Udazkena da, baina Zamudioko parke teknologikoan (Bizkaia) Siemens Gamesako egoitzarako sarbideko asfaltoa ez du orbelak estaltzen, beste mota bateko orriek baizik. Bost aste baino gehiago daramate greba mugagabean Siemens Gamesako langileek Asteasun (Gipuzkoa), hitzarmen propio baten defentsan, eta enpresak Omterra marka berria aurkeztu behar duela eta, Zamudiora eraman dute protesta.
09:00etan elkartu dira Asteasutik iritsitako langileak enpresaren egoitzaren aurrean, eta han goiz osoa emateko asmoa dute. Bi pankarta erakutsi dituzte, irtenbidea eskatu eta esparru hitzarmenari gaitzespena adierazteko. Omterra nos entierra (Omterrak lurperatu egiten gaitu) leloa dago irakurgai pankartetako batean. Izan ere, multinazional alemanak erabaki du Siemens Energy eta Siemens Gamesa filiala izendapen horren pean elkartzea. Ustez, marka berriaren aurkezpena egin behar dute Zamudioko egoitzan gaur, baina kanpotik ez da mugimendu handirik ikusten: eraikinaren goiko aldeko kartela aldatu eta orain han Omterra agertzea da izendapen berriaren aztarna bakarra.
Eneko Sorarrain LABeko ordezkaria da langile batzordean: «Seigarren greba astea da hau hitzarmen propioaren aldeko borrokan. Enpresak Espainiako esparru hitzarmena ezarri nahi digu 2027tik aurrera, eta horrek ekarriko luke gure hitzarmen propioa desagerraraztea».
Mercedes beltz bat sartu da egoitzaren aurreko aparkalekura, ustez izen berriaren aurkezpen ekitaldira joateko, eta elkarretaratzean ozendu dira oihu, txistu eta txilibitu hotsak. Airean joan dira Hitzarmen duina orain leloa idatzita duten eskuorriak, erortzean zorua are gehiago estaliz. Tarteka, jende gehiago iristen da egoitzara: batzuek hartu egiten dituzte langileek eskaintzen dizkieten eskuorriak, eta azkar sartzen dira eraikinera; beste batzuek, ordea, muturra okertu eta ezikusiarena egiten dute. «Hauek al dira lanera iristeko orduak?», entzun da pankarta atzetik. Barre egin dute grebalariek.
«Orain arte ezagutu dugun Gamesa, euskal enpresa historiko bat, desagertu egiten da, eta hori oso esanguratsua iruditzen zaigu»
ENEKO SORARRAIN Siemens Gamesako langile batzordeko kidea
«Denok dakigu Burgosko, Valentziako edo Galiziako batek dituen beharrak oso desberdinak direla hemengoekin alderatuta», azaldu du Sorarrainek. «Esparru hitzarmena ezarriz gero, gure eskakizunak bigarren edo hirugarren mailan geratuko lirateke, eta orain arte lortutako guztia galtzeko arriskua legoke».
Marka berriaren aurkezpen ekitaldia aukeratu dute protesta Zamudiora eramateko. Horrekin ere ez dira fio: «Zentralizazio prozesu horretako beste pauso gisa ikusten dugu Omterraren sorrera. Orain arte ezagutu dugun Gamesa, euskal enpresa historiko bat, desagertu egiten da, eta hori oso esanguratsua iruditzen zaigu, gure hitzarmena ez ezik, enpresaren estrategiaren inguruko erabakigune guztiak ere Madrilera eramateko asmo horretan».

Ertzaintzaren hiru ibilgailu bertaratu dira, eta dozena erdi bat ertzainek zaintzen dute elkarretaratzea, baina giroa lasaia da. Anbulantzia bat igaro da, eta paretik pasatzean, gidariak klaxona jo du, elkartasun keinu gisa. Handik gertu dago Loiuko aireportua; noizean behin, Zamudioko zerua zeharkatzen dute hegazkinek.
Hiru eskaera
Hiru eskakizun nagusi dituzte grebalariek: autonomia izaten jarraitzea eragiten dieten arloetan negoziatu eta erabakitzeko, hurrengo ituna sinatu arte indarrean dauden lan baldintzak ez okertzea, eta Gipuzkoako hitzarmenak erreferentzia izaten jarraitzea. Diotenez, enpresak ez du orain arte hiru eskakizun horien inguruan negoziatzeko borondaterik agertu: «Enpresak esparru hitzarmena aurrera ateratzea du helburu nagusi, eta horri tinko eusten dio».
Baina langileak ere ez daude amore emateko prest, bost aste baino gehiago greban egotea samurra ez den arren: «Denok dakigu greba mugagabe batek zer eskatzen duen, baina langileak ematen ari diren erantzuna izugarria da». Asteasuko lantegian 180 behargin aritzen dira, eta horietatik 80 inguruk hartu dute Zamudiorako bidea, protesta enpresaren egoitzaren ateraino eramateko: «Horrek erakusten du langileon determinazioa erabatekoa dela, eta prest gaudela honekin bukaeraraino joateko».
Eskari zorroa handitzen doa
Azken hilabeteetako joerari eutsiz, eskaera zorroa betetzen jarraitzen du Siemens Gamesak: 69 haize errota egingo ditu Herbehereetako itsasoan eraikiko den proiektu baterako, guztira gigawatt bateko potentzia instalatu.
SG15-2360 turbinak izango dira, hamabost megawattekoak, eta inbertsio erabakiaren arabera, haiek egiten 2028an hasiko dela aurreikusten du Siemens Gamesak, 2029an ezarri daitezen itsasoan. Haize erroten ekoizpenaz gain, eskariarekin batera haize errota horien zerbitzu eta mantenu lanak ere beretzat izango ditu Zamudioko taldeak.
Siemens Gamesaren haize errota horiek itsas barrenean ezarriko dira, Herbeheretako itsasertzetik 63- 84 kilometrora artean. Zeevonk itsasoko parke eolikoaren proiektuaren egileak Vattenfall argindar konpainia suediarra eta Copenhagen Infraestructure Partners enpresa danimarkarra dira.
Â