Bilboko Udalak bultzatzen duen Mundu bat bertso egitasmoaren barruan, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideek saioak antolatzen dituzte ikastetxeetan, horretarako propio sortutako materialarekin —online materiala eta material fisikoa—, bertso zaharrak, doinuak, kantak, oinarri teorikoak eta abar lantzeko.
Proiektuaren helburuak
Gaitasun mailan:
•Bertsolaritza kultur adierazpide bat den aldetik, haren oinarrizko ezagutza izatea.
•Bertsozaletzea eta euskararekiko jarrera positiboa izatea.
•Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia garatzea.
•Jendaurreko emanaldi bat egiteko oinarrizko betekizunak zein diren jakitea eta egoki baliatzea.
•Taldean harreman onak sustatzea.
Ikastetxe eta hiri mailan:
•Ikastetxean eta hirian bertsozaletasuna eta bertsolaritza sustatzea.
•Ikastetxetik kanpo, haurrek jarraipena ematea zaletasun horri euren inguruan.
Mundu bat bertso proiektuaren barruan, ekintza osagarriek berebiziko garrantzia dute. Ikasturtean zehar ikasgelan egindako lana plazaratzeko eta ikasleen motibazioan eragiteko akuilu dira, eta, gainera, funtsezkoak dira Mundu bat bertso proiektuaren bidez hirian eta ikastetxeetan lortu nahi diren azken helburuei erantzuteko ere. Alegia, ikastetxean edota hirian bertsozaletasuna eta bertsolaritza sustatzea, eta ikastetxetik kanpora ere haurrek jarraipena ematea zaletasun horri beren inguruan.
Ekintza osagarriak hauexek dira:
Topaketa: Ikasturtea ondo amaitzeko, hainbat ikastetxetako ikasleak jai giroan elkartzen dira, ikasturtean zehar egindako lanaren errepasotxoa egiteko. Egun horri Bertso Topaketa izena ipini zaio. Forma ugari hartzen baditu ere, bertso saio bat, kantaldi bat eta ikastetxeetako ikasleen parte hartzea izan ohi dira oinarriak. Horrez gain, Mundu bat bertso proiektuan parte hartu duten ikastetxeei oroigarria banatzen zaie.
Kantaldia: Ikasleek ikasturtean zehar ikasitako bertso eta kanta zahar eta berriak abesten dituzte kantari eta gitarra jotzaile baten laguntzaz. Saio horien bitartez, gainera, Euskal Herrian kanturako dagoen zaletasuna gazteen artean ere hedatzen da.
Bertso saioa: Bertso saioen helburua da ikasleak bertsolaritza bere esparru naturalean bizitzea. Ikasleak bertso saio batean dauden elementu guztiez jabetzen dira: gaiak, gai jartzailea, bertsolariek erabilitako baliabideak, ariketak, entzulearekiko komunikazioa.... Gehienetan, egun berezien inguruan egin ohi dira: eskolako jaia, euskararen astea...
Bilbertsoak: Ikasturtearen amaieran, liburu bat argitaratzen da Bilboko ikastetxe guztietan gelaz gela batutako lanarekin. Orrialde bakoitzean ikasle talde baten argazkia eta bertsoak edo koplak ikus daitezke. Ikasturte osoko lanaren erakusleiho txiki bat da. Hala gura duten ikastetxeetan, ikasle bakoitzak bilduma horren ale bat eramaten du etxera, oroigarri legez, eta horrela gurasoek ere ikus dezakete.
Irratsaioa: Bizkaia irratiarekin lankidetzan, Zortziko txikia irratsaioa grabatzen da astero-astero, urtarriletik maiatzera bitartean. Aste bakoitzean ikastetxe batek parte hartzen du. Irratsaioari garrantzi handia ematen zaio, modua ematen duelako gelako lana ezagutarazteko. Horren bitartez, jendaurrekotasuna, ahoskatzea eta taldekako lana lantzea lortzen da.
Bat-bateko taldeak: Aukera egoten da ikastorduetatik kanpo bat-bateko bertsolaritzan trebatzeko taldeak sortzeko. Bat-bateko taldeek ikastetxeen eta bertso eskolen arteko lotura bultzatzea dute helburu, bertsolari gazteak sortzearekin batera. Ikasleren bat interesatuta egonez gero, ikastetxeak bertsolaritza irakasleari jakinarazten dio.
2025-2026ko ikasturtean, 2.150 haur inguruk, 330 ikastetxek eta 97 taldek parte hartu dute egitasmoan.
Ikasturte amaierako Bertso Topaketari dagokionez, ekainaren 3an egin da, Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Ikastetxe hauek parte hartu dute topaketan: Urretxindorra Ikastola, Zamakola HLHI, Viuda de Epalza HLHI, Begoñazpi Ikastola, Karmelo Ikastola HLHI, La Salle Ikastetxea, Uribarri HLHI, Mujika HLHI, Deustuko Ikastola HLHI, Arangoiti HLHI eta Nuestra Señora del Pilar HLHI. Guztira, 500 ikasle inguru bildu dira.
Euskal Herriko bost mendietako deiadarra izan da topaketaren ardatza. Ikasleek lehendik egindakoen antzeko ariketak egin dituzte: bertsolari bati bertso bat edo asmakizun bat botatzea, edo beste ikastetxe edo heldu bati bertsotan erantzutea. Bestalde, Mikel Inuntziaga musikariaren laguntzaz egindako kantaldia eta Aitor Etxebarriazarraga (Bizkaiko bertsolari txapelduna), Enara Gallastegi (Bizkaiko eskolarteko bertsolari txapelduna) eta Maite Sarasola (Bilboko erreferentziazko bertsolaria) bertsolarien bat-bateko saioa ere txertatu dira ikuskizunean.