Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ikastetxeetako azala eta mamia uztartzea du helburu. Izan ere, azpiegiturak, eraikinak berak ere, kalitatea, ekitatea eta berrikuntza eskaintzen dituen hezkuntza proiektu baten parte baitira. Horrenbestez, XXI. mendeko hezkuntzara egokitutako eraikinak behar direlakoan, hezkuntza eredu horiei egokitutako eraikinetan inbertitzea da Hezkuntza Sailaren zutabe nagusietako bat. Hartarako sortu dute Hezkuntza Eraiki 2030 plana. Helburua, hauxe: XXI. mendeko erronkei erantzuteko hezkuntza eredu propio bat bermatzea eta indartzea, hezkuntza inklusibo bat sustatuta, berritzailea eta ikasleengan ardaztua.
Ikastetxeetako eraikinen helburuak sorkuntza sustatzea izan behar du, ikaslearen eta irakaslearen ongizatea bermatzea eta ikaskuntza prozesuetan laguntzea. Izan ere, hezkuntzako azpiegiturak ez dira eraikin soilak, ingurune baten parte dira, eta zuzenean eragiten dute ikasleen emaitzetan, motibazioan eta sistemaren ekitatean. Horregatik, Hezkuntza Sailak bikaintasuna, ekitatea eta jasangarritasuna sustatzen dituen eredu bat ezarri nahi du, inbertsio estrategiko batzuen plangintzaren bidez.
Eusko Legebiltzarrak inoizko aurrekonturik sendoena eman zion Hezkuntza Sailari 2025ean, 3.247 milioi, %3,9 igoerarekin. Horren bidez, apustu sendoa egin nahi da hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, besteak beste, azpiegituretan inbertituta hezkuntzaren etorkizuneko zutabeak norabide berri horien euskarri izan daitezen.
Metodologia berrietara egokituta
Azpiegiturak behar berri horietara egokitzeko, hainbat ardatz hartuko dituzte aintzat. Honatx garrantzitsuenak: azpiegituren berrikuntza integrala egitea metodologia berriei egokitutako espazio malguak eraikitzeko, altzari moldagarriekin, jasangarritasuna sustatuta eta sukalde integral eta jantoki osasungarriak eraikita. Sei ardatz nagusi daude, beraz, egoeraren arabera:
Eraikuntza berriei dagokienez, aintzat hartu beharreko honako aldagai hauek zerrendatzen ditu planak: energia efizientzia eta ingurumenaren errespetuaren irizpideak aintzat hartzea.
Eraikinak birgaitu behar direnean, energia eraginkortasuna eta aurrezpena aintzat hartzea. Irisgarritasuna eta erosotasuna ere kontuan hartu beharko da, modernizazio teknologikoarekin batera. Izan ere, XXI. mendeko hezkuntza ereduaren zutabeetako bat baita teknologia berriena.Â
Ikasgela malguak eraikitzea ere proposatzen da, hezkuntza proiektu berriei egokituta eta erronka teknologiko digitalari aurre egiteko gertu.
Bertako sukaldeen sustapena
Hezkuntza Eraiki 2030 planak proposatzen dituen inbertsio berrien artean sukaldeen eraldaketa dago. Proposatzen du trantsizio moduko bat egitea, eta, bertan berotutako janaria eman beharrean, tokian-tokian egokitutako sukaldeak eraikitzeko bidea egitea da asmoa, pixkanaka-pixkanaka.Â
Planean, arreta berezia jarri diete sukaldeei. Proiektu pedagogikoan integratutako eskola jantokiak izatea dute xede. Hezkuntza gunearen barruan sukaldea beste bat izatea dute helburu, ohitura osasungarriak eta elikadura jasangarritasuna sustatuta.
Horretarako, garraiatutako jana pixkanaka bertan egindakoarekin ordezkatzen joatea proposatzen dute, tokian tokiko sukaldaritza bultzatuta.Â
Bide hori egiteko, eskolen arteko hitzarmenez gain, beharrezkotzat jotzen dute udalekin harremanak sakontzea ere. Hargatik, udalekiko lankidetza bat proposatzen dute, eskolak egokitzeko orduan.Â
Horrez gain, planean eskatzen dute aniztasunari, inklusibotasunari eta genero ikuspegiari arreta jartzeko ere guneak diseinatzeko orduan, bai ikasgela barruan, bai ikastetxeetan egon ohi diren aisialdi guneetan.
Horiek guztiak aintzat hartuz gero, uste dute ikastetxeko komunitatea indartzeko bidea irekitzen dela, komunitate bateko kide sentitzearen harrotasuna indartzen delako. Ondo diseinatutako guneek hori sustatzen dute, eta ardura partekatua eragiten ikasle, familia eta ikastetxeko langileen artean.