364.000 langilek itunik gabe hasiko dute urtea Hego Euskal Herrian

Lan erreformaren ultraaktibitatearen atalak «segurtasunik eza eta judizializazioa» ekarri du lan harremanetara 2013. urteanLHKren arabera, 360.925 behargin daude itunik gabe; Nafarroan 3.000 inguru dira

xabier martin
2013ko abenduaren 31
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ultraaktibitatearen kontzeptua ulertu ez duen soldatapekorik ez zen geldituko Hego Euskal Herrian aurten. Ituna berritzen ez den bitartean sinatutako azkena indarrean dagoela zioen arau hori lurperatu du PPren lan erreformak, eta 2013. urtean islatu dira neurri horren ondorioak; uztailaren 7an, batetik, eta urte amaiera honetan, bestetik, ehunka itun iraungi direlako erreformaren arabera. Ultraaktibitate mugagabea baliogabetu, eta urtebetekoa jarri du indarrean erreformak, eta horrek «segurtasunik eza eta judizializazioa» ekarri du Lan Harremanen Kontseiluko presidente Tomas Arrietaren ustez, Eferi esan dionez.

Lan harremanak judizializatzea «kaltegarria da argi eta garbi», Arrietaren aburuz, baina LHK-k berak eman dituen azken datuei begiratzea baino ez dago auzitara jotzeko joera ulertzeko. 360.925 langilek itunik gabe hasiko dute urtea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Iraungitako 568 itunek arautzen zituzten langile horien baldintzak. Nafarroan 3.000 inguru daude inolako itunik gabe urte amaieran, baina beste 47.000 inguru enpresa edo probintzia hitzarmena galdu eta Espainiako itunetara pasatu dira, eta lan baldintzak nabarmen okertu zaizkie, hala soldatari nola lanaldiari begira.

Lan hitzarmenak berritzea benetan zaila gertatzen ari da azken hilabeteetan. Negoziazio kolektiboa erabat blokeatuta dago, patronalaren gehiengoak (Confebask eta haren bazkide SEA, Adegi eta Cebek) argi erakutsi duelako Madrilek onartutako erreforma bere osotasunean aplikatzeko borondatea dutela, eta sindikatuek ez dituztelako nahi arautegi horren alde kaltegarrienak.

Azaroan 340 itun zeuden berrituak LHKren datuen arabera, enpresako 273 eta 67 itun kolektibo, eta horiek babesa ematen diete 143.977 langileri Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Abenduan bederatzi hitzarmen besterik ez da berritu, eta azaroan hamar baino ez. Berritzen diren itunen artean gehiago dira enpresakoak itun kolektiboak baino. Datuek erakusten dutenez, lan harremanen arloak ez du sekula hain muturreko egoera bizi izan Euskal Herrian. «Elkarrizketa prozesuak eragileen artean oso konplexuak dira, eta ez dago baikortasunerako arrazoirik», dio Arrietak. «Ez dakit ez ote dugun akordioaren balioa ahaztu, hain da gogorra konfrontazioa une honetan».

«Ez da beste bat behar»

Rajoyren gobernu eskuindarrak bere gehiengoa baliatuta 2012an indarrean jarritako lan erreformak bigarren zatia izango du aurten. «Ez da beharrezkoa beste lan erreforma bat», dio Tomas Arrietak. LHK-ko presidenteak uste du erreformak ekarri duela oraingo egoera. «Erreformaren pitzadura anitzek eta zuloek ekarri dute segurtasunik eza». Horregatik dio ez dela bide horretan urrats gehiago egin behar. «Negoziazio kolektiboaren arazoak negoziazio kolektiboaren bidez konpondu behar dira, eta ez ebazpen judizialen bidez».

Madrilen justu kontrakoa diseinatzen ari dira, ordea; izan ere, jadanik oso ahul utzi dute negoziazio kolektiboa, eta erabat lurperatu dezakete arau berrien bidez. «Auzitegiek eman dituzten ebazpenei helegiteak jarri zaizkie, eta, beraz, ez dira behin betikoak», gogorarazi du Arrietak. Epaileak jokoz kanpo uztea izan daiteke lan erreformaren bigarren zatiaren neurri izarretako bat. Epaileek baliogabetu dituzten erregulazioen kasuak atzean uztea eta ultraaktibitatearen auzian erabakitzeko gaitasuna kentzea lirateke neurri berrien helburuetako batzuk, Confebaskek berak inoiz eskatu duen bezala.

Hain zuzen, patronalari mezu zuzena helarazi dio Jaurlaritzaren menpe dagoen erakunde horretako gidariak: «Ulertu behar da sindikatuei ezin zaiela eskatu lan gatazkari uko egitea besterik gabe, trukean beste zerbait eman gabe». Ohartarazi du «muturreko aldaketek» ondorio «oso txarrak» ekarriko dituztela lan baldintzetan, «justifikazio nahikorik ez dagoenean».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA