Lan merkatua

4.100 langabe gehiago eta 13.500 afiliatu gutxiago izan dira urtarrilean

2016az geroztiko urte hasierarik okerrena izan da 2020koa Hego Euskal Herriko lan merkatuan.

Lanbideren bulego bat, Ondarroan. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 4a
14:36
Entzun

Urtarrila negu gordina izan ohi da Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat, eta aurtengoaren eguraldi epelak ez du egoera hori aldatu. 2016az geroztiko daturik okerrenak eman ditu 2020ko urtarrilak: 4.161 lagun gehiago daude langabezian, eta 13.544 gutxiago lanean. Datu txar horiek Gabonetako kanpainaren amaierari lepora dakizkioke, zenbaki negatiboak zerbitzuen sektorearenak baitira.

Langabe kopurua lurralde guztietan handitu da, baina bereziki Bizkaian (+2.202). Gipuzkoan 764 langabe gehiago daude, 724 gehiago Araban, eta 674 gehiago Nafarroan. Edonola ere, azken lurralde horrek du datu kezkagarriena: iazko urtarrilean baino langabe gehien duen bakarra da (+293). Oro har, Hego Euskal Herrian, 2019an baino 2.808 langabe erregistratu gutxiago daude.

SEPEk emandako datuak INEren biztanleria aktiboaren inkestarekin erkatuz gero, langabezia tasa %11,28koa da Hegoaldean. Kopuru horretatik gora daude Araba (%12,61) eta Bizkaia (%12,51), eta behera, berriz, Nafarroa (%10,71) eta Gipuzkoa (%9,24). Uste zabalduen aurka, langabezia erregistratua handiagoa da inkestek zabaldutakoa baino.

Txarra izan da hilabetea lan merkatuaren egoera erakusten duen beste datuaren arabera ere: 13.544 lagun gutxiago daude afiliatuta Gizarte Segurantzan. Jaitsierarik handiena da 2016az geroztik —orduan 13.703 afiliatu desagertu ziren—. Nekazarien erregimenean besterik ez dira kotizatzaileak ugaritu (+199).  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.