAJko alkateari, eta gobernuan egon den urteetan ere dotorezia hori bera falta izan duela. Hurrengo alkatea nor izango den galdetuta, Andradek erantzun du PSEko udal taldeak 2023ko hauteskundeetarako bere alderdiak eta EAJk zuten «itunaren bere zatia bete zuela». Hala ere, gaur egun, Santurtzin, EAJk duen proiektuaren beste muturrean daudela nabarmendu du. Argitu du horrek ez duela esan nahi EH Bilduren hautagaitza babestuko duenik. Nola edo hala, «desberdinen arteko akordioak» egiteko garaia dela ohartarazi du.
Bestalde, Elkarrekin Podemos udal taldearen iritziz, alkatearen dimisioa erabaki «arduratsua» izan da, kontuan hartuta udaltzaingoaren azterketan ikertzen ari diren filtrazioaren auzia «oso larria» dela. Koalizioak gogorarazi duenez, azaroan jada eskatu zuten Tubillaren dimisioa, eta orduan urratsa egin ez bazuen ere, «esanguratsua» da justu orain erabakitzea dimisioa ematea, hain zuzen, auzi horrengatik ikerketa batzordearen atarian. «Egoera ikusita, erabaki arduratsua dela uste dugu», berretsi Elkarrekin Podemos udal taldeak.
Luis Angel Urdiales Santurtziko Alderdi Popularreko bozeramaileak ere hitz gogorrak izan ditu alkatearentzat. Haren hitzetan, Tubillak dimisioa eman izana «EAJk Santurtzin dituen trapitxeoak estaltzen saiatzeko etsipenezko maniobra bat baino ez da».
Une zailak Bizkaiko EAJn
Santurtziko auziarekin batera, Bizkaiko EAJ une zailak bizitzen ari da Getxoko jauregiaren auzia dela eta. Izan ere, ondareen legeak babestuta zegoen XIX. mendeko jauregi bat eraitsi zuten Getxon luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko asmoz, eta udal teknikariak eta alderdi horretako zinegotziak ikertzen ari dira auzi horrengatik. Udalak gaur jakinarazi du jauregiaren auzian ikerketapean dauden hiru udal teknikariren defentsa juridikoaren gastuak bere gain hartuko dituela. Udal iturriek azaldu dutenez, langile publikoek eskubidea dute udalak haien defentsa juridikoa bermatzeko, «haien kargu publikoen jardueretatik eratortzen diren ondoriozko prozeduretan». Dena dela, zehaztu dute gastu horiek langileen gain geratuko direla epaian absoluziorik ez bada, hau da, ebazpenak errudun jotzen baditu.
Edonola ere, bi gaiak lotzeari uko egin dio Iñigo Ansolak: «Kasu guztiz diferenteak dira. Getxokoak ez du zerikusirik».