Teresa Laespada hautatu dute PSE-EEren Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko

Sozialisten Bilboko alkategaia Nora Abete izango da. Bai Laespada eta bai Abete hautagaiak izan ziren 2023ko hauteskundeetan ere.

Laespada, Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko osoko bilkura batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Laespada, Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko osoko bilkura batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
nerea intxausti
2026ko irailaren 8a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko PSE-EEko Hauteskunde Berme Batzordeak lurralde hartako hautagai nagusien berri eman du: Teresa Laespada izango da Bizkaiko ahaldungai nagusia, eta Nora Abete, berriz, Bilboko alkategaia. Bai Laespada eta bai Abete hautagaiak izan ziren 2023ko hauteskundeetan.

Laespadak X sare sozialean azaldu du «ilusioz eta indarrez» eman duela pauso hau, «Bizkaia justuago eta solidario baten alde» lanean jarraitzeko. Bilbon jaio zen, 1965ean. Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasi zituen, eta Soziologian doktorea da Deustuko Unibertsitatean. Legebiltzarkidea izan zen 2009tik 2012ra bitarte. Egun, berriz, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatua da Bizkaiko Foru Aldundian, eta PSE-EEko Enplegu eta Gizarte Politiketako idazkaria.

Abetek ere X sare sozialean zabaldutako bideo batean kontatu du hautagai izango dela: «Ohorea litzateke niretzat Bilboko lehen alkate emakumezko sozialista izatea». Gaineratu du ohorea dela PSE-EE ordezkatu ahal izatea ere, eta «balio sozialistak hezur-haragitzea». Bilbon jaio zen, 1985ean. Politika eta Administrazio Zientziak ikasi zituen, eta Kontsumoaren Zuzenbidea eta Ekonomia masterra. 2015etik 2016ra bitarte, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Lurralde Kohesioko diputatuaren kabineteko kide izan zen, eta, horren ostean, Kontsumobideko zuzendari. 2019tik zinegotzi da Bilboko Udalean; egun, Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotzia da. PSOEko Merkataritza eta Kontsumo idazkari ere bada. 

NoraAbeteFranciscoFernández
Nora Abete gaur goizean, bere hautagaitza aurkezten. NORA ABETE

20.000 biztanletik gorako gainerako herrietako hautagaiak ere jakinarazi ditu PSE-EEk: Mari Jose Blanco izango da Portugaleteko hautagaia, eta Alba Delgado Barakaldokoa. Getxorako Carmen Diaz aukeratu dute, eta Santurtziko alkategai Juan Andrades izango da; Basaurikoa, Isabel Cadaval; Leioakoa, Pilar Grados, eta Durangokoa, Jesica Ruiz. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA