Bilbo Zientzia Plaza 2026

Zientziaren hilabetea hasiko da Bilbon BZP jaialdiarekin

Aurten ere Bilbok ongietorria emango dio udazkenari BZP Bilbo Zientzia Plaza jaialdiarekin. Irailaren 16tik urriaren 4ra, 9. BZP festibalak hiria bakarrizketaz, erakusketez, hitzaldiz, tailerrez eta zientzia ikuskizunez beteko du.

BZP Bilbo Zientzia Plaza jaialdia.
Naukas Bilbao programaren barruan, publiko mota desberdinei zuzendutako hainbat jarduera antolatuko dira Euskalduna Bilbao jauregian. @ IÑIGO SIERRA | EHU-KO KULTURA ZIENTIFIKOKO KATEDRA
2026ko irailaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta, Bilbo Zientzia Plaza (BZP) ekimena berritasunez beteta itzuliko da irailean, eta agertoki berriak ere izango ditu: Bidebarrietako Liburutegia, Bizkaia Aretoa-EHU, Arte Ederren Museoko aurrealdea, Euskalduna jauregia eta EDE Fundazioaren Guruzu Plazagunea.

Irailaren 16tik urriaren 4ra programatuko diren jarduera guztiak doakoak izango dira, tokiak bete arte.

Naukas Bilbao berritu egingo da

15. urte bete ondoren, Naukas Bilbaoren beraren berrikuntza izango da berritasunik handiena. Estatuko zientzia-dibulgazioko ikuskizun nagusiak formatua berrituko du, edukietan eta hitzaldien iraupenean hainbat aldaketa eginez. Programa euskarazko eta gaztelaniazko hitzaldiekin osatuta dago.

Naukas Bilbaoren programa berrituaren barruan, irailaren 18tik 20ra Euskalduna jauregiak publiko mota desberdinei zuzendutako hiru jarduera hartuko ditu: Naukas Gazte —ostiralean, hilak 18, goizez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat pentsatutako hitzaldiekin—; Naukas Bilbao Hastapenak —irailaren 19an, larunbatez, goizeko eta arratsaldeko saioetan, publiko orokorrarentzako hitzaldiekin— eta Naukas Kids —irailaren 20an, igandez, haurrei zuzendutako jarduerekin—. Gainera, Naukas Kidsen programazioa hiriko beste gune batzuetara ere zabalduko da, Bizkaia Aretoa-EHUn eta eraikinaren inguruan antolatutako ikuskizunekin. Haurrentzako proposamenak hiru ikuskizun eskainiko ditu.

Irailaren 18an, ostiral goizean, estatu mailan zientzia-dibulgazioko erreferentziazko ikuskizuna den Naukas Bilbao Euskaldunako Auditoriumera itzuliko da Naukas Gazte 2026 saioarekin. Ekimena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzako pentsatuta dago. Naukas dibulgazioko plataformaren sortzaileetako bat den Javier Pelaez eta Idoia Torregarai kazetari eta umoregileak gidatuko dute.

Bertaratzen direnek 15 minutuko zortzi hitzaldi zientifiko labur eta entretenigarriak aditzeko aukera izango dute. Hizlariek hainbat gai jorratuko dituzte; besteak beste, unibertsoaren amaiera, kiroletik haratagoko bizitza edo etorkizunean 3D inprimaketak eskainiko dituen aukerak. Josu Lopez-Gazpio kimikaria eta Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Kimika sailburua, Jose Luis Crespo (Quantum Fracture) fisikaria eta dibulgatzaile zientifikoa, Gemma del Caño farmazialaria eta dibulgatzaile zientifikoa, eta Ainara San Juan erizaina eta EHUko ikertzailea mintzatuko dira, besteak beste.

Irailaren 19an, larunbatean, Naukas Bilbao Hastapenak saioaren txanda izango da. Publiko orokorrari zuzendutako jardunaldiak dozena bat hitzaldi eta ikuskizun baino gehiago bilduko ditu, gidari izango duen ildo nagusi beraren inguruan: historiako hastapen handiak. Hamabost minutuko istorioetan, zientziak aztertutako hastapen handietako batzuk jorratuko dira: unibertsoarena, hizkuntzarena, musikarena edo teknologiarena. Santa Martinez Europako Espazio Agentziako (ESA) sistemen ingeniaria, Kepa Ruiz-Mirazo Biofisika Institutuko (CSIC-EHU) fisikaria eta zientziaren filosofoa, eta Joanes Lizarraga kosmologoa eta EHUko ikertzaileak parte hartuko dute, besteak beste.

Naukas Bilbao 2026 irailaren 20an, igande goizean, bukatuko da Naukas Kids haurrei zuzendutako jardueren programaren aldi berri batekin. Aurtengoan, hiru ikuskizun egingo dira, eta jardunaldiari amaiera emango dio Euskaldunan zuzenean eskainiko den EITBko Makusi plataformako Zientzia Piztia saioak. Esperimentu zientifikoetan oinarritutako ikuskizun honen helburua da zientzia etxeko txikienei modu atseginean gerturatzea. Ekimena Arnaitz Fernandez fisikari eta meteorologoak aurkeztuko du, Makusi plataforman bezala, Virginia Imaz pailazoarekin batera.

Naukas Kids ekitaldiaz gain, Bilbo Zientzia Plazak haurrei eta familiei zuzendutako programazioa zabalduko du 2026an BZP Tailerrak ekimen berriarekin, ikuskizun, tailer eta lehiaketen bidez zientzia hurbiltzeko, urriaren 4ra arte.

Intsektuak, aldi honetako protagonistak

Jaialdia irailaren 16an, asteazkenean, hasiko da Bidebarrietako Liburutegian, Natura Bizia (2021) dokumentalaren emanaldi-solasaldiarekin, Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan. Proiekzioaren ondoren, dokumentalaren lantaldeko kideekin solasaldia egingo da. Zikloak irailaren 30ean izango du bigarren saioa, oraingoan intsektuen munduari begira, Beatriz Diaz Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia Saileko ikertzailearen eskutik.

Izan ere, intsektuek protagonismo berezia izango dute aurtenn. Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoarekin elkarlanean antolatutako Intsektuak. Kontatzen duten guztia erakusketa irailaren 19tik urriaren 4ra bitartean egongo da ikusgai. Bizkaia Aretoa-EHUn egongo den erakusketak intsektuen aparteko aniztasuna ezagutzeko ibilbidea proposatzen du. Ezagutzen diren espezie guztien % 60-70 hartzen du.

Erakusketaren helburua intsektuekiko jakin-mina piztea bada ere, harago doa: haien biologia, portaera eta ekologia aztertzeaz gain, elikadura-katean eta ekosistemen orekan egiten duten ezinbesteko ekarpena ere erakusten du. Era berean, erakusketa ikuspegi inklusibo eta irisgarri batetik diseinatu da, eta hainbat baliabide eskaintzen ditu intsektuen mundu liluragarria ahalik eta pertsona gehienengana hurbiltzeko.

Matxinsaltoa
Intsektuak. Kontatzen duten guztia erakusketa Bizkaia Aretoa-EHUn zabalik egongo da. © NAFARROAKO UNIBERTSITATEKO ZIENTZIA MUSEOA

 

Bilbo Zientzia Plaza (BZP) EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako zientzia-dibulgazioko ekimena da, Euskampus Fundazioaren laguntzarekin eta Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, Donostia International Physics Center (DIPC), EITB eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoa erakundeen babesarekin.

Programatutako ekitaldi guztiei buruzko informazioa Bilbo Zientzia Plaza (BZP) jaialdiaren webgunearen bidez jakin daiteke: bzp.eus.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA