Dudarik bazen oraino funtzio publikoaren ase orokortuaz, baretu dituzte gaur intersindikalak deitutako manifestazioan, Baionako karriketan: 1.200 pertsona inguru batu zaizkio mobilizazioari, zerbitzu publikoetarako baliabide gehiagoren aldarrikatzeko. Irakasleak, funtzionarioak, trenbideetako langileak, osasun zerbitzuetakoak, baita suhiltzaileak ere, besteak beste. «Defenda ditzagun zerbitzu publikoak. Dirua lansarientzat, erretretarentzat, zerbitzu publikoentzat», jartzen zuen banderola batean.
Aldarriak ez dira Ipar Euskal Herrikoak soilik, Baionako manifestazioaz beste Frantzia osoan ere antolatu baitituzte. Ezantzaren prezioaren gorakadak azken aste hauetan markatu duenez, inflazioa goia jotzen ari da. Eta, egoera halakoa izanik ere, Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak funtzio publikoko lansari indizearen blokeatzeko asmoa iragarri du datorren urteko aurrekontuari begira.
Zehaztu behar da 2017tik agente publikoen lansari indizea berritan baizik ez dela berrikusi, %5 igota, guti gorabehera. Horren parean, inflazioa %24 igo da, Insee estatistika agentziaren arabera. Hala, sindikatuek indizearen berrikusteko eskatu dute.
Langile eskasia
Ibilbidea geltokiko plazan abiatu da Baionan, zerbitzu publikoen aitzinetik iraganez: herriko etxetik, zergen bulegotik, suprefeturatik, komisariatik eta ospitaletik. Hain zuzen, bertan bukatu dute protesta sindikatuetako kideek eta herritarrek. Horien artean izan da Xan Brialy Baionako ospitaleko erizain eta LAB sindikatuko ordezkaria. «Funtzio publiko guzia babesteko» atera da kalera, «zerbitzu guziek zailtasunak dituztelako», eta, nola ez, baita ospitalekoek ere. «Lan baldintzak okertzen dira, langileen kopurua apaltzen ari da, jendeak ihes egiten du ospitaletik...».
Gero eta zailagoa omen da «lurralde guzietan eskubide bera izatea», eta hori «onartezina da», haren ustez. Kopuru zehatzik ezin izan du eman Baionako ospitaleko langile eskasiaz, baina segurtatu du «asko» falta direla, «%10 baino gehiago egunerokoan». Zerbitzuen arabera izaten da hori, zehaztu duenez.
«Ez gara entzunak»
Manifestazioan izan dira laguntzaile sozialak ere, bost emazteko talde bat, adibidez. «Gure lanari ez diote aitorpen berezirik ematen. Bizia kariotzen da, baina gure lansariak ez dira iragaten... Geroz eta lan gehiago betetzea galdegiten digute, gainera. Baldintzak txartzen dira, eta lana geroz eta zailagoa da». Bata bestearen erranaldiak osatzen ibili dira bostak, begitartea serio eta mintzamoldea akiturik.
Etxez etxe joan ohi dira egunerokoan, prekaritate sozialean daudenak nola edo hala artatzera. Bertatik hasten da haien prekaritatea ere: «Norbere autoan goaz etxeen itzulia egitera. Ezantza sekula baino karioagoa da, baina ez da hori bakarrik, autoak andeatzen baitira eta konpondu behar baitira. Biziki zaila da». Haien ustez, beraz, «ez da kasualitatea gazterik ez bada lan horietara hurbiltzen», lanbideari ez baitzaio baliorik ematen; «lan ederra da, alta», bokazio lana, adierazi dutenez. «Haserre gara, eta adierazi behar dugu hori. Horregatik gara hemen, ikus gaitzaten; baina ez gara entzunak, bestalde».
Baionako Paul Bert lizeoko ikasleak saldoan bildu dira. Ez da ohikoa hain jende gaztea ikustea intersindikalaren manifestazioetan, baina funtzio publikoaren aldarriek hunkiak sentitu dira honetan, irakaskuntzari ere zuzenki eragiten baitiete eskasiek. Lizeotarretarik batek salatu du «irakaslerik aski ez» dutela, «jasanezinak bilakatuak diren beroaldi denboretan lan eginarazten» dituztela, eta «Parcoursup sistema hertsagarria» erabiltzera bortxatuak direla. Hots, «zerbitzu publikoko gabeziek irakaskuntzari ere eragiten» diotela.
