Kontu ekonomikoak

2024 hasieran hazkundea gelditzea espero du Nafarroako Gobernuak

Ekonomia moteltzen ari den arren, aurten BPGa %1,7. handituko dela ziurtatu du Arastik, aurrez kalkulatu baino hiru hamarren gehiago

jarraia234462.jpg
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 27a
09:54
Entzun

Urratsez urrats, moteltzen ari da Nafarroako ekonomia ere. Urteko lehen bi hiruhilekoetan %0,3 hazi zen, baina hirugarrenean hamarren bat gutxiago hazi da, %0,2. Gelditu, ordea, datorren urtearen hasieran geratuko dela iragarri du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.

Gobernuaren aurreikuspen berriak betetzen badira, 2024ko lehen erdian hazkunde «ia-ia laua» izango du Nafarroako barne produktu gordinak, eta «modu progresiboan» itzuliko da hazkundea urteak aurrera egin ahala.

2024. urterako, %1,3ko hazkundea espero du orain Nafarroako Gobernuak. Aurtengoaren azpitik izango da, Arastik aurreratu baitu %1,7ra helduko dela. Iazko koadro makroekonomikoan aurreikusi (%1,4) baino gehiago da, eta bat egiten du hirugarren hiruhilekoan gertatutakoarekin.

Industria, pattal

Nastaten arabera, industriak eta merkatuko zerbitzuek «dinamismo txikiagoa» izan dute uztailetik irailera, eta horrek berekin ekarri du ekonomia osoaren moteltzea. Kontu ekonomikoen datu zehatzagoak abenduaren 22an argitaratuko ditu estatistika erakundeak, eta orduan ikusiko da zenbat egin duen atzera industriak. Bigarren hiruhilekoan %4,2 uzkurtu zen, sektore hori ari baita gehien nozitzen inflazio handia euroguneko ekonomiari eragiten ari zaion motelaldia.

Horrekin lotuta dago esportazioen erorikoa ere. Abuztu arte %3,5 gutxitu da esportazioen balioa, jaitsiera handia izan baitu autoen esportazioak (-%22,1).

Beste sektoreei dagokienez, Arastik onartu du turismoak bultzada bat eman diola udan zerbitzuen atalari, baina gaineratu du salmentak 2022koen azpitik daudela oro har.

Eskariaren aldetik, Nastatek nabarmendu du kontsumoak hazkunde erritmoari eusten diola, baina Arastik ohartarazi du maila apala emango duela hurrengo hiruhilekoetan, inflazioaren eta interes tasa handien ondorioz.

EAEn ere, %0,2

Nastaten datuek bat egiten dute Eustatek aurreko astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoari buruz esandakoekin. Izan ere, hiru lurralde horietan ere %0,2 hazi zen BPGa hiruhileko arteko tasan. Urte arteko tasa, berriz, hamarren bat txikiagoa da (%1,6).

Hazkundea pixka bat handiagoa da Espainian: %0,3 hiruhileko arteko tasan, eta %1,8, berriz, urte artekoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.