Sestaoko (Bizkaia) etxebizitza batetik kanporatutako emakumea eta haren 5 urteko semea ez dira momentuz kale gorrian geldituko. Udalak Portugaleteko (Bizkaia) ostatu batean egoteko aukera eman zien etxegabetzearen ostean, eta hasiera bateko asmoa larunbatera arteko egonaldia ordaintzea bazen ere, erabakiz aldatu du eta behin behinean luzatu die. Berri Otxoa plataformak eman zuen udalaren lehen asmoaren berri, eta elkarte berak jakinarazi du erabaki aldaketa.
Plataformak salatu duenez, aldi baterako konponbideek ez dute egoera makurra konpontzen eta udal gizarte-zerbitzuei eskatu die familia horri aukera eman diezaiotela bizitegi alternatiba duin eta egonkor bat eskuratzeko. Hasiera batean udalak jarreraz aldatu duenez, Berri Otxoakek bertan behera utsi du larunbaterako deitua zuen elkarretaratzea.
Sestaon etxegabetutako emakumeak enplegu prekarioa du, Berri Otxoak-ek zehaztu duenez. Plataformak gaitzetsi du hoteletan eta pentsioetan «modu prekarioan bizitzea» baino ez ziotela eskaini Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak sendi horri; «aldi baterako», gainera. «Familiak ez du egoitza aukera egonkorrik izan», kritikatu dute.
«Berriz ere salatu nahi dugu Sestaoko Udaleko gizarte zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ez diotela eskaini gaur egungo araudiak agintzen duena: bizitegi alternatiba duin eta egonkor bat eskuratzeko bidea», adierazi dute.
Etxebizitza eskubidea
Aldarrikapen horren pean, plataformak eskatu du familia hori etxerik gabe utz dezakeen edozein jarduera geldiarazteko, baita gizarte larrialdietarako eta etxebizitzarako eskura dauden baliabideak aktibatzeko ere.
Plataformak, gainera, galdegin du eraginkortasunez aplikatu daitezela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoen legeria eta etxebizitzaren arloko Espainiako araudia, eta erantzukizun politikoak eta administratiboak eskatu ditu, «inoiz gertatu behar ez zuen» egoera bat delakoan.
«EAEko legeriak etxebizitzaren beharra aitortzen du pertsona edo bizikidetza unitate batek bizitoki egonkor edo egokirik ez duenean; baita hori lortzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez duenean ere. Izan ere, sozialki baztertuta geratzeko arriskuan izango litzateke. Etxebizitzari buruzko EAEko 3/2015 Legeak, halaber, berariaz jasotzen ditu etxegabetze baten mende egonda bizitoki irtenbiderik ez duten errentariak, etxebizitza premia kasu jakin batzuen barruan», azaldu dute.
«Sestaoko Udaleko gizarte zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ez diote eskaini egungo araudiak agintzen duena: bizitegi alternatiba duin eta egonkor bat eskuratzeko bidea»
BERRI OTXOAK PLATAFORMA
Dena dela, Berri Otxoak plataformakoek azpimarratu dute emakume horren kasua ez dela bakarra: «Gure ustez, etxebizitza eskuratzeko egiturazko arazo baten barruan dago, eta lan prekaritateak areagotzen du, bereziki eragindako familia unitateen barruan adingabeak daudenean».
Urriaren 1ean ere batu ziren Sestaoko udaletxearen aurrean. «Ezin da onartu 5 urteko haur bat duen emakume bat etxegabetzea eta horrek dakarren segurtasunik ezaren, deserrotzearen eta indarkeria sozialaren eraginpean geratzea, administrazioek beste alde batera begiratzen duten bitartean», salatu zuen plataformak egun hartan.