Zubieta Lanbide Eskola

Zubieta, 50 urtez etengabe berritzen

50. urteurrenarekin batera, Zubieta Lanbide Eskolak etapa berri bati hasiera eman dio, betiko balioei eutsita: adimena, osasuna, jasangarritasuna eta nazioartekotasuna.

Zubieta Lanbide Eskola
Zubieta Lanbide Eskola hezkuntza eta teknologia berrikuntzan erreferentzia eta aitzindaria den ikastetxea da. ZUBIETA LANBIDE ESKOLA
2026ko maiatzaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zubieta Lanbide Eskola mugarri berezia ospatzen ari da aurten: 50 urteko ibilbidea. Urteurren horrekin batera, etapa berri bati hasiera eman diote izen eta irudi berriarekin: Zubieta Lanbide Eskola. Marka berritua dute, baina betiko balioei eutsita: adimena, osasuna, jasangarritasuna eta nazioartekotasuna. Horrela, 2025-2026ko ikasturtea bereziki dinamikoa izaten ari da. Ikasle kopurua nabarmen handitu da, eta irakasle eta langile taldea ere bai. Era berean, langile eta langabetuentzat arratsaldez eskaintzen diren ikastaroek harrera oso ona izan dute, eta ikastetxea etengabeko prestakuntzarako erreferente bihurtu. 

Zubieta Lanbide Eskolak zazpi arlo hauetako zikloak eskaintzen ditu: administrazio eta kudeaketa, elektrizitatea eta elektronika, energia eta ura, fabrikazio mekanikoa, ostalaritza eta turismoa, informatika eta komunikazioak, eta instalatze eta mantentze lanak. 

Erdi mailako zikloak hauek dira: administrazio kudeaketa, instalazio elektrikoak eta automatikoak, hozteko eta girotzeko instalazioak, beroa sortzeko instalazioak, mekanizazioa eta mantentze lan elektromekanikoa. 

Goi mailako zikloak, berriz: administrazioa eta finantzak, automatizazio eta robotika industriala, fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa, fluido instalazioen eta instalazio termikoen mantentzea, energia eraginkortasuna eta eguzki energia termikoa, energia berriztagarriak, plataforma anitzetako aplikazioak garatzea, web aplikazioak garatzea eta jatetxe arloko zerbitzuen zuzendaritza. Azken ziklo horrek etorkizun oparoa du, eta kalitatezko prestakuntzaz lantzen da.

Halaber, espezializazio ziklo hau egin daiteke: industria mantentzearen digitalizazioa. 

Ikasleen garapen integrala ere Zubieta Lanbide Eskolaren lehentasunen artean dago. Horren adibide da erdi mailako ikasleekin lantzen duten adimen sozio-emozionaleko PRO programa, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatearekin elkarlanean garatua. Urteetako esperientziaren ondoren, gaur egun modulu propio bihurtu da, eta ikasle guztiek parte hartzen dute komunikazioa, gaitasunak intrapertsonalak eta gaitasun interpertsonalak lantzeko.

Zubieta Lanbide Eskola 1975ean sortu zen, eskualdeko gazteen prestakuntza bermatzeko eta lan beharrei erantzuteko helburuz. Hasiera xumea izan zuen, baliabide gutxirekin baina konpromiso handiarekin: lehen tailerrak parrokiako lokaletan jarri ziren martxan, eta komunitate osoaren inplikazioari esker egin zuen aurrera proiektuak. 

Urte gutxiren buruan, egungo eraikina inauguratu zuten Zubietan (Gipuzkoa), eta ordutik etengabeko hazkundea izan du, prestakuntza eskaintza zabaltzen, ekipamenduak modernizatzen eta inguruko enpresekin harremanak sendotzen. Aitzindaria izan da enpresetako praktiketan, nazioartekotzean eta berrikuntzan. 

Gaur egun, hezkuntza eta teknologia berrikuntzan erreferentzia da ikastetxea, eta eskualdeko garapen sozial eta ekonomikoan funtsezko eginkizuna betetzen du. Irudi berriarekin hasi dute etapa berria, baina duela 50 urteko ilusio bera dute oraindik ere: etengabe aldatzen ari den gizartearen erronkei aurre egiteko prest dauden pertsonak heztea. 

Energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa

Aipagarria da energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen duela Zubieta Lanbide Eskolak. 2022-2023ko ikasturtetik energia berriztagarrien arloko Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen Sareko kide da, eta urte hauetan ikastetxea benetako energia laborategi bizi bihurtu da, non instalazio errealak ikaskuntza tresna bilakatu diren. Campus osoan banatutako instalazio fotovoltaiko sareari eta 200 kWh-ko biltegiratze sistemari esker, ikastetxeak bere energiaren zati handi bat sortzeko eta kudeatzeko gaitasuna lortu du. Azken urteotan autokontsumoa etengabe handitu da, eta gaur egun urteko kontsumoaren ia %50 berriztagarrien bidez sortzen da, udaberri eta udako hilabeteetan %85era iritsiz. Aldi berean, sare elektrikotik erositako energia %60 baino gehiago murriztea lortu da. 

Azken urtean egindako berrikuntzen artean nabarmentzekoa da transformazio zentro berria martxan jartzea, ikasleek banaketa elektrikoko instalazio errealekin lan egiteko aukera izan dezaten. Instalazio horrekin batera, goi tentsioko lineen eta posteen praktikagunea ere sortu da, non ikasleek altuerako lanak, segurtasun prozedurak eta mantentze teknikak baldintza errealetan lantzen dituzten. 

Energia eolikoaren arloan ere urrats garrantzitsuak egiten ari da ikastetxea. 130 kW-ko aerosorgailu didaktiko baten instalazioa martxan dago, eta ikasleek turbina baten funtzionamendua eta energia eolikoaren sorkuntza prozesu osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. 

Azpiegitura horiek guztiek ekarpen nabarmena egiten diote ingurumenari, eta ikaskuntza ingurune paregabea bihurtzen dira ikasleentzat: datu errealekin lan egiten dute, instalazio energetikoak monitorizatzen dituzte, eta gaur egungo sektore energetikoan erabiltzen diren teknologia eta tresnekin trebatzeko aukera dute. Horrela, Zubieta Lanbide Eskola erreferentzia bihurtu da energia trantsizioarekin lotutako prestakuntzan. 

Aurrematrikularako datak

Aurrematrikulazioa maiatzaren 4tik 22ra egin daiteke. Argibide guztiak telefonoz (943-36 46 00) eta posta elektronikoz (eskola@lhzubieta.eus) jaso daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA