Oiartzungo Udala

Kultur eskubideak bermatzearen aldeko apustua

Garazi Urdampilleta Oiartzungo alkateordeak ‘Kultur politiketan parte hartzeko eskubidea’ ponentzia aurkeztu du ‘Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen’ jardunaldian, Azpeitian.

Garazi Urdampilleta
Garazi Urdampilleta ‘Kultur politiketan parte hartzeko eskubidea’ ponentzia aurkezten. OIARTZUNGO UDALA
2026ko azaroaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oinherri elkarteak Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen jardunaldia egin zuen herenegun, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean (Gipuzkoa). Jardunaldi horretan, Garazi Urdampilleta Oiartzungo (Gipuzkoa) alkateordeak Kultur politiketan parte hartzeko eskubidea ponentzia aurkeztu zuen.

«Oiartzungo Udalak kultur eskubideak lantzeko marko bat dauka, Kultura Mahaia», Urdampilletaren hitzetan. Oiartzungo Kultura Mahaia herriko kultur eragileak, sortzaileak, elkarteak, herritarrak eta udala elkartzen dituen parte hartzerako eta lankidetzarako gunea da. Oiartzun Burujabe egitasmo zabalagoaren baitan kokatzen da, herriko kultur ekosistema elkarlanean antolatzeko eta sendotzeko helburuz. «Kultura Mahaian agente desberdinak elkartzen dira. Eskubideen gaian sakontzeko parte-hartze prozesu bat egin dugu herriko eragileekin, eta ekarpenak jaso ditugu. Plangintza bat daukagu kultur eskubide horiek pixkanaka bermatzen joateko, eta, bide hori edukita, hurrengo urteetan kultur eragileekin sakontzeko lan ildoa izango da».

Horretarako, herritarren kultur eskubideak bermatzearen aldeko plangintza bat abiarazteko, lanketa prozesu bat egin zuten. «Kultur eskubideen lanketa herrira ekartzeko interesa zegoen, eta prozesu bat egin genuen ikusmolde hori sozializatzeko eta eragileekin lantzeko, Artaziak kooperatibaren laguntzarekin».

Aurreko ikasturtean hiru saio antolatu zituzten. Saio teoriko bat egin ondoren, mapeoa eta soziograma egiteko saio praktiko bat egin zuten herriko eragileekin, eta, hirugarren saioan, kultur eskubideetan oinarritzen den 2037ra arteko plangintza egin zuten. «Kultura Mahaiak lanerako marko bat ematen digu. Mahai hori da une honetan herriko kulturgintzako trakzioa eta koordinazio puntua. Adibidez, musikaren gaia landu genuen aurreko ikasturtean. Eskola bat sortu dugu herrian, eta Kultura Mahaian parte hartu zuten musika eskolaren inguruan lanean ari ziren eragileek. Beraz, herriko eragileak aldatzen joaten dira gaiaren arabera».

Prozesu horretan haurrak protagonista nagusienak ez izan arren, haien parte hartzea ahalbidetzen duten hainbat bide zehaztuta dauzkate: «Adibidez, kultur etxean haurrek zer ikusi nahiko luketen jasotzen da haurren parte hartzearen kanalaren bitartez, herriko festetan ere haurrek eduki nahiko lituzketen ekintzak jasotzen dira, haurrei galdetzen zaie zer nolako kultur eskaintza eduki nahi duten, eta, bestela ere, haurrentzako ekintza ugari antolatzen dira Oiartzunen».

Kultur hezkuntza komunitarioa

Oinherri elkartea, Artaziak kooperatibarekin batera, kultur hezkuntza komunitarioaren esparrua lantzen ari da. Lan ildo horren helburu nagusia da herritarren kultur eskubideen gaia mahaigaineratzea. Baina ez hori bakarrik, herri hezitzailearen ikuspegitik, kultura eta euskal kultura definitu dituzte, eta herrietan kultur eskubideak praktikara eramateko eman daitezkeen pausoen proposamena prestatu dute.

Horretaz guztiaz aritu ziren herenegun, Oinherri elkarteak berak Azpeitiko Dinamoa sormen gunean (Gipuzkoa) antolatu zuen Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen jardunaldian. Kultur eskubideak azaltzeko adibideak landu zituzten. Horrela, Aritz Ibañez Lusarreta, dantzaria, kazetaria eta Iruinkokoa edo Iruñeko libertimenduaren sustatzaileetako bat, identitateaz mintzatu zen.

Amets Sorazu Agirre, Dinamoa sormen guneko kidea eta Kulturaz kooperatibako sormen eta transmisio proiektuen arduraduna, hezkuntza arloko Txinaurriak, Sorginorratzak eta Laiari sormen eta transmisio proiektuei buruz aritu zen. Ainara Harotzarene eta Kattina Haran Razin Euskal Herria Zuzenean jaialdiko kideek, berriz, sormena izan zuten hizpide.

Naiara Martin, aisia hezitzaile eta euskaltzalean aritua eta Oinherriko kidea, herrietako jaietako umeen eta nerabeen egunei buruz aritu zen jardunaldian. «Nire gradu amaierako lana da; herri bateko umeen egunean haurrek zertan parte hartzen duten aztertu dut, eta proposamen bat ere egin dut».

Parte hartzea oso garrantzitsua dela argi dute Oinherri elkartean, eta kulturak horretarako aukera ematen duela. «Guk oinarritik parte hartzeari garrantzi handia ematen diogu, eta uste dugu kulturak aukera ezin hobea ematen duela komunitatean parte hartzeko. Baina ez egitarauetan agertzen den kontsumitzeko kultura hori, ez gabiltza horretaz, baizik eta elkarreraginean eta sormenean oinarritzen den kultura».

Testuinguru horretan kultura zer den definitu dute. «Kultura hizkuntzarekin batu beharra ikusten dugu, batez ere hizkuntzaren ezagutza hori esanguratsua izan dadin kanpotik datozenentzat. Zertarako ezagutu behar dute? Komunitateak ematen dizu hizkuntza, lurreratzeko modua».

Euskal kultura zer den definitu dute. «Eta euskal kultura hori nola josi gaur egun Euskal Herrian bizi diren beste kultur komunitateekin. Horrez gain, kultur eskubideak ekarri ditugu, kultur eskubide bakoitza azaldu dugu, eta horiek nola lurreratu daitezkeen herrietan, betiere, haur eta nerabeengan pentsatzen».

Izan ere, Oinherri elkarteak haurrak eta nerabeak ardatz nagusia izanik lan egiten du, hau da, adin txikikoak. Arlo horretan, Martinek bi esparru nabarmentzen ditu: «Bi arlo gurutzatzen dira: haurtzaroaren kulturaren arloa, eta guztiok dauzkagun kultur eskubideena. Haurra etorkizunerako prestatzen ari den objektutzat hartu beharrean, gaur egun subjektu politikoa ere badela azpimarratu nahi dugu».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA