Eusko Jaurlaritza

Arabako Txakolina, ardo bikaina

2025eko mahats bilketaren bidez, oso kalitate oneko 376.600 botila inguru ekoitzi dituzte Arabako Txakolina sor-markarako.

Arabako Txakolina
Arabako Txakolina zerbitzatzen. EUSKO JAURLARITZA
2026ko ekainaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Arabako Aiarako eskualdeko ardogintza sektorearekiko konpromisoa berretsi zuen Amurrioko Txakolin Egunean, ekainaren 7an. Arabako nekazaritzako produktu berezienetako bat ekoizten duten mahastizain eta upategien lanaren balioa nabarmentzen dute ekitaldi horretan.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok azpimarratu zuen funtsezkoa dela Arabako jatorri izen babestua, Arabako Lurralde Historikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren motor ekonomiko, turistiko eta kultural gisa: «Arabako txakolinak erakusten du gure sektoreak zer gaitasun duen lurraldearen balioa eta nortasuna sustatu eta etorkizunerako aukerak sortzeko».

2025eko mahats bilketan, 441.696 kilo mahats jaso ziren Arabako Txakolina jatorri izeneko txakolina ekoizteko, 2024ko kanpainan baino %22 gehiago, eta, hala, aurreko urteetako beheranzko joera eten egin da. Ekoizpen horretatik 281.620 litro txakolin kalifikatu dira ofizialki, hau da, 376.600 botila inguru.

Lortutako kalitate kalifikazioa oso ona izan da, maila gorenetik oso gertu, eta horrek berretsi egiten du Arabako Txakolina jatorri izeneko upategi eta ekoizleek lortutako kalitatea.

Sektorearen aintzatespena

Amurrioko Txakolin Egunean, Alberto Molinero sukaldaria eta Jorge Rodriguez sommelierra omendu zituzten —biak La Roca Taldearekin aritzen dira—, bertako produktuarekiko duten konpromisoagatik eta Arabako txakolina sustatzeko egindako ekarpenagatik. Molinero Michelin izarra duen sukaldaria da, eta Rodriguezek 2024an eta 2025ean Euskadiko Sommelier Onenaren Saria jaso zuen. Biak sarituak izan dira gastronomia eremuan txakolina hedatu eta hari balioa emateagatik.

Ekitaldian, Barredok zorionak eta eskerrak eman zizkien. «Belaunaldiz belaunaldi Arabako txakolina sendotzen lagundu dutenen ahalegin kolektiboa eskertzen dugu, gaur egun kalitatearen erreferente eta Arabaren enbaxadore bihurtu dena, hemen bertan eta gure mugetatik kanpo».

Gaur egun, Arabako Txakolina jatorri izenaren ekoizpenaren %30 inguru nazioarteko merkatuetara bideratzen da: besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetara, Finlandiara, Mexikora, Japoniara, Kanadara, Erresuma Batura eta Alemaniara. Gainerakoa, batez ere Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan merkaturatzen da. Aipagarria da Arabako Txakolinaren presentzia eta aintzatespena etengabe hazten ari direla.

Landa garapena, paisaia eta etorkizuna

100 hektarea inguru hartzen dituzte mahastiek, eta guztira 38 mahats-ekoizle eta zazpi upategi aritzen dira Arabako Txakolina sor-markarekin. Arabako Txakolina funtsezkoa da Aiarako eskualdeko jarduera ekonomikoan eta landa garapenean, eta turismoa ere dinamizatzen du, paisaiari, gastronomiari eta kultur ondareari lotuta. «Arabako Txakolina ez da ardo hutsa. Nortasuna da, paisaia da, kultura da, jarduera ekonomikoa da eta gure landa ingurunea bizirik mantentzeko tresna. Horregatik, sektorea laguntzen jarraituko dugu lehiakortasunari, jasangarritasunari eta klima aldaketara egokitzeari loturiko erronkei ekinez», Barredok nabarmendu zuenez.

2026ko mahats bilketari begira, aurreikuspenak onak dira, eta horrek aukera ematen du kanpaina zuhurtziaz baina aldi berean konfiantzaz hasteko, aintzat hartuta sektorea gai dela aurrera egiteko kalitateari, ospeari eta merkatuetako presentziari dagokienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA