Itsasmuseum itsasora konektatutako museoa da. Bizkaia eta bertako jendeak itsasoagatik eta itsasorako bizi izan dira mendeetan. Itsasoa munduari irekitako ate bat da, eta beste tradizioekin eta kulturekin lotura paregabea. Halaber, itsasoak euskaldunen izaera moldatu du mendez mende.
Itsasmuseumek hori guztia ezagutarazten du, Bilboko itsasadarretik Bizkaiko golkora zabaltzen den itsas unibertsoa. Udaberrirako eta udarako programazio zabala eta interesgarria antolatu du: erakusketak, bisita gidatuak, umeentzako tailerrak, ihes gela eta beste zenbait jarduera.
Erakusketak
Apirilaren 26ra arte, museoko erakustareto bietan, ARS EX INDUSTRIA, artea, euskal kultura eta ondare industrialaren isla erakusketa ikusi ahal izango da. Euskal Industria Ondarearen eta Herri Lanen Elkartearen 40. urteurrena dela eta antolatutako jarduera nagusietako bat da. Sorkuntza artistikoaren bidez euskal industrializazioaren aztarnari omenaldia egin nahi dion arte garaikideko erakusketa kolektibo honek hainbat artisten lanak biltzen ditu, artea, memoria, emozio eta etorkizunerako proiekzio tresna gisa aldarrikatuz. Erakusketak Euskal Herriko eta kanpoko 36 artistaren obra biltzen ditu, 1980ko hamarkadatik gaur egunera arte sortutakoak. Artistek industriaren unibertso estetikoan, sinbolikoan eta sozialean sakondu dute, pinturaren, eskulturaren, argazkigintzaren, instalazioaren edo bideoaren bidez. Ez da euskal industria-iraganaren islapen hutsa: interpretatu, eraldatu eta berrirakurri egiten du.

Maiatzean, erakustareto nagusian, Dario Urzay artistaren Alpha & Omega of a steamer: Cabo Blancoren azken ubera erakusketa egongo da zabalik. Dario Urzay artistak bere familiaren historiari buruz egindako ikerketa pertsonalari buruzkoa da erakusketa, eta, bereziki, 1908an Euskalduna Ontziolan eraiki eta 1936an hondoratutako Cabo Blanco itsasontziari buruzkoa. Duela gutxi aurkitutako familiaren negatiboetatik eta artxiboetan egindako bilaketa batetik abiatuta, Urzayk memoria zatikatu bat berreraikitzen du, non itsas historia, galera, nortasuna eta paisaia nahasten diren. Erakusketak ez du egia dokumental bat eskaini nahi, irakurketa emozional bat baizik, non ontziaren hondoratzea eta 2025ean aurkitutako hondakinak desagerpenaren metafora bihurtzen diren, denboraren igarotzea eta historiaren eta memoriaren lainoaren artean dagoena.
Carol Iglesias gunean, berriz, apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran, Xingyi Lin Chen artista gaztearen Memoria migratoria: archivos de la comunidad china en Euskadi (Migrazio-memoria: txinatar komunitatearen artxiboak Euskadin) erakusketak Euskadiko txinatar komunitatearen memoria aztertuko du arte sortzaileko instalazio baten bidez. Proiektu honen bitartez egileak, alde batetik, oharkabean igaro ohi den komunitate bati ahotsa eman nahi dio —bere eguneroko existentzia ikusaraztea, estereotipo edo aurreiritzietatik urrun, eta bere oroimena oroitzapen eta egokitzapen kulturalen sare bizi gisa erakustea—, eta, aldi berean, gizartea komunitate horretara hurbildu nahi du enpatiaren bidez.
Ondoren, uztailean, Emakume zamaketariak: Ikusarazi beharreko lanbidea-Cargueras: un trabajo a reivindicar erakusketa ikusi ahal izango da. Mendeetan zehar baldintza gogorretan —eta askotan ikusezin bihurtuta— Bizkaiko portuetan salgaien zamalanetan lan egin zuten emakumeak omentzen ditu erakusketak. Dokumentu, argazki eta material historikoen bidez, lurraldeko garapen ekonomiko eta komertzialerako funtsezkoak ziren langile horien memoria berreskuratzen du erakusketak, tradizioz gizonezkoekin lotuta egon den baina XVI. mendetik XX. mendearen erdialdera arte ehunka emakumek egin zuten ofizio bat ikusaraziz. Erakusketa Bizkaiko Batzar Nagusietatik dator, eta Amaia Apraiz Sahagun eta Maria Romano Vallejok egindako ikerketa eta dokumentaziotik abiatuta osatu da.
Jarduera ugari
Bisita gidatuak museoko sarrerarekin asteartetik ostiralera izaten dira, arratsaldeko 17:00etan. Erakusketa iraunkorra ulertzeko azalpena ematen da, eta beste azalpen bat Erain ontzigintza eta ondare gunean, erriberako arotzerian. Asteburuan, larunbatean eta igandean, bisitak 11:30ean izaten dira. Larunbatetan, astean zehar erakusten dena, eta igandetan Athleticen gabarra ezagutzeko aukera eskaintzen da.
Aste Santuan umeentzako tailerrak antolatuko dira, eta, udan, talde, erakunde eta udalekuetarako tailerrak.
Bestalde, Bilbobentura egitasmoarekin batera eskaintzen den Ezagutu Bilbo itsasadarretik jardueran, bisitariek museoa ikusi eta itsasadarretik piraguan edo padel sup-ean ibiltzeko, edo ertzetatik bizikleta irteera bat egiteko aukera izango dute. Uda garaian eskaera handia izaten duen jarduera da.
Horrez gain, Bilbo, 1803, Itsasmuseumeko ihes gelan, benetako gertaeretan oinarritutako abentura batean murgildu daitezke parte hartzaileak, zentzumen guztiak martxan jarrita; ederki pasatuko dute. Sormen handia behar da, baita abilezia, ausardia eta talde koordinazio bikaina ere.
Aipagarria ere bada ostiral eta larunbatetan, 21:00etan, Carola garabi ospetsua itsasargi bat balitz bezala funtzionatzen ikus daitekeela. Carolaren Arima proiektuak Carola garabiari bizitza ematen dio. Artea, teknologia eta berrikuntza batzen dituen argi-instalazio artistiko bat da, publikoaren gozamenerako. Carola garabia Bizkaiko ikur maitatu eta adierazgarrienetako bat da, Bizkaiko ondare industrialaren pieza oso garrantzitsua.
Belaontzi handien programaren eskutik, udan itsasontzi asko pasatzen dira Itsasmuseumen kaitik. Mater Museo Ekoaktiboa maiatzeko azken astean eta uztaileko lehenengo astean izango da bertan, eta bisita gidatuak, tailerrak eta beste hainbat jarduera eskainiko ditu Zero Zabor Uretan bere kanpainaren baitan. Beste itsasontzi batzuk ere etorriko dira udan.

Musikaz ere goza daiteke Itsasmuseumen. Nave 9 museoko kafetegiaren zuzeneko musika programa oso zabala baita, ia asteburuero kontzertuak daude, udan askotan kanpoaldean DJ eta beste motako musikariak aritzen dira terrazan, eta, abuztuan, Aste Nagusian, kontzertu programa bat prestatzen dute zabalgunean.