2025ean Euskal Herrian lanean hildako lau langiletik bat garraiolaria zen

Lan istripuen prebentzio legea «porrota» dela salatu dute sindikatuek, erakunde publikoek ez baitituzte enpresak behartzen neurriak hartzera.

Iazko martxoan Fiteron izandako lan istripu larria. Bi kamioik elkar jo zuten, eta lau gidariak hil ziren. VILLAR LOPEZ / EFE
Iazko martxoan Fiteron izandako lan istripu larria. Bi kamioik elkar jo zuten, eta lau gidariak hil ziren. VILLAR LOPEZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko otsailaren 10a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

84 lagun hil ziren iaz lanean ari zirela. Hori dio LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek batera eginiko datu bilketak. 2024an zenbaturikoak baino hogei gehiago dira, eta 2023an zenbaturikoak baino 25 gehiago. Datuak aletzen hasita, deigarria da garraiolari kopurua: 22 hil ziren guztira, horietatik bederatzi modu ez-traumatikoan —bihotzekoak, iktusak, zorabioak...—. Azken hamar urteetan 696 langile hil dira, eta sindikatuek salatu dute kopurua askoz txikiagoa litzatekeela prebentzio legea bete izan balitz.

Hildako garraiolarien kopuru handiaren arrazoiak aletu ditu Jon Altuna Hiru garraiolari autonomoen elkarteko ordezkariak: «Sektorea zahartzen ari da, eta adin batetik gora gaitzak izateko arriskua handitu egiten da, eta 40 tonako kamioi bat gidatzeko ahalmena gutxitu, batez ere lanegun luzeetan». Gehitu duenez, arriskua asko murriztuko litzateke baldin eta, sektoreak eskatzen duen bezala, garraiolarien erretiro adina 60 urtera jaitsiko balitz.

«Sektorea zahartzen ari da, eta adin batetik gora gaitzak izateko arriskua handitu egiten da, eta 40 tonako kamioi bat gidatzeko ahalmena gutxitu, batez ere lanegun luzeetan»

JON ALTUNA Hiru garraiolarien sindikatuko ordezkaria

Datu horretan eragin handia du iazko istripurik larrienak. Bi kamioik elkarren aurka jo zuten Fiteron (Nafarroa) martxoaren 5ean, eta lau gidariak hil ziren. Bulgariako senar-emazte bikote bat eta Eslovakiako beste bat hil ziren ezbeharrean, eta kabinetan lau gidari baimen aurkitu zituzten. «Laurak ziren gidariak, eta kamioian bizi ziren», nabarmendu du Inko Iriarte LABeko lan segurtasuneko arduradunak: «Hemezortzi edo hogei orduko bidaiak egiten dituzte, txandakatuz. XXI. mendean bizi dugun esklabotza motetako bat da».

Lan istripuen inguruko txostena
Lan istripuen inguruko txostenaren aurkezpena. Erdian, hizketan, Inko Iriarte LABeko lan segurtasuneko arduraduna. ARITZ LOIOLA / FOKU

Iriartek salatu du, gainera, Fiteroko lau hildakoak ez direla agertuko Euskal Herriko inongo datu ofizialetan, Osalanek eta Noploik —Hego Euskal Herrian lan istripuak aztertzen dituzten erakunde publikoek— ez dituztelako zenbatzen Euskal Herritik kanpo bizi diren langileen heriotzak. Ez da sindikatuen eta erakunde ofizialen arteko alde bakarra; izan ere, Osalanen eta Noploiren arabera 44 langile hil ziren iaz —30 Araba, Bizkai eta Gipuzkoa eta hamalau Nafarroan—.

datuak

9

Zenbat ziren azpikontrataturikoak. Iaz hildako 84 langileetatik bederatzik azpikontrataturiko zerbitzuetan ziharduten. Sindikatuek salatu dute azpikontrata arrisku faktorea dela.

3

Zenbat baso langile hil ziren. Baso lanetan ziharduten hiru langile hil ziren iaz Euskal Herrian. Sindikatuek jardun horren arriskua nabarmendu dute, guztira mila bat langile baino ez dituen sektorea baita. Sektore kritikoetako heriotzak horrela banatu ziren: 22 garraioan, hamasei industrian, hamabi eraikuntzan, hiru basogintzan, bi nekazaritzan (traktorea iraulita). Beste hildakoek zerbitzuetan ziharduten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, sindikatuen eta Osalanen datuetan hogei heriotzako aldea dago. «Osalanek ez ditu zenbatzen garraiolari askoren heriotzak, heriotza ez-traumatikoak, in itinere gertaturikoak eta erkidego autonomoan izen emanda ez dauden langileenak. Esaterako, ez ditu aintzat hartzen herri lanetako azpikontratetan aritzen diren atzerritarrak», azaldu du Iriartek. Horrez gain datuak ezkutatzea egotzi dio Osalani, hildako kopurua murrizteko asmoz. Sindikatuek, berriz, Euskal Herrian hildakoak ez ezik, beste lurralde batean zeuden euskal herritarrak ere zenbatzen dituzte.

Absentismoaren iruzurra

Gaur 30 urte dira laneko arriskuen Espainiako prebentzio legea onartu zela, eta LABeko kideak salatu du datuek argi uzten dutela «porrot handi baten» historia dela. Legeak dio enpresek hartu behar dituztela neurriak, baina Iriartek ziurtatu du legea ez dela betetzen, erakunde publikoek horretara behartzen ez dituztelako: «Inpunitate osoz jarduten dute, ardurarik ez dietela eskatuko jakinda. Hemen langileak hiltzen gara, ez enpresariak». Nafarroako Gobernuak iazko udan eginiko ikerketa aipatu dute sindikatuek; ikerketa horren arabera, lurraldeko enpresen %80k ez dute prebentziorik egiten.

«Legearen arabera, prebentzioa enpresen ardura da, baina erakundeek ez dituzte behartzen, horregatik ez da betetzen. Inpunitate osoz dihardute. Hemen langileak hiltzen gara, ez enpresariak»

INKO IRIARTE LABeko lan segurtasuneko arduraduna

Sindikatuen kritika ez da hor amaitu, eta salatu dute patronalek darabilten «absentismoaren arazoa» iruzurra baino ez dela, prebentzio legea betetzen ez dela ezkutatzeko «ke gortina» baino ez. Hor «enpresariek duten aliatu baten» zeregina kritikatu dute: mutualitateak. Haiek egiten baitute istripu larrien eta arinen arteko entresaka: «Enpresa taldeak dira mutualitateak eta enpresen interesa defendatzen dute. Ez baitago inolako parametrorik istripu bat larria edo arina den zehazteko».

Mutualitateen eragina, dena den, nabarmenagoa da lan gaixotasunetan: «lan munduko iruzurrik handiena», Iriarteren esanetan. Lanaren eraginez sorturiko gaixotasunak Gizarte Segurantzara bideratzen dituztela salatu du, mutualitateen entresakaren arabera haien jatorria ez delako lana.

Minbiziaren inguruko datua eman dute sindikatuek: «2024an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, soilik 34 laneko minbizi aitortu zituzten. Munduko Osasun Erakundeak esana du laneko heriotzen %80 gaixotasunek eragiten dituztela eta minbizia dela multzo horretan langile gehien hiltzen dituen gaitza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.