55 urteko gizon bat hil da lan istripuz, Durruman

Atzo iluntzean hil zen Arabako etxalde batean, beharrean zela. Guztira lau behargin hil dira aste honetan.

Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat, artxiboko argazki batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat, artxiboko argazki batean. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2026ko martxoaren 28a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du 55 urteko gizon bat hil dela lan istripu batean. Atzo iluntzean gertatu zen ezbeharra, Durrumako (Araba) etxalde batean. Azaldu dutenez, 18:30ean deitu zuten handik istripuaren berri emateko; 55 urteko langilea istripuan bertan hil zen. 

Aste hau beltza izan da lan istripuei dagokienez. Izan ere, lau behargin hil dira egun gutxian. Atzo hildakoaz gain, 41 eta 58 urteko bi garraiolari hil dira aste honetan, Legution eta Gasteizen; beraz, Araban horiek ere. Eta 52 urteko langile bat hil zen atzo bertan Valtierran (Nafarroa) izandako istripuan. Abeltzaintzako hondakinak tratatzen dituen enpresa batean zendu zen hura, pala kargatzaile batek kolpe bat eman ondoren.

Hamasei langile

Atzokoa kontuan hartuta, urtea hasi zenetik hamasei langile hil dira LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, eta hamabi, berriz, ELAren arabera. Azken horrek nabarmendu du lan baldintza prekarioek lan istripuen eta gaixotasunen arriskua handitzen dutela. «Faktore nagusien artean daude lan erritmo handiak, prebentzioari buruzko prestakuntza falta eta baliabide eskasak. Horri gehitzen zaio kontrol instituzional eskasa eta araudia ez betetzea». ELAk gogorarazi du istripuak saihestu daitezkeela prebentzio neurriak hartuta, eta enpresariei zein instituzioei erantzukizuna bere gain har dezaten eskatu die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!