Energia-trantsizio globala bultzatuz, etorkizunerako energia-eredu deskarbonizatuago, jasangarriago eta eraginkorrago baten garapenaren alde lan egiten du Idiazabalgo (Gipuzkoa) Ampo kooperatibak. Ildo honetatik, erabat inplikatuta dago deskarbonizaziorako beharrezkoa den energia-trantsizioan aurrera egitea ahalbidetuko dioten soluzio berriak bilatzen eta garatzen.
Horretarako, balio teknologiko handiko soluzioak garatzen ari da gaur egun; hidrogenoaren, karbono-atzipenaren, biofuelen eta fuel sintetikoen arloetan, besteak beste. Dagoeneko zenbat kontratu ditu gainera adjudikatuta, hala nola balio teknologiko handiko balbula-prototipo bat garatzeko, hidrogeno-aplikazioetarako, Norvegian, eta bioerregaien sektoreari lotutako hainbat proiektu, adibidez, Kaliforniako Rodeo findegian (Ameriketako Estatu Batuak), bioerregaiak produzitzeko instalazio baterantz birmoldatzen ari dena. Halaber, hidrogenoari dagokionez, duela gutxi I+G-ko (ikerketa eta garapena) bulego propioa ireki du Suitzan, hidrogenorako teknologien garapenean aitzindaria den hub-herrialdean.
Ampo, gainera, Hidrogenoaren Europako Aliantzako eta Hidrogenoaren Euskal Korridoreko (BH2C) kide aktiboa da, eta Energy Intelligence Center-en sortzaileetako bat. Zentro hori Abanto-Zierbenako parke teknologikoan (Bizkaia) dago, 4.0 Industriara eta fabrikazio aurreratura zuzenduta dagoena, eta zeina aurtengo martxoan inauguratu zen.
Halere, bezeroen deskarbonizazio-prozesua erraztuko duten soluzio teknikoak garatzeaz gain, konpainia berorren produkzio-jardueraren deskarbonizazioan aurrera egiten ari da. Horretarako, deskarbonizazio-plan bat du, lau lan-arlo hauetan banatuta: energia-efizientzia, prozesuen elektrifikazioa, energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarria.
AMPOko teknikari bat, balbula batekin lanean. AMPO
Balio erantsi handiko soluzioak
Energia trantsizio alorretik haratago, azken urteotan berrikuntza alorrean egindako ahalegin handiak Ampori bidea eman dio bere bezeroei neurrira egindako sistema eta soluzio adimendunagoak eta integratuagoak eskaintzeko energiaren, kimika eta petrokimikaren eta meatzaritzaren sektoreetan, besteak beste. Sektore horietan, fidagarritasuna eta segurtasuna funtsezkoak dira. Ildo honetatik, ISS: Integrated Smart Solutions izenarekin balio erantsi handiagoko ingeniaritza-soluzio eta sistemak eskaintzen hasi zen duela urte gutxi batzuk. Ingeniaritza-soluzio horien artean, 2022an gauzatutako balio teknologiko handiko bi proiektu nabarmendu ditzakegu. Horietan, Ampok larrialdietako ISS sistema garrantzitsuak entregatu zizkien bezeroei. Sistema horiek osagai hauek zituzten: eragingailudun balbulak, HPUak (Hydraulic Power Units), PLCak (Programmable Logic Controllers), metagailuak eta balbulak monitorizatzeko sistemak.
Monitorizazio sistema horiek Ampok patentatutako sistemak dira, balbulen errendimendua monitorizatzeko. Sistema horien barneko datuak eskuratzeko plataformak honako hauek eskaintzen ditu: bizi-zikloaren bermea, datuen analisiei buruzko aldizkako txostenak, balbularen egoeraren ebaluazioa, balbula mantentzeko gomendatutako ekintzak, eta abar. Ondorioz, sistema horrekin balbulen errendimendua hobetzea lortzen da digitalizazioaren bidez. Lehen aipatutako ISS proiektuetako batean, gainera, Ampok sistema osoaren instalazio prozesuan parte hartuko du 2023an, bezeroak Australian dituen instalazioetara bertaratuz.
Idiazabalgo enpresak 1.000 pertsona inguruko lantaldea du eta, gaur egun, bere produkzioaren % 95 bost kontinenteetako merkatuetara esportatzen du (esportazioen % 70 Europatik kanpo). Horien artean, nabarmentzekoak dira Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Japonia, Hego Korea, India, Ekialde Ertaina, Australia eta Europako herrialde gehienak. Eta egungo bezero-zorroaren barruan energia-sektoreko enpresa handiak ditu, hala nola Cheniere, Exxon, Aramco, Bechtel, Hyundai, Tecnicas Reunidas, Repsol, eta abar.