Mutrikuko (Gipuzkoa) Kardala LHII eta Mutriku BHI ikastetxeek kalitatezko Lanbide Heziketa bermatzen diete ikasleei, hainbat arlotan. Kardala LHII ikastetxean akuakultura arloko goi mailako teknikaria izateko prestakuntza egin daiteke, eta Mutriku BHI ikastetxean Administrazioa eta finantzak eta Sistema elektrotekniko eta automatizatuak goi mailako zikloak, eta Mikroinformatika sistemak eta sareak erdi mailako zikloa egin daitezke.
Bi ikastetxeek eskualdeko Lanbide Heziketako eskaintza publikoa osatzen dute, inguruko eskaintza publiko bakarra. Heziketa dualari esker, bi ikastetxeetako ikasleek praktikak egiten dituzte enpresetan, bai lehen mailan —hiru aste—, bai bigarren mailan —hiru hilabete—. Inguruko enpresetan eta baita kanpoko enpresetan ere. Izan ere, Erasmus Plus beken programaren bidez, ikasleek kanpoko hainbat herrialdetan osa dezakete prestakuntza.
Aipagarria da bi ikastetxeetan, prestakuntza burutu ondoren, ikasleen laneratze tasa oso handia dela.

Kardala LHII
Akuakulturaren mundua gertuagotik ezagutu nahi dutenek, Kardala LHII ikastetxean jaso dezakete prestakuntza egokia, akuakulturako goi mailako teknikari gisa lan egiteko. Kardala LHII ikastetxea Lanbide Heziketako ikastetxe integratu publikoen sarean dago.Â
Akuakultura uretako izaki guztien (animalia zein landare) hazkuntzarako teknikak eta ezagutzak biltzen dituen arloa da, bai ur gazikoak, bai ur gezakoak, eta algak, moluskuak, arrainak eta krustazeoak barne hartzen ditu. Kontsumitzen ditugun muskuilu, ostra, txirla eta arrain gehienak —urraburuak, lupiak eta amuarrainak—, akuakulturaren bidez ekoizten dira gero eta gehiago. «Ikasleei eskaintzen diegun akuakultura heziketan, animalien ongizatea eta jasangarritasuna ezinbesteko baldintzatzat hartzen dugu, eta zeregin eta lan esparru guztietan txertatzen dugu», Kardala LHII ikastetxeko arduradunen hitzetan.
Kardala LHII ikastetxea Mutrikuko portuan kokatua dago, arrantzaleen kofradiaren egoitzan, eta ekipamendu egokia du ur gaziko zein gezako bizidunen hazkuntza, elikadura eta ugalketa aurrera eramateko eta horiek ikertu ahal izateko. «Ikasleek portuan dauzkagun instalazioetan praktikak egiteko aukera ere izaten dute. Izakien haziak jasotzeaz gain, beste batzuk loditzen jartzen dituzte, eta haien hazkuntza prozesuak ikasi eta jarraipena egiten dute».Â
Akuakulturako goi mailako teknikari baten zeregina zera da, orokorrean: izakien ongizatea bermatuz hainbat hazkuntza mota planifikatzea eta aurrera eramatea. Lan esparrua oso zabala da: amuarraindegi bateko hazkuntzaren arduraduna, muskuilu edo ostra haztegi bateko arduraduna, akuario bateko izaki bizidunen arduraduna, akuarologiako dendetako teknikaria, laborategi eta ikerketa zentroetako teknikaria, araztegietako langilea, ekosistema naturalen birpopulaketarako teknikaria, akuakulturarako ingurumen teknikaria, akuakulturarako patologietako teknikaria, eta arrantzaren eta akuakulturaren deribatu eta prestakin industrietako teknikaria.Â
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Bizkaiko golkoko kostaldean dagoen akuakultura arloko ikastetxe bakarra da Kardala. Espainiako estatuan beste bost bakarrik daude, Galizian, Katalunian, Andaluzian, Murtzian eta Lanzaroten. Hori dela eta, Kardala ikastetxean, Euskal Herriko eta kanpoko beste toki batzuetako ikasleak izan ohi dira (Kantabria, Errioxa, Aragoi...), eta, horregatik, euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte ikasgai guztiak.Â
Akuakultura jasankorrari helduz, zenbait egitasmotan parte hartzen ari dira Kardala ikastetxean. Horietako bat Dabeta-Alburejo proiektua da. Liza aurata espeziearen larbaren garapena eta bizi zikloa optimizatzea dute helburu, eta espezie omniboroentzako pentsua (ez dago animaliaz eginda), energia berritzaileak, digitalizazio sistemak eta ura aurrezteko ekipamenduak erabiltzen dituzte.Â
Kontserbazioari dagokionez, arriskuan dauden hainbat espezieren bizitza zikloak aztertzen ari dira —elikadura, habitata, ugalketa…— eta espezie horien etorkizunerako oso garrantzitsuak izango diren ezagutzak jasotzen.Â
Kardala LHII ikastetxearekin harremanetan jarri nahi izanez gero, telefonoz egin daiteke (943-60 71 37), posta elektronikoz (komunikazioa@kardala.eus), Instagram bidez (@kardalalhii) eta Kardala.eus webgunearen bidez.
Mutriku BHI
Mutriku BHI ikastetxeak, berriz, hiru heziketa ziklo eskaintzen ditu. Bi goi mailakoak, Administrazioa eta finantzak eta Sistema elektrotekniko eta automatizatuak, eta erdi mailako ziklo berri bat, eskualdean bakarra dena, Mikroinformatika sistemak eta sareak, hain zuzen ere. Ziklo hori bukatu ondoren ikasleak goi mailako zikloa bat egin edo teknikari instalatzaile bezala ahalko luke lan egin.Â
Administrazioaren arloko zikloan, enpresa mundurako prestatzeaz gain, administrazio publikoetako lan poltsetarako laguntza ematen diete ikasleei (Osakidetza, IT Txartela...). Elektrizitatearen arloko zikloko ikasleek, aldiz, nork bere kontura lan egiteko Instalatzaile Karneta lortzen dute prestakuntza bukatzerakoan.Â
Mutriku BHI ikastetxeko ikasleak talde txikietan aritzen dira. Ikastetxeak arreta pertsonalizatua eta malgutasuna eskaintzen die ikasleei. Horrela, ikasleek lana eta ikasketak bateratu ditzakete.
Ikasleek prestakuntza amaitu ondoren, lanbidea erraz aurkitzen dute, ikasleen laneratze tasa ia-ia %100ekoa baita. Askotan, merkatuaren arabera, enpresek ikasleak eskatzen dizkiote ikastetxeari, lanean has daitezen, nahiz eta ikastetxeko prestakuntza oraindik ez duten amaitu.
Administrazioaren arloko zikloko bigarren mailan, ikasleek praktika errealak egiten dituzte ikasgelan, enpresa simulazioa, hau da, enpresa batean egin beharko lituzketen zereginak egiten dituzte. Enpresa simulazioa erabiltzen duten ikastetxeek topaketa bat egiten dute bi urtetik behin Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan, eta Mutriku BHI ikastetxeak ekitaldi horretan parte hartzen du.
Azpimarragarria ere bada informatika arloko zikloko ikasleek konponketa tailerra egiten dutela, ikastetxeko komunitateari zuzenduta. Hau da, gailu digitalak konpontzen dizkiete ikastetxeko komunitateko kideei.
Mutriku BHI ikastetxea Hirigibel kaleko, 1. zenbakian dago. Argibide guztiak atsegin handiz ematen dituzte telefonoz (943-89 92 24), posta elektronikoz (idazkaritza@mutrikubhi.eus) eta Mutrikubhi.hezkuntza.net webgunearen bidez.