Hego Euskal Herriko gidariek ezingo dute orduko 110 kilometroko abiadura gainditu autobideetan eta autobietan etzi hasi eta, gutxienez, ekainaren 30 arte. Espainiako Gobernuak aurreko asteko ostiralean hartu zuen erabakia, baina atzo zehaztu zuen behin-behineko iraupena. Lau hilabete luzatzeko aukera aipatu du, petrolioaren krisiak oraindik jarraitzen baldin badu.
Petrolioa aurreztea izan da Espainiako Gobernuak erabili duen argudioa gidariak polikiago joatera behartzeko. Haren esanetan, neurri horrekin gidariek diru asko aurreztuko dute: %15 gasolina kontsumitzen duten autoak dituztenek eta %11 gasolioa behar dutenak dituztenek. Hainbat adituk, ordea, zalantzan jarri dituzte datuak, eta benetan aurreztuko dena %3-4 izango dela erantzun dute.
Espainiako Gobernuak aurreko asteko ostiralean hartu zuen erabakia, Ministroen Kontseiluan. Neurri gehiago ere onartuko zituela esan zuen, eta atzo onartu zuen energia aurrezteko plan osoa. Planak hogei neurri ditu eta tartean dago abiadura mugarena. Planaren arabera, 1.151 milioi inbertituko dituzte eta 2.300 milioi euro aurreztu, petroliotan (28,6 milioi upel).
Neurri garrantzitsuena argiteria publikoari buruzkoa da: alde batetik, 200 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan ohiko bonbillen ordez kontsumo txikikoak jarriko dituzte; bestetik, bost urtean 25.000 biztanletik gorako hirietan argiteria publikoa aldatuko dute, eraginkorragoa izan dadin eta energia gutxiago gasta dezan.
Hirietan argindar enpresek bere gain hartuko dituzte aldaketa eta aldaketak eragindako inbertsioa, eta Miguel Sebastian Industria ministroak zehaztu zuen ez duela kostu zuzenik izango herritarrentzat. Baina kostua izango du, argindar konpainiek aldaketarekin aurreztea lortzen denaren zati bat kobratzen baitute.
Argindar konpainiak sortzeko eta laguntzeko 600 milioi euroko diru saila onartu dute.
Gurpilak aldatzeko laguntzak
Aste honetan, Luis Murgia RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko aholkulariak BERRIAri esan dio abiadura muga aldatzea baino eraginkorragoa dela autoetako gurpilen presioa zaintzea. Espainiako Gobernua ez da horraino iritsi, baina abian jarriko du pneumatikoak aldatzeko plan bat. Pneumatikoak aldatzen dituzten gidariei hogei euro emango dizkie gurpil bakoitzeko, betiere A kalifikazio energetikoa duten gurpilak jartzen badira.
Garraio publikoari dagokionez, Espainiako Gobernuak jada esan zuen Renferen aldirietako eta distantzia ertainetako bidaia txartelak %5 merkatuko dituela. Atzo gehitu zuen diru laguntzak emango dizkiela 20.000-50.000 biztanle arteko hiriei, autobusentzako bideak eta bidegorriak egiteko. Betiere hiri horiek mugikortasun iraunkorrerako planak badituzte. Laguntzak Espainiak emango ditu, baina dirua Europak jarriko du.
110eko abiadura muga, gutxienez etzitik uztailera arte
Espainiako Gobernuak herri txikietako eta hirietako argiteria aldatuko du, energia aurrezteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu