Sestaon etxegabetu zuten emakume bat eta haren seme txikia bigarren aldiz kaleratu nahi dituzte

Sestaoko etxebizitza batetik kanporatu zituzten, eta urriaren 10ean utzi beharko dute udalak ordaindutako ostatua. Berri Otxoak plataformak salatu du udalak «egonaldia ez berritzea» erabaki duela.

Sestaoko etxegabetzea salatzeko elkarretaratze baten artxiboko irudia. BERRI OTXOAK
Sestaoko etxegabetzea salatzeko elkarretaratze baten artxiboko irudia. BERRI OTXOAK
14789412 kepa
2026ko urriaren 8a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erakunde publikoek zerbait egin ezean, Sestaoko (Bizkaia) etxebizitza batetik kanporatutako emakume bat eta haren 5 urteko semea kalean geratuko dira. Udalak Portugaleteko (Bizkaia) ostatu batean egoteko aukera eman zien etxegabetzearen ostean, baina irtenbide hori aldi baterako baino ez zen, Berri Otxoak plataformak ohartarazi duenez: «Urriaren 10ean [larunbata] handik kanporatuko dituzte, udalak egonaldia ez berritzea erabaki baitu», jakinarazi dute. Horiek horrela, udal gizarte-zerbitzuei eskatu diete familia horri aukera eman diezaiotela bizitegi alternatiba duin eta egonkor bat eskuratzeko. Helburu horrekin, elkarretaratze bat egin dute gaur, Sestaoko udaletxearen aurrean.

Sestaon etxegabetutako emakumeak enplegu prekarioa du, Berri Otxoak-ek zehaztu duenez. Plataformak gaitzetsi du hoteletan eta pentsioetan «modu prekarioan bizitzea» baino ez ziotela eskaini Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak sendi horri; «aldi baterako», gainera. «Familiak ez du egoitza aukera egonkorrik izan», kritikatu dute.

Gaur egun, emakumea eta 5 urteko semea tokiko erakundeak ordaindutako Portugaleteko pentsio batean daude, eta «urriaren 10era arte» baino ezin izango dira egon bertan, «udalak egonaldia ez berritzea erabaki baitu», Berri Otxoak-ek zabaldutako informazioaren arabera.

«Berriz ere salatu nahi dugu Sestaoko Udaleko gizarte zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ez diotela eskaini gaur egungo araudiak agintzen duena: bizitegi alternatiba duin eta egonkor bat eskuratzeko bidea», adierazi dute.

Etxebizitza eskubidea

Aldarrikapen horren pean, plataformak eskatu du familia hori etxerik gabe utz dezakeen edozein jarduera geldiarazteko, baita gizarte larrialdietarako eta etxebizitzarako eskura dauden baliabideak aktibatzeko ere.

Plataformak, gainera, galdegin du eraginkortasunez aplikatu daitezela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoen legeria eta etxebizitzaren arloko Espainiako araudia, eta erantzukizun politikoak eta administratiboak eskatu ditu, «inoiz gertatu behar ez zuen» egoera bat delakoan.

«EAEko legeriak etxebizitzaren beharra aitortzen du pertsona edo bizikidetza unitate batek bizitoki egonkor edo egokirik ez duenean; baita hori lortzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez duenean ere. Izan ere, sozialki baztertuta geratzeko arriskuan izango litzateke. Etxebizitzari buruzko EAEko 3/2015 Legeak, halaber, berariaz jasotzen ditu etxegabetze baten mende egonda bizitoki irtenbiderik ez duten errentariak, etxebizitza premia kasu jakin batzuen barruan», azaldu dute.

«Sestaoko Udaleko gizarte zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ez diote eskaini egungo araudiak agintzen duena: bizitegi alternatiba duin eta egonkor bat eskuratzeko bidea»

BERRI OTXOAK PLATAFORMA

Dena dela, Berri Otxoak plataformakoek azpimarratu dute emakume horren kasua ez dela bakarra: «Gure ustez, etxebizitza eskuratzeko egiturazko arazo baten barruan dago, eta lan prekaritateak areagotzen du, bereziki eragindako familia unitateen barruan adingabeak daudenean».

Urriaren 1ean ere batu ziren Sestaoko udaletxearen aurrean. «Ezin da onartu 5 urteko haur bat duen emakume bat etxegabetzea eta horrek dakarren segurtasunik ezaren, deserrotzearen eta indarkeria sozialaren eraginpean geratzea, administrazioek beste alde batera begiratzen duten bitartean», salatu zuen plataformak egun hartan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA