Osakidetzako lehen mailako arretako pediatra

Mirene Beriain: «Haiek dira gure etorkizuna. Haien buru osasuna eta garapena zaintzen ez baditugu, jai daukagu»

Pediatrak ohartarazi du gailuek diseinu adiktiboak dituztela eta haurrek eta nerabeek ez dutela tresnarik horiei aurre egiteko. Premiazkotzat jo du gizarte moduan neurriak hartzea.

Mirene Beriain Osakidetzako pediatra. BERRIA
Mirene Beriain Osakidetzako pediatra. BERRIA
2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mirene Beriain Osakidetzako lehen mailako arretako pediatrak argi du: haur eta nerabeen osasunean eragina du haietako askok pantailen aurrean ordu asko igarotzeak, eta premiazkoa da neurriak hartzea. Pantailetara lotuak. Zenbateraino eragiten diote pantailek gazteen buru osasunari? izenburupean, mahai inguru bat egingo dute datorren asteartean, Donostian. Beriainekin batera, Maitane Ormazabal psikologoak eta Iñigo Martinez filosofo eta irakasleak hartuko dute parte. Maiatzaren 5ean izango da, Jakes Goikoetxea BERRIAko kazetariak gidaturik, San Telmo museoan, 18:30ean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Laboral Kutxak eta San Telmo museoak babestuta egingo dute mahai ingurua.

Beriainek azaldu du haur eta nerabeen artan menpekotasun digitalarekiko ajeak nabaritzen dituela. «Gure lanean begirada hori ere sartu da, eta garrantzitsua da kontuan izatea diagnosia egiteko orduan». Dioenez, dagoeneko badago ebidentzia zientifiko nahikoa esateko gailu horiek, ezagutzen ditugun moduan eta erabiltzen diren moduan, eragina dutela hainbat garapen prozesutan, buru osasunean eta alor fisikoan. 

Zera ohartarazi du: «Gaur egun haur eta nerabeek smartphoneetan gehien erabiltzen dituzten aplikazioek diseinu adiktibo bat daukate; beraz, ezin ditugu tresna neutrotzat hartu; are gutxiago zaurgarriagoak direnen eskuetan, eta haur eta nerabeek, garapen prozesuan daudenean, garatzeko dauzkate erregulatzeko hainbat funtzio; eta zaurgarriagoak dira».

Kontsultan hainbat kasu ditu: «Zailtasun batzuk ikusten dituzu hizkuntzaren garapenean, edo buru osasunean. Hainbat faktorek eragin ditzakete zailtasun horiek, baina egunean batez beste sei orduz smartphonera lotuta egoteak, eta sei horietatik lau, gainera, Tiktok izateak eragina du. Eta hor egon den denbora horretan guztian egiteari utzi dionak ere badu garrantzia, gabeziak sortzen dituelako. Arazoaren parte izan liteke, ez dut esaten hori bakarrik denik, baina elika dezake».

Osasun publikoko arazotzat jo du, hartu duen tamaina ikusita. «Horregatik, neurriak hartu behar dira. Goitik ere bai». Begi onez ikusi du 16 urtetik beherakoei sare sozialak erabiltzeko debekua arautzea. «Debeku hitza ez zaigu gustatzen, eta nahi dugun bezala deitu ahal diogu, baina muga batzuk jarri behar dira haurrak eta nerabeak babesteko. Beharrezkoak dira».

Eta azaldu du zergatik: «Burmuineko funtzio eragilean, galga eta bolantea daude. Funtzio horiek inpultsoen aurrean galga jarri, eta bolantearekin gidatzen gaituzte. Hori 25 urtera arte ez dago guztiz garatuta. 18 urte inguruan garapen prozesurik handiena eginda dago, eta gero osatzen segitzen du 25 urtera arte. Kontua da umetan eta nerabetan galga eta bolantea ez daudela behar bezala garatuta, eta horregatik esaten dugu kanpotik jarri behar dugula muga. Haiek ezin dute».

«Hizkuntzaren garapenean ikusten dituzu zailtasun batzuk, edo buru osasunean. Hainbat faktorek eragin ditzakete, baina egunean batez beste sei orduz smartphonera lotuta egoteak, eta sei horietatik lau, gainera, Tiktok izateak eragina du»

«Saritze zirkuitua» delakoaz mintzatu da: «Burmuinaren parte bat da, eta plazera aurreikusten denean aktibatu egiten da. Espero duzunean plazerezko zerbait iritsiko dela, espektatiba horrek asko aktibatzen du burmuina, eta behin eta berriz errepikatzen du espektatiba hori betetzeko».

Hori da gaurko pantailen diseinuen eta aplikazioen helburua. «Denbora guztian zerbait berria eskaintzen dizute, zerbait zure gustukoa izango dena, algoritmoak hori badaki, eta zuk denbora guztian duzu espektatiba hori, hau da: ‘Zer izango da hurrengoa?’. Helduoi geratzea kostatzen bazaigu, pentsa haiei, ez baitute galgarik».

Horregatik iruditzen zaio larria gaur egungo egoera, eta premiaz arautu beharrekoa. «Agian ez da izango egin dezakegun onena, baina zerbait egin behar da. Denbora pasatzen ari da, eta belaunaldi bat badago horren guztiaren ondorioak pairatzen».

Erabakiak azkar hartu beharraren premia azpimarratu du: «Haiek dira gure etorkizuna. Haien buru osasuna, gaitasunak eta garapena zaintzen ez baditugu, jai daukagu. Hau ez da neurriz kanpoko eskaera bat, ez gara esajeratzen ari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA