Santurtzin hildakoaren kontra taser pistola erabili zuten zoruan immobilizatuta zegoela

Udaltzainek bortitz esku hartu zutela erakusten duen bideo bat plazaratu du Justizia Anderrentzat plataformak. Manifestazioa egingo dute Santurtzin, urriaren 3an.

Justizia Anderrentzat plataformak zabaldu duen bideoa.
gotzon hermosilla
Santurtzi
2026ko irailaren 15a
14:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi udaltzainek zoruaren kontra loturik dute lagun bat. Udaltzain gehiago iritsi dira. Espaloian immobilizaturik dagoela, taser pistola elektrikoa erabili dute haren kontra. Min orroak entzun dira. Udaltzainetako bat bat zutik jarri da lurrean lotuta dagoen gizonaren gainean, haren hankak zanpatuz eta jauzi txikiak eginez. Konorterik gabe dagoela, hanka batetik arrastaka ibili dute.

Ekainaren 24an, Ander S.T. 30 urteko gizonezkoa zendu egin zen, bi egun lehenago Santurtzin (Bizkaia) udaltzainek atxilotu ostean. Orain, Justizia Anderrentzat plataformak bideo bat plazaratu du, auzokide batek etxetik grabatua; atxiloketa zelan gertatu zen erakusten du. Bideoan ikusten da sei udaltzainek parte hartu zutela gizona atxikitzeko operazioan, eta taser pistola erabili zutela espaloian immobilizatuta zegoelarik.

Plataformako kide Nagore Olaldek eta Koldo Hernandezek salatu dute «gezurra, faltsukeria eta manipulazioa» erabili dituztela «Poliziaren jarduna zuritzeko». Haien esanetan, orain argitaratu duten bideoak frogatu egiten du plataformak azken hilabeteetan esandakoa: «Anderren atxiloketa modu bortitzean gertatu zen: eskuak lotuta eta erabat immobilizatuta zegoela, sei udaltzainek bortizki eraso egiten jarraitu zuten, eta, gainera, deskarga elektrikoak aplikatu zizkioten taser baten bidez».

Justizia Anderrentzat plataformaren agerraldia
Justizia Anderrentzat plataformak egindako agerraldia, Santurtzin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Justizia Anderrentzat plataformak gogorarazi du Ander S.T. atxikitzeko operazioa 15:00ak aldera gertatu zela, «bero bolada betean eta tenperatura 40 gradura iristen ari zela». Azaldu dutenez, bi orduz eduki zuten eskuak lotuta eta konorterik gabe, anbulantzia iritsi zen arte.

Larrialdi zerbitzuen txostena ere aipagai izan dute plataformako kideek: esan dutenez, han ez da ageri gizona ospitalera sartu aurretik polizia operazio bat egon zela eta han poliziek taser pistolak erabili zituztela. «Informazioaren omisio kontzientetzat» jo dute hori; uste dutenez, datu horiek jaso ez izanak baldintzatu egin zuen zauritutakoari emandako osasun arreta eta hil ostean egindako autopsia.

Poliziaren inpunitatea

Plataformaren iritziz, gertatutakoa ez da kasu bakana: «Poliziak sistematikoki erabiltzen du indarkeria, eta erabateko inpunitatez dihardu».

Zenbait eskaera plazaratu dituzte: auziaren inguruan dauden «erantzukizun polizial, politiko eta mediatikoak» argitzea, Ander S.T. Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortzea, parte hartu zuten poliziak Santurtziko Udaltzaingotik kanporatzea, eta neurriak hartzea berriro horrelakorik gerta ez dadin. Azken eskaera horri dagokionez, «potentzialki hilgarriak diren polizia baliabide eta tekniken erabilera debekatzea» galdegin dute, eta beren-beregi aipatu dute taser pistolak debekatzeko beharra.

Hildakoaren senitartekoek salaketa jarri zuten, eta auzia, gaur egun, instrukzio fasean dago. Plataformakoek uste dute «herriaren presioaren bidez» baino ez dutela lortuko «Anderrek merezi duen justizia». Horregatik, manifestazioa egingo dute urriaren 3an, 12:00etan, Santurtziko Kabiezes plazatik abiatuta.

Bideoan ikusitakoaren argitara, LABek ondorioztatu du udaltzainek «era oso bortitz eta desegokian» jardun zutela, gertatutakoa «ezkutatu» egin zutela eta haien arduradunek «babestu» egin dituztela. Sindikatuaren ustez, kontua ez da polizia jakin batzuen jokabide desegokia, baizik «polizia eredua eta segurtasuna ulertzeko era». «Agintari politikoen ohiko jarrera da Poliziaren edozein jarduera babestu eta estaltzea; gardentasun falta honek eta erantzukizunei heltzeari uko egite honek inpunitatea areagotzen du».

Zalantza handiak

Hasieratik, zalantza handiak egon dira ekainaren 22an gertatutakoaren inguruan, eta Santurtziko Udalak emandako azalpenek ez dituzte argitu zalantza horiek. Ander S.T. hil aurretik, udalak agiri bat plazaratu zuen, «jarduketan zauritu ziren udaltzainei» babesa helarazteko, baina oharrean ez zuen aipatu herritar bat ospitalean zegoela jarduketa horren ondorioz.

Heriotzaren albistea zabaldu zenean, hedabideen aurrean agertu zen Imanol Urrutxua Segurtasun zinegotzia. Hark emandako bertsioaren arabera, arratsalde hartan Ander S.T.-k Udaltzaingoaren bulegoetara joan, hango txirrina jo, eta lasterka irten zen; bidean zihoala, makulua kendu zion parean egokitu zitzaion adineko gizon bati, eta, hori ikusita, bi udaltzain abiatu ziren haren atzetik. Zinegotziaren hitzetan, «modu bortitzean» jokatu zuen; orduan, udaltzainek atxiki zuten, eta, mendean hartu ondoren, larrialdi zerbitzuei deitu zieten.

Baina familiak eta lekukoek oso bestelako bertsioa eman zuten. Senitartekoek, esaterako, ez dute ulertzen zergatik abiatu ziren hainbeste udaltzain Ander S.T.-ren atzetik, eta uste dute makulua hartu zuela udaltzainen erasoaldiaren aurrean bere burua defendatu ahal izateko. Inguruko dendariek, berriz, esan zuten ia bi ordu igaro zirela Ander S.T. atxiki zutenetik larrialdi zerbitzuak iritsi ziren arte, eta tarte horretan konbultsioak izan zituela. Bere agerraldian, Urrutxuak ez zuen horren inguruko argibiderik eman, «hildakoaren senideek eta zuritutako agenteek merezi duten errespetuagatik».

Poliziaren sindikatuentzat, aldiz, udaltzainen jokabideak ez zuen zalantzarako zirrikiturik txikiena ere izan; informazio guztia ez zeukala aitortuta ere, udaltzainen jokabidea «profesionala, gardena, legezkoa eta proportzionala» izan zela baieztatu zuen Esan sindikatuak: «Bete egin ditu legezkotasun, beharrezkotasun eta proportzionaltasun printzipioak».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA