2008tik hazkunde ekonomikoa enpresek profitatu dutela ondorioztatu du ELAk

Sindikatuaren azterketa baten arabera, Hego Euskal Herrian soldata errealak %2,9 besterik ez dira igo azken hamazazpi urteetan. Ondorio nagusietako bat da enpresek etekinak lortzeko gaitasuna bi halakotu egin dela iragan hamarkadan.

ELAk gaur egindako aurkezpenean, Bilbon. ELA SINDIKATUAK UTZIA.
ELAk gaur egindako aurkezpenean, Bilbon. ELA SINDIKATUAK UTZIA.
joxerra senar
2026ko martxoaren 9a
16:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lapurreta antolatu bat da hau». Baieztapen irmo horrekin laburtu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak 2008tik hona aberastasunaren banaketan gertatutakoa. Hego Euskal Herrian, barne produktu gordina %39 handitu da epe horretan, eta, inflazioak jarduera ekonomikoa baldintzatu badu ere, hazkunde hori batik bat enpresek eta haien jabeek profitatu dute, ELAren arabera; aldiz, soldatak %2,9 baizik ez dira igo garai horretan. 

2008tik 2024ra bitarteko Hego Euskal Herriko hazkunde ekonomikoa eta soldaten bilakaera sakon aztertu ditu ELAk, eta txostenaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte Lakuntzak eta Aitor Murgia Azterketa Bulegoko arduradunak, gaur, Bilbon. Nahiz eta urte horietan guztiotan finantza krisiak, pandemiak eta Ukrainako gerrak lorratz sakona utzi euskal ekonomian, ELAk epeka banatu du hamazazpi urte horietan gertatutakoa.

2008tik 2018ra bitartean metatu zen inflazioa (%11) batik bat kanpoko faktoreen ondoriozkoa izan zen. Dena den, enpresek lortu zuten kostuen igoera euren prezioetan ez islatzea eta «soberakinei eustea eta handitzea ere». Nola? Batik bat lan kostuak kontrolpean izanda. Hala, hamarkada horretan soldatak batez beste %0,9 baizik ez ziren igo: Hegoaldeko aberastasunaren banaketa orokorrean, langileen tarta puska 1,7 puntu murriztu zen, eta enpresaburuena, berriz, 0,9 handitu.

Ondorengo sei urteetan inflazioa are handiagoa izan bada ere (%19koa), enpresek gaitasuna izan zuten prezioak igotzeko euren balio erantsiari kalte egin barik, eta, ondorioz, «negozio marjina estutzea saihestu» zuten. Dena den, epe horretan, langileen soldatak %26 handitu dira, besteak beste gutxieneko soldata nabarmen handitu duelako Espainiako Gobernuak eta pandemiaren ondoren lan errentak babesteko babes neurriak ezarri direlako.

Enpresen azken hamar urteetako diru sarreren egitura hartuta, joera oso argia da, ELAren arabera: langileen soldatak berdin mantendu dira —fakturazioaren %14 inguruan—, baina tarte horretan errentagarritasuna «ia bikoiztu» egin da —2015ean diru sarrerekiko %7,5 zen, eta 2024an, %13,2—. Murgiaren arabera, hori funtsean 2010eko eta 2012ko lan erreformen ondorio izan zen. «Soldatetan galera eragin dute, eta langile klaseak oraindik ez du berreskuratu».

25.582

Langileen erdiak, hortik behera. Hego Euskal Herriko soldaten egituran, ondorio oso argi bat utzi du azterlanak. Langileen %50ek 25.582 eurotik beherako soldata jasotzen dute urtean. Hala, soldata apalenak dituzten langileen %10ek 8.115 euro baino gutxiago jasotzen dituzte, eta soldata handienak dituztenen %10ek, 849.082 eurotik gora. 

Horrek eragin zuzena izan du soldaten egituran. Izan ere, arrakala handitu egin da errenta apaleneko eta handieneko herritarren artean. «Soldata handienak dituztenen %10ek soldata apalenak dituztenen %10ek baino lau aldiz gehiago irabazten dute», azaldu du Lakuntzak. Are gehiago: azterlanak agerian utzi du jauzi handia dagoela errenta handienak dituzten herritarren eta gainerako guztien artean. «Soldata desberdintasuna ez da lineala, egitura polarizatu baten ondorioa baizik». 

Diru sarreren egitura ere aldatu egiten da errenta mailaren arabera. Errenta apalenak dituztenen artean, soldataren pareko garrantzia dute gizarte babeserako laguntzek. «Tarte horietan, soldatak eta norberaren konturako lanak iraupenerako diru sarrera gisa funtzionatzen dute», dio ELAk txostenean. Herritarren gehiengoari dagokionez, berriz, soldatak dira diru sarrera nagusia, eta haien behar materiala enpleguari lotuta dago. Aldiz, egoera erabat aldatzen da aberatsenen artean, haien artean kapitalaren etekinek eta ondareak garrantzi handiagoa hartzen dute eta. 

Horrek, aldi berean, erabat baldintzatzen du herritarren kontsumoa. Errenta apalena duten herritarrek etxebizitzarako eta elikadurarako erabiltzen dute irabazitakoaren parterik handiena. Aldiz, zenbat eta errenta handiagoa izan, orduan eta gehiago erabiltzen da aisialdirako eta bestelako gastuetarako. Horrek, baina, herritar zaurgarrienak are ahulago bilakatzen ditu inflazioari begira, normalean KPIren batezbestekotik gora igo direlako elikadura eta etxebizitza.

Emakumeen egoera

Genero arrakala ere aztertu du ELAk. Emakumeek batez beste gizonezkoek baino 5.015 euro gutxiago jasotzen dute, eta hori askotariko faktoreen ondorio dela uste du sindikatuak. Batetik, urtean batez beste 1.477 ordu lan egiten dituzte, gizonezkoek baino 139 ordu gutxiago. «Oso lotuta dago zaintza lanen banaketa desorekatuarekin. Emakumeek ordu gutxiago dituzte ordainduak, eta ez dute hainbesteko aukerarik aparteko ordu gutxiago izateko; horrek urteko ordainsaria mugatzen die».

Baldintza beretan ere, «emakumeei eta gizonei ez zaie berdin ordaintzen». ELAren arabera, prestakuntza maila handia izateak soldata hobea dakar gizonezkoentzat; aldiz, eragin hori «ahulagoa» da emakumeen artean eta neurri txikiagoan dakar soldata hobea prestakuntza maila onak. Enpresek lanaldi osoa eta prestasuna saritzen dute, eta zaintzari lotutako lanaldi partzialek emakumeen soldatetan eragiten dute, «ordu gutxiago lan egiteaz gain esperientzia ere gutxiago baloratzen zaielako». 

GuTXIENEKO SOLDATARI BURUZKO LEGEAREN ALDE

EH Bilduk eta Geroa Baik bultzatuta, Nafarroako Parlamentuan gutxieneko soldata propioari buruzko lege proposamena eztabaidatuko da ostegunean. Garai berezian dator, martxoaren 17ko grebaren atarian. Horri begira, gaur goizean, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek legea aurrera atera dadila eskatu diete gainerako alderdiei. «Helburua da Nafarroak eskumena izatea bere gutxieneko soldata ezartzeko». Foru legea aurrera aterako balitz, beste lege bat onartu beharko litzateke Espainiako Kongresuan autonomia erkidegoei gutxieneko beste soldata bat ezartzeko aukera baimentzeko. «Aukera egingarria da, legezkoa eta zentzuzkoa», azpimarratu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA