2013rako aurrekontu «oso gogorrak» iragarri ditu Agirrek

Zergak igo ezean, kontuak orekatzeko bide bakarra oinarrizko zerbitzuetan murriztea izango dela iradoki du Ekonomia sailburuakZikloa atzeratu eta hazkundea espero baino geroago hasiko dela uste du gobernuak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
2013. urterako aurrekontua prestatzea ez da Carlos Agirre jarduneko Ekonomia eta Ogasun sailburuaren eginbeharra izango. Hala eta guztiz ere, EAJk osatuko duen gobernu berriak aurrekontu «oso gogorrak» egin beharko dituela ohartarazi du, zerga bidez diru gehiago biltzeko erreformarik ez bada egiten, gutxienez.

Uztaila eta iraila bitartean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak izan zuen garapenari buruzko agerraldia eskaini zuen atzo Agirrek, Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan. Agerraldi hori izango da ekonomiaren egoeraz hitz egiteko sailburu gisa propio egingo duen azkena, gainera.

Iñigo Urkulluren gobernuak aurrean izango duen egoerari buruz mintzatu zen Agirre. Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenak betetzen badira — 11.825 milioi biltzea— , ez da lan erraza izango aurrekontua orekatzea. Aurtengo kontuekin alderatuz, gutxienez 700 milioi euro gutxiago izango ditu gastatzeko heldu den urtean.

«Gobernu berriak erabaki beharko du nondik kendu», argudiatu zuen Agirrek, balizko neurriei buruz galdetu ziotenean. Hori bai, politika sozialak eta segurtasuna gastuaren %80 inguru direla nabarmendu zuen, eta diru horretatik asko, langileen nominak. Inbertsioa are gehiago murriztuta ere ez dagoela egin beharko den tamainako murrizketa egiterik iradoki zuen.

Alternatiba zerga politikan legoke. Bizkaiko Foru Aldundiak atzo bertan iragarri zuen erreformak eta beste neurri batzuk gobernuaren estutasunak arinduko lituzkete. Ondare zergan aldaketak egin nahi ditu Bizkaiak, eta horretan ere aldaketak martxan ditu Gipuzkoak. «Finantzen Kontseiluan aintzat hartu ez ziren zenbait gauza ari dira sartzen, etahoriek guztiek zerga bilketatik tiraka egingo dute».

Aurtengo aurrekontu egoerari buruz ere azalpenak eman zituen Agirrek. Gaur egun dituzten konpromisoak eta dirua ikusita, ezarritako defizit muga (%1,5) «aise» betetzeko moduan daudela berretsi zuen. Urte arrunt batean ere aurrekontuaren %5 inguru erabili gabe geratzen dela gogoratu zuen. Iaz, 611 milioi euro. Edonola ere, aurtengo kontuen itxiera finkatzea Jaurlaritza berriaren ardura izango da, halaber.

Aurreikuspen aldaketa

Kontu ekonomikoei dagokienez, joan den astean datu nagusiak aurreratu zituen Eustat Euskal Estatistika Erakundeak. Uztailetik irailera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %0,4 erori da aurreko hiruhilabetearekin alderatuz, eta %1,3 urte arteko tasan. Atzo, kontu ekonomikoen xehetasunak argitu zituen Eustatek. Eraikuntzan eta industrian jaitsiera esanguratsuak izan dira, eta zerbitzuen ekarpena ere negatiboa izan da, aspaldiko partez. Eskaeraren aldetik, barne eskaerak atzera egin du, batez ere administrazioen kontsumoa nabarmen murriztu delako (%3 urte arteko tasan). Familien kontsumoa apur bat suspertu da, baina hazkunde hori soilik BEZaren igoerari aurrea hartzeko aurreratu diren erosketei zor zaiela uste du gobernuak.

Ziklo ekonomikoa atzeratzen ari dela ondorioztatu du Ekonomia Sailak. Hala, 2012. urtearen amaieran barne produktu gordina %1,2 erortzea kalkulatu bazuen ere, azkenean jaitsiera apur bat arinagoa izango dela espero du, hamarren bat edo bi. Aldiz, datorren urterako aurreikuspena berraztertu beharko du aurki gobernuak.

2013. urtean %0,8 atzera egitea zen azken aurreikuspena, Agirrek zuzenean esan ez bazuen ere, erorketa handiago bat jakinarazi beharko du luze gabe gobernuak. Urte arteko tasan hazkundea ez da datorren urteko azken hiruhilabetera arte itzuliko. Behintzat, gorabidea urteko bigarren erdiarekin batera martxan jartzeko itxaropena du jarduneko sailburuak. «Erabiltzen ditugun ereduek esaten digute hor hasiko garela ateratzen».

Edonola ere, Europako Batasunean hartu diren erabaki politiko eta ekonomien menpe dagoen susperraldia dela ere nabarmendu zuen Agirrek. «Lehenago edo geroago ateratzea, eta susperraldiaren abiadura nolakoa izango den erabaki horien araberakoa izango da»:

Oraingoz, ez da giro enplegua sortzeko. Aurten 21.000 lanpostu baino gehiago galtzea da Jaurlaritzaren aurreikuspena, eta heldu den urtean beste 15.000 galduko dira, gutxienez. Krisia hasi zenetik lanpostuak %13 murriztu dira, eta enplegua orain dela zortzi urteko kopuruetan dago.

Funtzionarioen ordaina

Beste egiteko bat ere zintzilik du gobernuak agintea utzi baino lehen: funtzionarioen aparteko ordaina. Gabonetako saria langile publiko orori atxikitzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak. Jaurlaritzak saria ematearen alde egin du, eta auzitegietara ere jo du horren alde. Auzia bideratzeko bilera bat egingo du laster Jaurlaritzak Madrilekin. Horretan egoera argitzea espero du Agirrek. «Ez diogu arazoa hurrengo gobernuaren mahaian utzi nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.