Eusko Legebiltzarrean abian da tramiteak arintzeko premiazko neurriei buruzko legea onartzeko prozedura. Alderdiek zuzenketak aurkezteko fasean dago orain, eta EH Bilduk zuzenketa sorta bat ipini dio EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako proposamenari. Hamabi dira guztira, eta horietatik lau artikuluak osorik ezabatzea eskatzeko dira. Horien artean dago Urdaibairi aipamena egiten diona, biosferako legearen erreforma lege proposamenetik ateratzea eskatu baitu koalizioak.
Izan ere, lege proposamenak aldaketak egin nahi ditu Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren legean. Besteak beste, aisialdiari lotutako ontzi txikien amarraleku batzuk legeztatu nahi dituzte, jarduera ekonomikoak bultzatzeko helburuz. EH Bilduk iritzi dio, ordea, halako erabaki batek eztabaida politiko eta sozial zabala eskatzen duela, eta ezin dela arinkeriaz egin.
«Urdaibai bezalako eremu batean, arauak aldatzeak ondorio garrantzitsuak izan ditzake. Horregatik, gai horri osotasunean heldu behar zaio, behar diren berme eta adostasun zabalekin», adierazi du Ander Goikoetxea legebiltzarkideak, eta gogorarazi du biosferaren legea «adostasun zabalekin» onartu zela 1989an. Bada, uste du gutxienez antzeko oniritzia beharko litzatekeela gaur ere lege hori berrikusteko.
Zuzenketen berri emateko prentsaren aurrean egindako agerraldian, Goikoetxeak adierazi du EH Bildu bat datorrela EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako legearen azken helburuarekin, hots, «burokrazia arintzearekin, tramiteak sinplifikatzearekin eta jarduera ekonomikoa erraztearekin». Baina kezka du helburu horietara iristeko jeltzaleek eta sozialistek proposatutako bidearen gainean.
«Gauza bat da beharrezkoak ez diren tramiteak kentzea, eta beste bat da sinplifikazioaren izenean udal autonomia ahultzea, ingurumen bermeak murriztea, lurralde antolamendurako tresnak bigarren mailan uztea edo interes publikoa enpresa pribatuen esku uztea»Â
ANDER GOIKOETXEAÂ EH Bilduko legebiltzarkidea
Izan ere, koalizioak iritzi dio lege erreformak udalen parte hartzea «murriztea» ekarriko duela, erabaki estrategikoei edo proiektu handiei dagokienez. «Gauza bat da beharrezkoak ez diren tramiteak kentzea, eta beste bat da sinplifikazioaren izenean udal autonomia ahultzea, ingurumen bermeak murriztea, lurralde antolamendurako tresnak bigarren mailan uztea edo interes publikoa enpresa pribatuen esku uztea», esan du Goikoetxeak.

Horiek horrela, administrazioen arteko koordinazioa hobetzeko eskatu du, tramiteak arintzeko aitzakian udal eskumenak zapaldu ez ditzaten. Izan ere, Goikoetxeak gogora ekarri du tramitazioak atzeratzen dituztenak ez direla tokiko administrazioak izaten, goragokoak baizik, direla Foru Aldundiak, dela Jaurlaritza bera edo haren menpeko erakundeak —Uraren Agentzia, esate baterako—.
Interes goreneko figura
Lege proposamenaren beste berrikuntzetako bat da interes goreneko figura sortzea. Batez ere, energia berriztagarrien proiektuen tramitazioa azkartzea da horren helburua, EAJk eta PSE-EEk adierazi zutenez. Funtsean, lasterbide bat sortuko dio Jaurlaritzari proiektu horien tramitaziorako, udalen eskumenen eta erabakien gainetik igarotzeko modua izango baitu. EH Bilduk uste du, ordea, udalek badutela zeresana beren lurralde antolamenduari buruzko erabakietan, eta ezin direla bazter utzi. Hori dela eta, interes goreneko figura hori sortzeko proposamena bertan behera uzteko eskatu du.
«Proiektu bati interes publiko goreneko izaera ematea ezin da bihurtu lurralde plangintzaren ohiko tresnak saihesteko bide», esan du Goikoetxeak. Izan ere, azaldu duenez, Lurralde Plan Sektorialak modua ematen du hori antolatzeko, jarduera edo azpiegitura jakin bat non eta nola garatu behar den arautzen eta antolatzen duen instrumentua baita. Ordea, salatu du EAJk eta PSE-EEk hura ordezkatu nahi dutela, erabakitzeko gaitasun guztia Jaurlaritzarengan utzita. Eta ohartarazi du horrek atea zabalduko diola enpresa pribatuei lurrak kalifikatzeko eta desjabetzeko ahalmenari.Â
Azkenik, ziurgabetasun juridikoaz ere ohartarazi du EH Bilduk. Izan ere, jarduera ekonomiko jasangarria sinplifikatzeko eta arintzeko premiazko neurriei buruzko proposamenak hainbat arlo eta lege aldaketa biltzen ditu presazko lege testu batean. Koalizioak iritzi dio horrek «zalantzak» sor ditzakeela, arauen interpretazioan, administrazioen eskumenetan eta proiektuen tramitazioan.