800 milioi euroren zuloa

Burtsan kotizatzen duten Euskal Herriko hemeretzi enpresatik hamahiruk galerak izan zituzten iaz. Tubacex suspertu egin da. 70.000 milioira hurbildu da Iberdrolaren balioa

800 milioi euroren zuloa.
Iker Aranburu.
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Urte gogorra izan da burtsan kotizatzen duten Euskal Herriko hemeretzi enpresarentzat. Haietako seiren akzioek bakarrik egin dute gora, eta galera oso handiak pilatu ditu mordo batek, %49 artekoak Aeternal Mentis Arabako zerbitzu teknologikoen enpresaren kasuan. Orotara, ia 800 milioi euroren kapitalizazioa galdu dute jaitsiera horren ondoren; hau da, duela urtebete baino 800 milioi euro gutxiago balio dute.

Galera are handiagoa izango zatekeen baldin eta Iberdrolak ez balu urte ona izan, energia garestiaren bidez irabazi mardulak lortzen ari da eta. Argindar konpainia da handiena Euskal Herrian egoitza duten enpresetan, bai fakturazio aldetik, baita burtsan duen balioaren arabera neurtuta ere; hari dagokio enpresa kotizatuen kapitalizazioaren erdia. Balio hori %5 handitu zen iaz, 69.538 milioi euroraino. Hau da, Bilboko enpresak Euskal Herriko BPGaren bi heren balio dituela; hiru laurden izatera ere iritsi zen 2019an, 74.300 milioi euroren balioarekin.

Iberdrolaren ondoren, BBVAk du kapitalizaziorik handiena, 33.974 milioi eurorena abenduaren 31n. Urtebetean mila milioi euroren balioa galdu du Bizkaian sortutako bankuak, nahiz eta beren akzioek %7,3 egin duten gora. Kontua da azken urtean zirkulazioan zeuden 637.000 milioi akzio erosi eta erretiratu dituela bankuak berak, haien balioa igo nahian. Interes tasak zeroan egon diren garaian bankuak irabaziak izateko gai izan diren arren, haien akzioak hondoratu egin ziren, eta azken hilabetean suspertu dira berriro, Europako Banku Zentralak interes tasak igotzen hasi denean.

Gamesa, kanpoan aurki

Siemens Gamesak osatzen du burtsan dauden euskal konpainia handien hirukotea —12.995 milioi euro balio du—, baina aurki jaitsiko da podium horretatik. Izan ere, azaroan abiatu zuen Siemens Energyk haren esku ez zeuden akzioak erosteko operazioa, eta abenduaren 19an itxi zuen, tituluen %92ren jabe zela. Hurrengo asteetan egingo duen akziodunen batzar batean erabakiko du burtsatik ateratzea.

Bide horri jarraitu zion Euskaltelek 2021eko abuztuan, MasMovilen esku geratu zenean. Mas Movil bera 2020an atera zen burtsatik, baina aurten itzultzeko asmoa du, Orangerekin enpresa bateratua sortzen duenean.

Iberdrola, BBVA eta Siemens Gamesa erraldoiekin alderatuta, enpresa txikiak dira burtsan dauden beste hamasei euskal enpresak. Gehienak industria konpainia klasikoak dira, askotariko sektorekoak: autogintzakoak (Gestamp eta Cie Automotive), beiragileak (Vidrala), hodigileak (Tubacex eta Tubos Reunidos), trengileak (CAF), botikagintzakoak (Faes Farma), papergintzakoak (Iberpapel), eta argindar azpiegituren egileak (Arteche).

Haietako askorentzat urte beltza izan da 2022a, hornidura arazoek, energia garestiak eta inflazio handiak haien kontuei kalte egin diete eta. Baina badira salbuespen nabarmenak ere. Tubacexek, esaterako, atzean utzi ditu aurreko urteetako galerak eta gatazkak —2021ean greba luzea egin zuten hango langileek—, eta irabazietara itzuli da, energia sektoreko inbertsioak berreskuratu ahala. Burtsan %33 egin du gora Laudioko enpresak.

Energiaren aldeko olatua ere hartu du Tubos Reunidosek, baina indar txikiagoarekin. Eskariak handitu ditu, eta, horri esker, galerak txikitu ditu, baina burtsan %12 egin du behera, eta 43 milioi euro baizik ez du balio, 2014an balio zuenaren hamarren bat.

Sendo dirau Viscofanek. Nafarroako bertako enpresarik handiena da Kasedakoa, eta elikagaiak biltzeko materialak egiten ditu. Iaz %5,8 egin zuen gora haren akzioak, eta 2.800 milioi euroren balioaren atarian dago. Ideia bat egiteko: horren heren bat balio du Gipuzkoako enpresa indartsuenak, CAFek.

Baina badira manufakturak ez diren enpresa kotizatuak ere. Neinor Homes etxe sustatzailea da —Kutxabanken higiezin aktiboak kudeatzen hasi zen—; Dominion ingeniaritza enpresa bat da; eta Gasteizko Aeternal Mentisek, berriz, adimen artifizialerako azpiegiturak hornitzen ditu.

Arteche izan zen burtsaratu zen azken euskal enpresa, 2021eko ekainean. Ez dago oraindik BME merkatu nagusian, enpresa txikien eta ertainen BME Growth indizean baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.