Udazkena da, baina Zamudioko teknologia parkean (Bizkaia) Siemens Gamesaren egoitzarako sarbideko asfaltoa ez du orbelak estaltzen, beste mota bateko orriek baizik. Siemens Gamesako langileek bost aste baino gehiago daramatzate greba mugagabean Asteasun (Gipuzkoa), hitzarmen propio baten defentsan, eta enpresak Omterra marka berria aurkeztu behar duela eta, Zamudiora eraman dute protesta.
09:00etan elkartu dira Asteasutik iritsitako langileak enpresaren egoitzaren aurrean, eta goiz osoa han emateko asmoa dute. Bi pankarta erakutsi dituzte, irtenbide bat eskatu eta esparru hitzarmena gaitzesten dutela adierazteko. Omterrak lurperatu egiten gaitu leloa dago irakurgai pankartetako batean, gaztelaniaz. Izan ere, Alemaniako multinazional horrek erabaki du Siemens Energy eta Siemens Gamesa filiala izendapen horren pean elkartzea. Ustez, marka berriaren aurkezpena egin behar dute Zamudioko egoitzan gaur, baina kanpotik ez da mugimendu handirik ikusten: eraikinaren goiko aldeko kartela aldatu eta orain han Omterra agertzea, horixe da izendapen berriaren aztarna bakarra.
Eneko Sorarrain LABeko ordezkaria da langile batzordean: «Seigarren greba astea da hau, hitzarmen propioaren aldeko borrokaren barruan. Enpresak Espainiako esparru hitzarmena ezarri nahi digu 2027tik aurrera, eta horrek gure hitzarmen propioa desagerraraziko luke».
Mercedes beltz bat sartu da egoitzaren aurreko aparkalekura, ustez izen berria aurkezteko ekitaldira joateko, eta elkarretaratzean ozendu egin dira oihu, txistu eta txilibitu hotsak. Airean joan dira Hitzarmen duina orain leloa idatzita duten eskuorriak, eta erortzean are gehiago estaltzen dute zorua. Tarteka, jende gehiago iristen da egoitzara: batzuek hartu egiten dituzte langileek eskaintzen dizkieten eskuorriak, eta eraikinera azkar sartu; beste batzuek, ordea, muturra okertu eta ez ikusiarena egiten dute. «Zer ordu klase da hau lanera iristeko?», entzun da pankarta atzetik. Barre egin dute grebalariek.
«Orain arte ezagutu dugun Gamesa, euskal enpresa historiko bat, desagertu egingo da, eta hori oso esanguratsua iruditzen zaigu»
ENEKO SORARRAIN Siemens Gamesako langile batzordeko kidea
«Denok dakigu Burgosko, Valentziako edo Galiziako batek dituen beharrak oso desberdinak direla hemengoekin alderatuta», azaldu du Sorarrainek. «Esparru hitzarmena ezarriz gero, gure eskakizunak bigarren edo hirugarren mailan geratuko lirateke, eta orain arte lortutako guztia galtzeko arriskua legoke».
Marka berria aurkezteko ekitaldia aukeratu dute protesta Zamudiora eramateko. Horrekin ere ez dira fio: «Zentralizazio prozesu horretako beste pauso baten gisa ikusten dugu Omterra sortzea. Orain arte ezagutu dugun Gamesa, euskal enpresa historiko bat, desagertu egingo da, eta hori oso esanguratsua iruditzen zaigu, lotura baitu gure hitzarmena ez ezik enpresaren estrategiaren inguruko erabakigune guztiak ere Madrilera eramateko asmo horrekin».

Ertzaintzaren hiru ibilgailu bertaratu dira, eta dozena erdi bat ertzain ari dira elkarretaratzea zaintzen, baina giroa lasaia da. Anbulantzia bat igaro da, eta paretik pasatzean, gidariak klaxona jo du, elkartasun keinu gisa. Handik gertu dago Loiuko aireportua; noizean behin, Zamudioko zerua zeharkatzen dute hegazkinek.
Hiru eskaera
Hiru eskakizun nagusi dituzte grebalariek: aurrerantzean ere autonomia izatea eragiten dieten arloetan negoziatu eta erabakitzeko, hurrengo ituna sinatu arte indarrean dauden lan baldintzak ez okertzea, eta hemendik aurrera ere Gipuzkoako hitzarmenak erreferentzia izatea. Diotenez, enpresak orain arte ez du borondaterik agertu hiru eskakizun horien inguruan negoziatzeko: «Enpresak esparru hitzarmena aurrera ateratzea du helburu nagusi, eta tinko eusten dio horri».
Baina langileak ere ez daude amore emateko prest, bost aste baino gehiago greban egotea samurra ez den arren: «Denok dakigu greba mugagabe batek zer eskatzen duen, baina langileen erantzuna izugarria da». Asteasuko lantegian 180 behargin aritzen dira, eta horietatik 80 inguruk hartu dute Zamudiorako bidea, protesta enpresaren egoitzaren ateraino eramateko: «Horrek erakusten du langileon determinazioa erabatekoa dela, eta prest gaudela honekin bukaeraraino joateko».
Eskari zorroa handitUz doa
Azken hilabeteetako joerari eutsiz, eskaera zorroa bete eta bete ari da oraindik Siemens Gamesa: 69 haize errota egingo ditu Herbehereetarako, itsasoan eraikiko den proiektu baterako, eta guztira gigawatt bateko potentzia instalatu.Â
SG15-2360 turbinak izango dira, hamabost megawattekoak, eta, inbertsio erabakiaren arabera, Siemens Gamesak aurreikusten du 2028an hasiko direla horiek egiten, 2029an ezar daitezen itsasoan. Eskaeraren barruan, haize erroten ekoizpena ez ezik, Zamudioko taldeak bere gain hartuko ditu haize errota horien zerbitzu eta mantentze lanak ere.Â
Siemens Gamesaren haize errota horiek itsas barrenean ezarriko dira, Herbehereetako itsasertzetik 63 eta 84 kilometrora bitarteko tartean. Suediako Vattenfall argindar konpainia eta Danimarkako Copenhagen Infraestructure Partners enpresa dira Zeevonk itsasoko parke eolikoaren proiektuaren egileak.
Â