Euskadiko Lanbide Heziketa sistemaren asmoa da Lanbide Heziketa sendoa, berritzailea eta Euskadiko pertsonekin eta garapen jasangarriarekin konprometitua eskaintzeko lanean jarraitzea, Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailburua den Begoña Pedrosaren esanetan. Bide horretan da, aspaldidanik, Bilboko Harrobia ikastola.Â
Aurten 25. urteurrena bete arren, 2011n oinarri sendoa jarri zion ikastolen lanbide etxeari, Portugaleten sortu arren, Bilbon errotutako zentroaren ateak irekiz. Ikastolak Portugaleten emandako urte haietan guztietan Lanbide Heziketaz ikasitakoak eta Bilboko espazio horretan egindako lanak Lanbide Heziketako zentro sendoa izaten lagundu diote Harrobia ikastolari.
Eraikineko sarreran dagoen bertsoak berak dioenez, Harrobia egurra bada, berrikuntza da ezpala; egunerokoan berrikuntzari begira dagoen zentroa, eta, nola ez, eskola jasangarriaren izendapena eskuratu zutenetik, garapen jasangarriarekiko konpromiso argia daukan zentroa.
Ezaugarri horiek Eusko Jaurlaritzak 2030. urterako argitaratu berri duen Lanbide Heziketaren estrategian azaltzen dira; dokumentu horretan bertan Lanbide Heziketa sistemak datozen lau urteetan izango duen iparra zehaztu da bost ardatz hauetan: talentua, berrikuntza eta ekintzailetza, jasangarritasuna, eraldaketa digitala eta nazioartekotzea.
Enplegagarritasuna
Alabaina, ez lukete zentzurik izango bost ardatz horiek Lanbide Heziketak duen helburu nagusietako bat lortu gabe, alegia, pertsonen eta gizartearen zerbitzura dagoen Lanbide Heziketa sortzea. Ikasleen garapen integralaren barruan enplegagarritasuna hobetzea, edo, bestela esanda, lana topatzeko aukerak handitzea, horixe da ikasleek eta gurasoek eskatzen dutena, besteak beste. Horretaz jabeturik, Harrobia ikastolak lau familiatan eskaintzen dituen sei zikloetako okupazio tasak honako hauek dira, hain zuzen ere: Jarduera Fisikoak eta Kirolak arloetan, %89,20; Â Irudia eta Soinua arloetan, %68,90; Informatika eta Komunikazioa arloetan, %79,70; eta Merkataritza eta Marketina arloetan, %82,30.
Eraldaketa teknologikoak, Estrategia 2030 txostenaren aburuz, ohiko zereginen minimizazioa eta profil tekniko moldakorren gero eta eskari handiagoa dakartza berarekin. Profil horiek honako ezaugarri hauek dituzte, besteak beste: konpetentzia digital handiagoak, gaitasun analitikoa, ingurune konplexu eta konektatuetarako moldagarritasuna, eta etengabeko ikaskuntzarako eta arazoak konpontzeko trebetasunak.
Konpetentzia digitala
Harrobia ikastolak darabilen ikas ereduak ikasleari laguntzen dio ingurune konplexuetan bere iniziatibak garatzen. Ikasleari arazo baten azterketa egitea planteatzen zaio, eta hark, sen kritikoa erabiliz, alternatibak planteatzeko abagunea izaten du. Horrela, ikasleak, talde lanean, betiere, arazoaren alternatiba hori gauzatu beharrean aurkitzen dira. Horretarako, konpetentzia digitala erabiltzera ohitu dira ikasleak, batez ere adimen artifiziala, ikasprozesuaren oinarrizko osagai bihurtuta.
Eta honela sortzen dira ikasle talentudunak, berritzaile eta ekintzaileak, ingurumenarekiko arduratsuak, digitalki trebeak eta mundura jauzi egiteko prest daudenak, hau da, prestakuntza sendoarekin, pertsonekin eta garapen jasangarriarekin erabat engaiaturik.
Harrobia ikastolak, 25 urtez ibiliz, dagoeneko ikasi du oinez.
Harrobia ikastolari buruzko informazio gehiago esteka hauen bidez jakin daiteke: https://harrobia.net/ eta https://harrobia.net/zikloak/.
Â
Â