Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako ikaslea

Yune Rodriguez: «Norbere erosotasun eremutik ateratzeak duen balioa erakutsi dit Erasmus Plusek»

Yune Rodriguez
ARIZMENDI IKASTOLA
2026ko apirilaren 29a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ferixalekuko Erizaintzako Zaintza Osagarrietako lehen mailako ikaslea den Yune Rodriguez Greziatik itzuli berri da, Erasmus Plus programaren baitako TEAMIT Plus proiektu pilotuan parte hartu ondoren. Nazioarteko egonaldi hori ez da bidaia huts bat izan; Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Finlandiako eta Greziako beste berrogei gazterekin batera, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren alorrean murgildu da Yune.

Proiektu honen helburua prestakuntza eredu klasikoak eraldatzea da, gizarteak eskatzen dituen gaitasunak sustatuz —ingurumen kontzientzia eta talde lana, esaterako—. Baina nola bizi izan du ikasle batek erronka hau bertatik bertara? Zer ikasi du Akropoliaren itzalpean eta kultura anitzeko talde baten erdian? Yunek bere bizipenak kontatu dizkigu, Erasmus Plus esperientzia batek gazte baten bizitza pertsonala eta profesionala nola markatu dezakeen erakutsiz.

Askotan esaten da Erasmus Plus esperientzia batek bizitza aldatzen dizula. Zure kasuan, zer izan da Greziako egonaldi honetatik gehien disfrutatu duzuna eta zergatik gomendatuko zenuke?

Zalantzarik gabe, pertsonalki zein profesionalki asko hazteko balio izan dit. Lau herrialdetako 40 lagun elkartu gara, eta horrek begiak ireki dizkit: besteengandik ikasteko aukera etengabea izan da. Greziako kulturarekin erabat maitemindu naiz; bertako leku historikoak bertatik bertara ikustea eta gastronomia lokala probatzea esperientzia ahaztezina izan da. Baina, batez ere, esango nuke norbere erosotasun eremutik ateratzea dela garrantzitsuena. Beste lurralde batean bizitzea eta jatorri desberdineko jendearekin harremanetan jartzea oso aberasgarria da; horregatik, ikasle orori gomendatuko nioke horrelako abentura batean murgiltzea, mundua ikusteko modua aldatzen dizu eta.

Zerk bultzatu zintuen TEAMIT Plus bezalako proiektu pilotu batean parte hartzera, eta nola jaso zenuen aukera?

Nire eguneroko ingurunetik harago joateko gogoa neukan; erronka berri bati heldu nahi nion, eta proiektu hau aukera paregabea iruditu zitzaidan. Hautaketa prozesua nahiko zorrotza izan zen, eta hainbat etapa gainditu behar izan genituen; egia esan, hasieran ez nuen sinesten hautatuko nindutenik. Herrialde bakoitzeko hamar pertsona bakarrik aukeratzen zituzten —guztira lau nazionalitate—, eta talde txiki horretako partaide izatea ohore handia izan da niretzat.

Proiektuaren helburuetako bat prestakuntza ereduak eraldatzea da. Zer motatako erronkak edo dinamikak landu dituzue?

Hemen trust the process (fida zaitez prozesuaz) leloa barneratu dugu. Ez geneukan agenda itxi bat; Greziara iritsi ginenean, ez genekien aldez aurretik zer egin behar genuen edo nola lan egingo genuen. Ziurgabetasun hori kudeatzen ikasi dugu. Dinamika oso praktikoak izan dira; armiarma-sarea bezalako jolas eta ariketen bidez talde lana eta berrikuntza sustatu dugu. Garrantzitsuena ez zen emaitza bakarrik, baizik ekintza guztietan aktiboki parte hartzea eta gure kabuz bide berriak bilatzea.

Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Finlandiako eta Greziako ikasleak elkartu zarete. Nola moldatu zarete?

Hasieran harrigarria egiten da ikustea zein ezberdinak garen gure ohitura eta kulturetan, baina lanean hasi bezain pronto konturatu gara puntu amankomun asko ditugula. Hizkuntza edo ohitura desberdintasunak ez dira muga izan: alderantziz, elkar osatzeko balio izan digute. Elkarlanean aritzeak erakutsi dit bakoitzak bere ikuspuntu berezia duela eta horrek emaitza aberastu egiten duela.

TEAMIT Plus proiektuak garrantzi handia ematen dio ingurumenari. Nola txertatu duzue begirada hori?

Jasangarritasuna izan da gure lan saioen ardatzetako bat. Sortu ditugun ideia eta proiektu guztiek ingurumen inpaktua izan dute kontuan. Helburua ez zen soilik zerbait berritzailea sortzea, baizik eta sorkuntza horrek gizartean eta naturan modu positiboan nola eragin dezakeen pentsatzea. Gure proiektuak egiteko orduan, begirada ekologiko eta arduratsu hori txertatu dugu hasieratik.

Erizaintzako Zaintza Osagarrien ikaslea izanda, zer ekarpen egiten dio egonaldi honek zure etorkizunari?

Nire lanbidean, Erizaintzako Zaintza Osagarrietan, funtsezkoa da pertsonekin enpatizatzea eta egoera berrietara moldatzea. Erasmus Plus programak aldaketen aurrean malgua izaten irakatsi dit. Etorkizunean, ziur nago Grezian garatutako moldagarritasun honek eta jatorri askotako jendearekin lan egiteko gaitasunak profesional hobea izaten lagunduko didatela, edozein testuingurutan segurtasun handiagoz aritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA